blogak

Irinmodo (1307-2017)

UZARRAGAKO ESKOLA UMEEN OROITZAPENAK



Lausagarreta baserria

Zaharrenetik gazteenera 10 urteko aldia besterik ez daukate Josefinak (1940), Jose Luisek (1945), Maria Teresak (1948) eta Jose Antonio (1950) anai-arrebek.

Uzarraga auzoan, Lausagarreta baserrian jaio eta urtetan bizi izandakoak dira, nahiz eta gaur Jose Luis bertan bakarrik bizi. 1945 eta 1960 urte bitartean Uzarragako eskolaren gora beherez hitz egiteko elkartu gara jaiotetxean, Lausagarretan.

Egiari zor, gogoraztera `behartu ditut´ ia, oroitzapenak aspaldikoak izateaz gain, adin txikikoak izateak garai hartan, asko murrizten duelako lekukotza, izan ere 5-10 urte zituzten eskola garaiak gaur egunera ekartzea ez da batere ariketa mentala erraza. Aitortzen didaten bezala, “umeegiak giñen gauza askotaz akordatzeko”. Denborak ez du barkatzen, alajaina!
UZARRAGAKO ESKOLA UMEAK 

Lekukotzak bateratzeak baina, badu efektu enpatiko eta sinpatikoa elkarrizketan, eta horren bitartez esperientzia desberdinak partekatzeko eta erradiografia polifoniko bat (lau ahots dira) ateratzeko baliagarria izan da Uzarragako auzo eskolako neska eta mutilen bizipenak jasotzeko.

Has gaitezen, bada: 

“Goizeko 8:30ak inguruan jaiki eta pozik joaten ginen eskolara, ez genuen aitzakiarik jartzen eskolara ez joateko, eta batzuetan baserriko lanak ez egitearren, nahiago!

Ahalik eta txukunen eskolara joateko janzten gintuzten gurasoek. Amak ahalegina egiten zuen: nesken kasuan kopetak egin, lazotxoa jarri … Gurasoek ere garrantzi handia ematen zioten gu eskolara joateari, amak batez ere, aitak beste zeregin batzuk izaten zituelako baserrian.

Gosaldu, eta etxetik gertu Uzarragara dagoen bidea hartu eta 9:00etarako eskolan egoten ginen.

Txangalako, Uzarragako eta Lizarragako adin desberdinetako neska mutilak elkartzen ginen bertan, hasi bost urtetik eta 10 bat urte bitartekoak, gutxi gorabehera. Lizarraga auzotik baina, ez denak, batzuk kaleko eskolara joaten zirelako, baina Goitia, Goenaga, Lizarriturri, Lamariano, Iturbe … baserrietakoak Uzarragara etortzen ziren. Jauregi, Laskurain, Zumaeta, Bizkalatza … baserrikoak, berriz, kalera joaten ziren.

Hasiera batean jende gehiago joaten ginen, baina gerora dozenaka bat-edo joaten bukatu genuen.

Eskola unitarioa zen, bertan maila desberdinetako haurrak geundelako. Maisua, Jose Mari Agirre, aldi berean Uzarragako sakristaua ere bazena.

Eguerdian klasea eten eta bazkaltzera etxera joaten ginen. Txangalako batzuk, berriz, sakristauaren etxean zegoen tabernan gelditzen ziren bazkaltzen, etxetik ekarritakoa jaten (`Ugarrixakuak eta´). Bazkalostean, eta eskolara berriro 14:00etan sartu aurretik, jolasean ibiltzen ginen: mutilak batez ere pilotan, elizpean zegoen frontoian, eta neskak bada txilingiletan edota bule buleka ere.

Eskolatik arratsaldeko 4:00/4:30ak inguruan irteterakoan ere berdin jarraitzen genuen.

  Uzarragako elizpea, jolas lekua eta frontoiaren frontis-a aldi berean.

Oinarriko ikasketak ematen zituen maisuak. Irakurtzeari eta idazteari ematen zien garrantzia, eta oso ondo erakusten zuen. Idazteko behatza nola jartzeari garrantzi handia ematen zion, zuzen jarri behar izaten zen, bestela haserretu egiten zelako. Eta horrekin batera oinarrizko matematikak ere ematen genituen: batuketa, kenketa, biderketa (`con la prueba del nueve´, eta gaur ere Maria Teresak erabiltzen duena) eta zatiketak.

Baina hortik aparte Espainiako historia (“Fernando tercero el santo-eta”, Joseluis), aditzak (`verboak´) … eta zer esanik ez erlijioa ematen genituen.

Ez zen bereizketarik izaten neska eta mutilen artean; denok materia berdinak ikasten genituen, batera. Doktrinaren kasuan, berriz, guk geuk txikitan euskaraz ikasi bagenuen ere, Jaunartzerako erdaraz ikasi behar izan genuen (Jose Antonio).

Bere aita zena (Pedro Telleria), Elutsako Pedro Migel Iñarra, Benitxu-eta … izan zirela Josemariren lehendabiziko ikasleak.

Eta erabiltzen zen hizkuntzari buruz, esan, Josemarik euskaraz egiten zigula, baina materia guztiak erdaraz izaten zirenez ezer gutxi ulertzen genuen guk geuk irakurri eta esaten genuena, edo hobeto esanda zer ikasten genuen ere ez genekien, erdaraz ikasten genuelako.

Gainera ez genekienez kale umeen bezala erdaraz, Maristetara joateko beldurra ere izaten genuen (Jose Luis). Hala ere, garai batean euskaraz egitearren eraztunaren konturik-eta horrelako zigorrik ez dugu ezagutu Uzarragan.

Oso maisu ona eta lasaia zen, eta ez gintuen zigortzen. Diziplina mantentzeko ez zeukan arazorik. Hori bai, esku artean urrezko edo brontze kolorea zeukan erregela estu bat erabiltzen zuen, eta honekin eskuetan ukituak egiten gintuen esateko ondo idazten ari ote ginen, … baina belarrondokorik-eta, horrelakorik ez.

Eskolaren espazioa garai bateko eliza zaharraren sakristia zen. Gogoratzen gara bertan, hormetan, margotutako irudiak-eta zeudela. Koadroak ere bazeuden … baina politikarekin zer ikusirik zeukanik ez. Ezta maparik eta horrelakorik…

Egurrezko berogailua ere bai. Baita piano bat, arbel handi bat eta beste apartekorik ez.

Ezker aldetik hasita: Josefina, Maria Teresa, Jose Antonio eta Jose Luis Lausagarreta baserri aurrean


Binaka jartzen ginen horretarako eskolan zeuden pupitreetan.

Hauek kaxoi bat zeukaten eta bertan gordetzen genituen gure eskolako materiala: koadernoa, arkatza, pizarriña, … Eskolako lanarik ere ez genuen etxera ekartzen.

Ez dakiguna da gurasoek-eta zerbait ordainduko ote zuten guk eskola jasotzearren; igual zerbait, bai.

Uzarragatik aurrera ohitura zegoen Maristetako eskolara joateko mutilak, eta neskak berriz kaleko eskola nazionaletara, nahiz eta Josefinaren kasuan Bergaran bukatu, Maria Vitoria eta Lidek Bergaran zeukaten akademian. Eta hantxe arazoak. Gauzak ikasteko eskatu eta guk ezin; ez euskaraz eta ezta erdaraz ere …”.



Eskerrik asko Josefina, Maria Teresa, Jose Antonio, Jose Luis!!!


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07