blogak

Irinmodo (1307-2017)

IRAKASKUNTZAREN ARAZKETA (I): PEDRO JOSE GONZALEZ GOMEZ

Aurten, 2020ko otsailean argitaratu dugun "Hezkuntza Antzuolan" liburuan, gerra zibilean gertatutako irakaskuntzaren arazketaz, Pedro Jose Gonzalez Gomezen kasuaz hitz egin dugu. Bere espedientea oso aberatsa da, 93 dokumentu dauzka, Leongo eta Antzuolako dokumentuekin osaturik, eta pentsatu dugu blog honetan liburuan agertzen den errelatoa errekuperatzea eta, ostera, liburuak agertzen ez diren dokumentuak ere argitaratzea. Izan ere, honekin batera, beste hiru kasu aztertuko ditugu.
 
Denbora baduzu, azpian doazen dokumentuak irakurri, ahal baduzu. Esan, bukatzeko, Antzuolako beste maistra baten -Alicia Malloren- senarra ere bazela Pedro Jose Gonzalez Gomez, bera ere zigortua izango zena, eta hurrengo atal batean argituko duguna.
 
XIX. mendean zehar, Hezkuntza, eliz hierarkiaren eta liberalen arteko gatazka iturri izan zen. Hala ere, Gipuzkoan, 1851eko Konkordatua sinatu zenetik, Eliza katolikoa posizioak berreskuratzen joan zen.
 
Errepublikaren helburuetako bat Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa eraginkorra lortzea eta masen heziketa hobetzea zen, eta, horretarako, beharrezkoa zen irakaskuntza eta kultura kleroaren posizio nagusitik askatzea, gizartearen sekularizazioa lortzeko eta hezkuntza aldaketaren tresna bihurtzeko urrats gisa. Errepublikak irakaskuntza laikoa, doakoa eta derrigorrezkoa jarri nahi zuen martxan.
 
Elizak, ordea, mehatxutzat jo zuen erreforma hori, eta 1931n muturreko diskurtsoa hartu zuen, erreforma edo erreformak Espainia katolikoaren eta tradizionalaren aurkako mehatxutzat hartuz.
 
Horri beste kontu garrantzitsu bat gehitu behar zaio, gizartean eragina galtzea, hau da, Estatuak garai hartan egiten zuen laguntza ekonomikoa galtzea, eta apaiz parrokoa baztertua eta zailtasunez bizi zen autoritate aitortua izatetik, eliztarrak haren mantentzeaz arduratzea eragin zuen.
 
Gipuzkoan, hala ere, Errepublikaren legislazio laikoaren aurkako gaitzespen-adierazpenak etengabeak izan ziren, eta, askotan, oposizio hori eskolara eraman zen, esate baterako, ikasgeletatik gurutzeak kentzearen ondorioz. Horrela baiezta daiteke Gipuzkoako irakaskuntza publikoko irakasleek paper politiko apala mantendu zutela, nahiz eta hainbatetan gorabeheratsuak ere bai.
 
Gauzak aldatu egin ziren Gerra Zibilean, 1936ko irailean Gipuzkoa estatu kolpea eman zutenen eskuetara pasatu zenean. Orduan hasi zen irakaskuntzaren arazte-prozesua, eta 1942ko azarora arte luzatuko zen. Haren helburua irakaskuntza erakundeetan pentsamendua birsortzea zen, irakasleen esku zegoen pentsamendu liberaletik askatuz.
 
Kasu gehienetan herrikoak ez ziren irakasleak, gainera. Horrela, jatorrizko lekuetako parrokoek, familiako gurasoek, falangistek (FET eta JONS) eta Guardia Zibilak salatutako maisuei buruz egindako txostenek itzelezko garrantzitsua hartzen dute. Eta dena esateko, batez ere parrokoek eta familiako gurasoek egindakoak.
 
Arazketari buruzko beste data sinboliko bat 66. dekretua izan zen, 1936ko azaroaren 8koa. Horren bidez, irakaskuntza arazteko prozesua antolatzen zen, lau batzorde mota sortuz: "A Batzordea", unibertsitateko langileak arazteaz arduratzen zena. "B Batzordea", Arkitektura eta Ingeniaritza Eskoletako langileez arduratzen zena. Horiek ez zuten Gipuzkoan inolako eraginik izan, ez baitzegoen horrelako ezarpenik. Eragin zutenak " C Batzordea" (bigarren hezkuntzako institutuetako langileak, besteak beste), eta "D Batzordea" (irakasleak) izan ziren. Arestian esan bezala, 1942ra arte iraun zuen azken Batzorde honek.
 
Arazketa prozesua probintzian aritzen ziren maisu guztiak bertan behera uztearekin hasten zen, eta horrek maisu-maistra taldean berriz sartzea eskatzera behartzen zituen. Eskaera horren ondorioz, berez, arazketa-espedientea ireki zitzaien, eta halabeharrez baita arazteari buruz Guardia Zibilak, apaiz parrokoak eta lanak egiten zituen herriko guraso-elkarteko presidenteak egindako txosten batzuk eskatu ere; edota baita herriko Komunitate Tradizionalistako (karlista) eta, ondoren, FET-JONS taldeenak ere.
Karguak honela sailkatzen ziren: "larriak" (kargutik kentzea eta maisu-maistren taldetik kanporatzea eragiten zutenak) eta "ez hain larriak" (urtebetetik hiru hilabetera enplegua etetea eta kargurik ez izatea).
 
