blogak

Irinmodo (1307-2017)

XVI. MENDEKO BATAIOAK (600. blog atala)



Uzarraga Santakutz gainetik.

Donostiako Elizbarrutian dagoen bataio-inskripzio zaharrena, Antzuolakoa da, Maria Madariaga herritarrari dagokio. 1498ko irailaren 2an bataiatu zuten Uzarragako Parrokian.

1563ko azaroaren 11n egindako Trentoko Kontzilio Ekumenikoaren XXIV. bilkuran, erabaki zuten parrokia bakoitzean bataiatutakoen erregistro bat eraman beharko zela aurrerantzean. Hasiera batean, bataioaren data eta lekua zehazten ziren erregistro horretan, baita bataiatuaren, gurasoen eta aita-ama pontekoen izen-abizenak ere. Hainbat mende geroago, aitona-amonen izen-abizenak eransten hasi ziren, bai aitaren aldekoenak, bai amaren aldekoenak. Orduan esan dezakegu, XVI. mendetik aurrera, badagoela herritarren erregistro edo errolda bat. Guk sakramentu liburu hauek erabiliko ditugu BATAIOAK zenbatzeko.

Gipuzkoan, XIV. mendean zehar biztanleen hazkuntza ahuldu egin zen eta hiri askotan biztanle- kopurua jaisten hasi zen. Bestetik, izurriak eta gerrek eragin zuzena izan zuten heriotza-kopurua izugarri handitzeko bai gaisotasunengatik eta gerrengatik; gainera, gerren ondorioz elikagaiak murriztu eta gosez hiltzen zirenak ere asko ziren. XV. mendearen erdialdean Euskal Herriko biztanleen kopurua hazten hasi zen eta hurrengo mendera arte iraun zuen hazkunde-prozesuak.

IRINMODO (1307-2020)Errukizko Amaren parrokia.

Dena den, hazkundeak bere muga izan zuen XVI. mendearen bukaeran. Izan ere, izurri bubonikoaren ondorioz, biztanle asko hil ziren. Honekin batera, esan behar da egoera ekonomikoa krisian sartu zela eta honek eragina izan zuela Euskal Herriko demografian. 

BATAIOAK XVI. MENDEAN ANTZUOLAN.-

Errolda edo biztanleen zerrenda fidagarririk ezean, ezinbestekoa da tokian tokiko bataio gorabeheretan oinarrituriko azterketak egitea, biztanleriaren garai jakin bateko bilakaera ezagutu nahi baldin bada. Gu geuk, esate baterako, XVI. mendean dauzkagun bataioa hartutako haurren agirietatik osatu ditugu ondorengo grafikoak. Beraz, ez dira jaiotakoak. Garai haietan (eta ez orduan soilik) ugariak izaten ziren bataiatu aurretik hiltzen ziren haurrak, eta hauek elizak ez zituen bataiatzen, beraz ez ziren sakramentu liburuetan agertzen. Ezin dugu zenbat izango ote ziren, baina pentsatzen dugu dezente izango zirela, kontuan izanda gainera jaiotza kopurua handia zela eta osasun nahiz garbitasun neurrian hutsak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07