blogak

Irinmodo (1307-2017)

IPARRA HEGOA 2021: "Bizi gira ... kutxa bira" AIHERRAN.

«Bizitza erdigunera eraman behar da, baina baita gure herria ere». Hausnarketa horretatik tiraka sortu zen Iparra Hegoaren Kutxa Bira egitasmoaren ideia. Osasun krisiaren ondorioz, euskararen aldeko hainbat eta hainbat ekinaldi bertan behera geratu dira, eta horrek eragina izan du, Pello Aranzabalen hitzetan: «Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak kalte emozionalak eta nortasun kalteak eragin dizkigu, eta horren ondorioa da Kutxa bira». Iparra Hegoa elkarteko partaideetako bat da Aranzabal, eta «galera emozional hori» apaldu nahi dute Kutxa Bira egitasmo horren bitartez. Hala ere, argi utzi dute egitasmo horrek ez duela urteetan irauteko asmorik, eta «dena ondo bidean» behin bakarrik egingo dutela.

Izan ere, Iparra Hegoa ekinaldia ezingo dute urteroko formatuan egin aurten ere —iaz ere bertan behera geratu zen—, eta hori dela-eta erabaki dute aurten Kutxa Bira egitea.

Argentinatik abiatu, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko duen egurrezko kutxa bat izango da Kutxa Bira egitasmoko protagonista nagusia. Viedman (Argentina) hasiko da, martxoaren 20an. «Diasporan hasiko da, Euskal Herritik 12.000 kilometrora dagoen Viedmako Aberri Etxea euskal etxean». Patagoniatik hasteak euskal diasporari «ahotsa emateko» xedea duela nabarmendu dute antolatzaileek.

Euskal Herrira, berriz, apirilaren 8an itzuliko da kutxa. Zehazki, Baionako Etxepare lizeoan hasiko da Euskal Herriko itzulia, eta, zeharkaldi osoa egin ondoren, Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) amaituko du ibilbidea, maiatzaren 30ean. Antzuolatik, berriz, apirilaren 25ean pasatuko da kutxabira.

Herri bakoitzak, bideo bat egiteaz gainera, kutxa barrura, fisikoki, aldarrikapen bat sartu beharko du. «Herri bakoitzak sentitzen duena sartuko du kutxa barrura, eta, horrela, etorkizunean amesten dugun Euskal Herria irudikatuko dugu». Euskalgintzako, herrigintzako eta kulturgintzako eragileen adierazpenak bilduko dituzte kutxa horretan, eta, mezu horrekin batera, hurrengo herriarentzako gonbidapen agurra idatziko dute.

Herriz herriko aldarrikapenez gainera, Euskal Herri osoari zuzenduko zaion Hitza da gure lurra testua ere egongo da kutxan. Amets Arzallus bertsolariak idatzi du mezu orokor hori, eta herri guztietan irakurriko da.

Iparra Hegoa elkarteak 26 urte daramatza euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizten eta sendotzen. Hala ere, antolatzaileek argi dute Kutxa Birak ez duela urteetan iraungo: «Datorren urtean gure ohiko formatura itzultzea da helburua; izan ere, gure herria oso aberatsa da festa eredu propioa duten ekitaldiak antolatzen, eta ez dugu beste baten beharrik ikusten». Hortaz, osasun krisiak eragindako egoerari erantzuteko sortu den egitasmo bat da: «Ez dugu errepikatzeko asmorik».

Urterik urte haziz joan da Iparra Hegoa elkarteak antolatzen duen ekitaldi kulturala. Izan ere, oihartzun nagusia Segurako Euskal Asteak hartu badu ere, lurralde osoko euskaldunen eta elkarteen arteko harremanak saretzen aritu dira Iparra Hegoa elkarteko kideak. Horrez gainera, azken urteetan Baionako Bernat Etxepareko ikasleak ere bete-betean murgildu dira elkartearen dinamikan. «Egunpasa gisa abiatu zen ekitaldi kultural hura ia bi hilabetera luzatu zen duela bi urte. Indarra hartzen ari gara, eta hori oso aberasgarria da». (ITURRIA: BERRIA, 2012/02/20).

Helburu honekin bat egin dute gure anaikideak diren Aiherrako senideok, eta zer sartuko kutxan eta, Aiherra eta Antzuolaren arteko anaitasun bertso-gutuna, Ramuntxok idatzia. Hoha hemen egindako ekitaldiaren irudiak eta soinuak. Konturatuko garen bezala, Antzuola ez dute ahazten, eta bi herrien arteko anaitasuna eredugarria bihurtu da eurentzat, ipar eta hegoaren artekoa alegia.

 

EKITALDIAREN BIEAO ETA IDATZITAKO BERTSOAK


Kutxa ttipi hau aski izan da

pizteko gaurko pindarra,

Bere bidea segi dezala,

bilakaturik su garra,

nola Aiherra eta Antzuola,

Iparra eta Hegoa,

sekulan baino gehiago dugu

aldarrikatu beharra :

Hemengoek eta hangoek dugula

osatzen Herri bakarra.

 

Azken urteak eman duenari

luzatuta begirada,

galdu ditugu hainbeste kantu,

irri eta besarkada,

kendu daukute elgar ikusi

ta trukatzeko parada,

bainan bertsotan heldu gintazke

Aiherratik Antzuolara,

traba guziak gainditzeko gai

den zubia da Euskara.

 Ramuntxo Christy- k idatzia

 Hauxe, beraz, Aiherran egindako ekitaldi xume bezain maitagarria, non eta Antzuola eta Aiherran arteko anaitasuna sinbolizatzen duen zuhaitzaren aurrean:

  KUTXABIRA AIHERRAN (argazkiak)





KUXABIRA

 ITURRIAK




jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07