Hala, esan daiteke, Gipuzkoako maisu-maistra guztien % 27 arazte-prozesuaren ondorioz zigortu zituztela, eta horietatik % 13 behin betiko bereizi zituztela. Beste probintziekin alderatuz, zigorren ehunekoa oso handia izan zela esan daiteke.
Dena dela, sexuen arabera aztertuz gero, ikus dezakegu emakumeen % 80k eta maisu-maistren % 56k berretsi zituztela beren karguak.
 
“D Batzordeak” egiten dituen espedienteak txosten batzuetan oinarritzen dira, eta txosten horietatik espedientean daudenen aurka egiten diren karguak datoz. Hauek maisu-maistren bizitzaren alderdi guztiak hartzen ditu  aintzat, pertsonalak zein profesionalak, betiere Batzorde horrek jasotako txostenen bertsioen arabera, jakina.
 
Lau taldetan bil daitezkeen karguak: politikoak, sindikalak, profesionalak eta kargu moralak. Gure ikerketan, bi kasu jorratuko ditugu: bata sindikala, Pedro Jose Gonzalez, eta bestea politikoa, Edurne Galarzak ordezkatua.
 
Kargu sindikalen artean, azpimarragarrienetako bat FETE (Federación de Trabajadores de la Enseñanza) sindikatuko kide izatea da, UGT sindikatuari atxikitako irakaskuntzako sindikatua, edo beste erakunde sindikal batzuetako kide izatea. Maisu-maistren ustezko jarduera "politikoak", berriz, aztertzen ditu alderdi jakin bateko kide izatetik hasi eta matxinatuek "ezkertiartzat" jotako prentsa irakurtzeraino. 
 
Pedro Jose "aurkako txostenekin" kalifikatu dute ihes egin ez eta bertan dauden maisu-maistren taldean. Maisu honen espedientea esanguratsua da, harreman gutxi eta zurrumurru asko dituzten pertsonen txostenetatik jasotako testigantzek aipatutako pertsona estualdi larrian jarri zutelako. Kasu honetan, akusazioek harreman gutxiko pertsonak eta zurrumurruak ekartzen zituzten, kaltetutako pertsona estualdi larrian jarriz.
 
Akusazio nagusia Sernako (Leon) parrokoak egin zuen, 1937ko otsailean baina Pedro Josen emazteari buruz informazioa emanez, eta honako hau aipatzen du herri honetatik igaro da, bere senarrarekin batera, Antzuolako maisua ere badena, udako bi edo hiru opor oso eta beste batzuk Gabonetan, eta ez dira Mezara joan, ezta jaiegun bakar bat ere; lanegun batean bakarrik joan ziren mezara, eta senide batek eskatu zuela meza, eta pertsona batzuk aitortu ziela iseka egiten zietela mezatara joaten zirenei.
 
Baina aipatutako apaizaren txostenak ez dira hor gelditzen. Bere ustez, apaizaren ustez alegia, maisuak sinpatia izan behar zuen iraultzaileen garaipenagatik, asko hitz egiten baitzuen beraiekin, eta, dirudienez, 48 orduz atxilotua izan zen Falangeko tokiko buruzagi batek salatua izan ondoren, emakume bat bere ideia eskuindarrengatik iraintzeagatik. Bere bizitza pribatua ere epaitzen da, eta esaten du -parrokoak dioenez- ez daudela kanonikoki ezkonduta andre-gizonak, eta bere seme bat ere ez dagoela bataiatuta. Gainera masoia dela esaten da. Leongo Gobernu Zibilak ere ezkertiarra eta masoia dela dio. Baina ez zen dena akusazioa, Bergarako Guardia Zibilaren, Antzuolako parrokoaren, Antzuolako Maristen eta aipatutko FET zein JONSen aldeko txostenak zeudelako.
 
Gipuzkoako "D" Batzordeak lekukotza guztiak bilduta adierazi zuen maisua FETEko kide zela, baita Ezker Errepublikanoko kide ere, eta hori gutxi balitz baita Masoneriako kide ere. Hori dela eta, irakaskuntzatik baztertzeko eskatu zuen.
 
Deskargu-pleguan maisu horrek aitortzen du FETEko kide dela, baina adierazten du Donostiako Ikuskaritzak bere afiliazioa behartu eta gomendatu zuela. Maisua bi urteko enplegu eta soldata gabetzera zigortu zuten, eta Gipuzkoatik kanpo eramatera. Hala ere, 1941eko urriaren 31ko beste erabaki baten ondorioz, 1937ko urriaren 4ean jasota zigorra bertan behean utzi zen.

Hemen aurkitu dituzu bere espedientearen dokumentu batzuk, izan ere dokumentu denak publikatzea ezinezkoa da. Hala ere hemen daudenak oso sensibleak dira.







ITURRIA:


jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07