blogak

Irinmodo (1307-2017)

IRAETA BASERRIKO ARTXIBO HISTORIKOA BERRESKURATZEN





 IRAETA BASERRIAREN AURRE ALDEA

Iraeta baserria Antzuolako oinetxe garrantzitsuenetakoa da. Bertatik, gainera, makina bat senide da Mexikora joandakoa. Badugu horren berri jakiteko informazioa, eta azken aurkikuntzak baserri eta sendiaren ezagutza ugaritu eta aberastu du.

BASERRIAREN ATZE ALDEA

Duela gutxi elgoibarra eta antzinako laguna dugun Pello Arrietaren deia jaso genuen, izan ere eskua artean Iraeta baserriko dokumentu historikoak ba omen zeuzkalako, eta bere iritziz Antzuolako artxibo historikoan egon beharrekoak. Berehala jarri genuen elkartzeko hitzordua, eta, Elgoibarko plazan, Antzuolan egon zen Galarditorreko ateondoaren inguruan, elkartu ginen. 

Lagun baten bidez iritsi omen zitzaion Pellori dokumentazio hau. Irakurri orduko iruditu zitzaion bere toki naturala beraz ez zela Elgoibar, baizik eta Antzuola.



 PELLO ARRIETA 
IRATEA BASERRIKO DOKUMENTUEN KARPETAREKIN, ANTZUOLAN EGON ZEN GALARDI TORREKO ATEONDOAN (`KATANARRA´ arkua).


Karpeta barruko dokumentazioa eta dokumentuen pare bat eredu.

Dokumentazioa XVII. mendetik hasi eta XIX. mendearen bitartekoa da, eta bertan Iraeta sendiaren dokumentuak aurkituko ditugu: testamentuak, dohaintzak, ezkontzak, Uzarragako parrokiaren maiordomotza..., eta korrespondentzia; hau da, Mexikon eta Antzuolan bizi ziren seniden arteko eskutitzak, besteak beste.

Zehazkiago, adibidez, 1680an Iraeta baserriko nagusia zen Pedro de Iraetaren gorabeherak; mende bereko Erautza, Madariaga eta Elutzeko salmenten kontuak; Veracruz-en, Mexikon, Pedro Juan de Iraetak 1804ean bere aitari idatzitako eskutitzak ... Beraz, familia baten bizitza zuzena, baina zeharka ere Antzuolako historia osatzeko material baliagarria.

Ez da Iraeta sendiaren bueltan dugun dokumentazio bakarra, egon badagoelako zabalagoa baina une honetan herritik kanpo dagoena, Bilbon kokatuta dagoen Euskadiko Artxibo Nazionalean hain zuzen ere. Aukera dugunean katalogatuta eta digitalizatua ekarri nahiko genuke herriko artxibo historikora berau ere! Beraz, laster batean artxibo osoa hemen izango dugulakoan ...

Eskertza:
Pello Arrietari, dokumentazio hau Antzuolan egon zedin egindakoagatik eskertuz.

Eskerrik asko Antonio Iturberi, berak egindakoa baita Francisco Ygnacio Iraeta eta Azkarateren genealogia hau.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07