blogak

Irinmodo (1307-2017)

UZARRAGARA LEHENDABIZKO TXIRRINDULARI IGOERA

Gaur arte, 2018ra arte, XLIV aldiz   egin da "Uzarraga igoera", nahiz eta lehendabizikoa 1961ekoa izan. Beraz, ez da urtero ospatu igoera hau. Hala ere, badakigu lehendabizikoa nola egin zen, zenbat denboran, zenbat kilometro, zenbat txirrindulari, zein izan zen irabazlea ere ...

Antzuolako Udalak (edo hobeto esanda, une hartan txirrindulari afizio handikoa eta aldi berean herriko alkatea zen Jose Iñurrigarroren ekimenez) eta Bergarako Kirol Taldeak antolatuta ospatu zen 1961eko urriaren 8an (domekan) lasterketa hau. Dena esatearren, froga honen bultzatzailea, baina, bergararra zen Honorio Agirregabiria izan omen zen, dirudienez Uzarraga asko maite zuena, batez ere bere eliza eta ingurua garai bateko tenplarioekin lotzen zuelako. Beraz, inguru oso esanguratsu horretan erabaki zuen txirrindulari froga hau antolatzea.

Jubenilen froga izan zen lehen hura. Motza: 42,5 kilometro (gaur 67 kilometro). Beraz, ez zuen luze iraun karrerak, 20 minutu pasatxo eskax (21:19). Denbora horretan ailegatu zen Juan Elorza, Touring taldekoa, batanaz beste 39,5 kilometro orduko eginez. Errenteri, Eibar, Arrasate, Hernaniko ... txirrindulariek hartu zuten parte. Ez asko: 22k. Tartean gerora txapeldun handia izango zen Txomin Perurenak, igoeran zorte handirik izan ez bazuen ere.

Arratsaldean, baina, 12 onenek beste froga bat egin zuten. Beraz, egun borobila izan zen ordukoa. Izan ere, 1962an berriro antolatu zen froga. 

Honatx garai hartako prentsan agertutako kronikak:


 DIARIO VASCO (10/10/1961)
 HOJA DEL LUNES (1961/10/09)
 
LA VOZ DE ESPAÑA (1961/10/10)
UDAL GASTU AGIRIAN AGERTZEN DA OROIGARRI BATEN GASTUA: "PARA LA PRIMERA SUBIDA A UZARRAGA". Akta eta akordioen liburua (1960-1965), 20. liburu sorta.

Iturriak:
 - Antzuolako Artxibo Historikoa
- HEMEROTEKA DIGITALA:
  • LA VOZ DE ESPAÑA
  • DIARIO VASCO
  • HOJA DEL LUNES

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07