INTSUMISIO MUGIMENDUA ANTZUOLAN
1980. hamarkadan militarren kontrako mugimendu sendoa sortu zen Euskadin. Mugimendu honetan sentsibilitate askotarikoak elkartu ziren: bakezaleak, antisistemak, kristauak, abertzaleak … biolentziarik gabeko ekintzak sustatuz. Denak helburu bakarrarekin: derrigorrezkoa zen zerbitzu militarrari uko egitea.
Honen bueltan, bi izan ziren une hartan antolatutako mugimenduak:
1. KEM-MOC edo Kontzientzia Eragozpen Mugimendua, 1970eko hamarkadatik Espainian eta Hego Euskal Herrian militarismoaren aurkako kontzientzia eragozpen mugimenduaren ardatzetako bat izan zena,eta
2. Kakitzat edo Euskal Herriko Koordinakunde Antimilitarista 1980ko hamarkadan Gipuzkoan sortu eta Hego Euskal Herriko hainbat herritan aritu zen erakundea.
Gipuzkoako KEM talde batzuk han eta hemen antolatu ziren(Orereta, Azkoitia...) eta elkarlanean hasi ziren, Gipuzkoako Koordinadora Antimilitarista sortuz.
Ondoren, Koordinakunde horretako hainbat taldek Kakitzat sortu zuten. 1980ko hamarkada bukatu baino lehen Bizkaian, Nafarroan eta Araban Kakitzateko talde berriak sortu ziren.
Hauek partidu eta ideologia desberdinetakoen laguntza izan zuten, eta eguna joan eta etorrian ugariak ziren Gobernu Militarretako ateetan-eta lotzen ziren gazteak, soldaduzkara joateko deiei uko eginez. Errepresioak ez zuen egoera konpondu; are gehiago, jendearen atxikimendua mugimenduari gehituz joan zen.

Iturria: By Ezezaguna - http://ekinklik.org/es/reportajes/91-intsumisioa.html, CC BY-SA 3.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=21079392
1984ean, berriz, Ordezko Zerbitzu Sozialari (gaztelaniazko sigletan, PSS) asmatu zuen Felipe Gonzalezek, une hartan Espainiako Presidente zenak, soldaduzka egin ordez intsumisoei komunitateari begira ordezko beste lan batzuk eskainiz. Horrek ekarri zuen pikareska bat non elkarte, erakunde eta beste hainbat sektorek ziurtagiriak egiten zituzten gazteek lan komunitario horiek eginda bezala agertzen zirenak.
Hala, egoera anakronikoak bultzatuta-edo, 2002ko urtarrilaren 1ean onartu eta kendu zen derrigorrezko zerbitzu militarra Espainian.
ANTZUOLAKO INTSUMISO TALDEA
1992an kaleratu zen Antzuolan "HI MAIRU!" aldizkaria. Besteak beste, Antzuolako intsumisoen adierazpen iturria ere izan zen(Iturria: 1992ko aldizkariaren lehen alea?)
Antzuolan ere presentzia sendoa izan zuen intsumisioak.
1980. hamarkadan aldera hasi zen intsumisioa entzuten han eta hemen. Antzuola izan zen horretan ere antzindaria. 1987ko azaroaren 17an Antzuolako Udala JARRAIren mozio baten onrpenaren ondorioz, ejertzito espainolari kolaborazioa ukatzera ausartu zen. 1994ean baziren 30en bat herri intsumiso, baina Antzuolaka zen une hartan intsumiso kopururik handiena edota handienetakoa zuena. Alegia, 2000 biztanle zituen herri batean 20tik gora ziren intsumiso. Hala osatu zen Antzuolako Intsumiso Taldea (AIT). Horren ondorioz, antzuolarren epaiketak ere egon ziren: Antonio Garcia eta Manolo Rodrigez. 1994ko apirilaren 14ean epaitu zutn Manolo, baina epaiketa egin baino lehenago mozio bat onartu zen udalbatzarrean, eta horren ondorioz, herriko alkatea zen Roke Iñarra, Donostiako epaitegiaren aurrean aldeko defentsa egin zuen. Antoniori 4 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Manolo ekainaren 16an epaitu behar zuten, baina epaiketara ez agertzea erabaki zuen.
Hala, 1997an, hogeita hamarretik gora zeuden intsumiso deklaratutakoak, tartean epaiketan zain dauden ere bazeuden, eta herriko Udala bera ere intsumisoa, alkate bi ere epaituak, eta tartean ekintza ugari …
Gogoratzea besterik ez dago urtero ateratzen zituzten kamisetak, jaiero txosnak, hitzaldiak … edota "HI MAIRU!" aldizkarian herriko gaztediak egindako aldarrikapenak.
1994tik aurrera Intsumisio Eguna antolatzen hasi zen Kakitzat. Intsumisio Egunak honako herri hauetan egin ziren: Oiartzun, Bermeo, Berriozar, Agurain, Usurbil eta Abadiño. Usurbilen egin zen soldaduskaren amaiera jaia, eta 2001ean Bilboko Erakustazokan ere bai.
Oraindik ere sinestea ez bada batere erraza, gaurko garaiak doazen bezala ikusita, gazte mugimendu hura gai izan zen une hartan botere faktiko handiena zen militarren aurka joan eta era baketsuan derrigorrezko soldaduska gainetik kentzeko. Bejondeiela!
Garai hartako herriko "giroa" antzemateko, hona hemen aipatutako aldizkarian itsumisioaz agertutako hainbat albiste:

1997ko "HI MAIRU!" ALDIZKARIAREN 7. ALEA
1998ko MAIATZA: "HI MAIRU!" ALDIZKARIAREN 8. ALEA ETA ANTZUOLAKO INTSUMISIO MIGIMENDUA
Iturriak:
- "HI MAIRU!" hainbat ale (1, 7 eta 8. zenbakiak).
- IRINMODO aldizkarian hiru pasarte: (1994, 1997 eta 1998ko urtekariak).
- WIKIPEDIA (Ikusi `intsumisoa´).