blogak

Irinmodo (1307-2017)

IRASTORZABASERRIA BERRERAIKITZEN (1751-2)


Gaur egun ere noizbehinka irakurri edo entzun dugu baserriren bat-edo beste erre dela gure inguruan. Izan ere badakigu baserri askok arrisku bizian egoten direla sua hartzeko eraikuntzarako erabilitako materialak direla eta. Tximistak edo etxeko sukaldean izandako deskuiduak izaten dira sarri horren pizgarri.

Antzuola ez da salbuespen bat, eta ugariak izan dira historian zehar gure baserriek-eta izandako suteak. Egoera honi aurre egiteko anaide bat ere (“su-anaide”) sortu zen, ezbeharren bat gertatzen zenen elkarren arteko laguntza bideratzeko.



 IRASTORZA/IRAUSTA BASERRIA, BOTA AURRETIK

Suak baserria erreta edo kiskalita, berreraikitzeari ekiten zitzaion. Horren lekuko da gaur dakargun dokumentua. Are interesgarriagoa berreraikiko den IRASTORZA baserriaren planoak azaltzen direlako. Ete agia esanda, ez dira horrelako aukerak sarri aurkitzen artxiboetan, kontuan izanda gaur bezala ulertzen dugun obretako planoak-eta berandu arte ez direlako agertuko.

Baina, esan dezagun, ez zela lehendabiziko sutea Irastorza baserrikoa, 1692ko urtarrilaren 6an, errege egunean, erre zelako: "Hacia las diez de la noche ... se quemo toda la casa de Irastorza excepto una junta bueyes, cinco arcas y una pieza de ropa".  

Orduan ere su-anaideak funtzionatu zuen, eta 50 haritz eman zizkion herriko Udalak, debalde, berreraiki zezan baserria. Kontua da, berreraikitze horren dokumenturik ez dugu. Bai, ordea, oraingoa, baserria erreta berreraikitzeari ekin ziolako 1751ean Irastorza baserriko jabeak.

1752ko apirilaren 10ean eskribauaren aurrean egindako dokumentua da orain adieraziko duguna. Izenburua, berriz, hau: “Nonbramiento del tasador para carpintería de la caseria jermada de Irastorza”. Beraz, baserriaren zurezko egitura eginda, horren azterketa teknikoa egngo da dokumentu honetan, eta horretarako teknikaria aukeratuko da.

Alde batetik Jose Ignacio Azkarate agertu zen; hau da, Francisco Antonio Azkarateren alarguna zen Ana Maria Ignaciak emandako botereekin . Denak herrian bizi zirenak. Eta bestetik, herrian ere bizi ziren Jose Lesarri eta Markos Mendizabal.

Esan zutenez, Zumarragan bizi zen Manuel Abarizketa zen obra maisuak egin zien Irastorza baserriaren zurezko egiturarako trazadura, eta horren arabera, aipatutako Lesarri eta Mendizabal prest zeuden obrarekin ekiteko, 35 dukat ("de vellón") truke. Eta, orain, denok ados jarrita, eskatzen zitzaion Manuel de Abarizketari azter zezala egindako obra. Azken honek onartu zuen.

Hala joan omen zen obra ikuskatzera, eta Jose de Lesarrik eta Marcos Mendizabalek egindako obra ondo eginda zegoela baieztatu zuen: “bien trabajadas y conforme arte y con la seguridad necesaria para los aumentos y mexoras que han hecho”.

Izan ere, aurreproiektutik kanpo aldaketa batzuk txertatu zituen arestian aipatutako arotzek. Manuel azterzaileak hori ikusirik, adierazi zuen gehigarri bat ordaindu behar zitzaiela: “soi de sentir que además del pago de los treinta y cinco ducados del ajuste se les de pagar treinta reales de vellón”. Beraz, horixe zen eskatzen zuena.

Ez dakigu Manuel esandako hau bete zen. Dakiguna da dagoeneko, Manuelek egin zuela Irastorza baserriarendako arotzeria trazadura.

Aurreproiektu hau 1751eko azaroaren 10ean egin zuen, arotzeriarekin loturiko hitz tekniko batzuk dakartzana. Horren bitartez adierazi zuen bost zautabe behar zituela baserri berriak; beste batzuk  aurrrealdekoaren azpian, larrainean … Eta gainera “un aguillon que demuestra la planta …las dos cantoneras que están en dicha planta debaxo del dicho aguillon, con mas quatro tirantes que demuestra dicho alzado …”. Guzti hau eta beste, bere gain hartu zituen Manuelek.

Aldi berean baserri zaharrean zeuden materialetatik, beste egur berri batzuk ere beharko zituenez, bere gain hartzen zuen zeregin hori ere; alegia, “cortar y vasalanar”.

Ignacio Azkarate behartu zuen obra aurrean behar zen materiala ekartzeko “ripia, texa y clavazón, con sus arlattas y escusales, haciendo buena ondura con siete rezumas en sus goyaras, retejar bien todo el texado con mas haia a poner todo el suelo de quartones, hasi mismo dándole por el dicho Ygnacio además de los viexos que se hallan; hassi mismo haia … asentar dándole tabla y clavazón … suelo de sobre la hera y la cerradura de la fachada; asi bien la escalera en el mismo paraxe … como tanbien las dos ventanas para dar de … a las vacas, y la puerta pegante a las ventanas …”. 

Beraz, 1751eko azaroaren 10eko dokumentu honen bitartez, baserri berrirako baldintzak adostu ondoren, ekin zitzaion lanari. Eta dagoeneko dakigu 1752ko apirilaren 10erako obra bukatuta zegoela. Beraz, bost hilabete nahikoa izan zen baserriaren zurezko egitura jasotzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07