blogak

Irinmodo (1307-2017)

HIPOTEKAK: ARIMENDI BASERRIA ETA BERGARAKO IKASTETXEA

Hipoteka Kontularitzak, gaur egungo jabetza erregistroen aurrekari zuzenak dira. Gipuzkoan, Hipoteka kontularitzek 1768 eta 1862 bitartean funtzionatu zuten. Bertan, hainbat ekintza juridiko jasotzen ziren (salerosketak, jaraunspenak,…), non mailegu baten berme moduan ondasun higiezinak (etxeak, baserriak, lursailak…) jartzen ziren. Erregistroaren helburua, erosleen eskuetara pasatzen ziren ondasun higiezin horien egoera jakitea zen, alegia, hauek zein karga edo hipotekari egin behar zioten aurre jakitea. XVIII eta XIX. mendeko Gipuzkoan ondasunak hipotekatzea horren ohikoa zenez, Gipuzkoako historiarako funts hauek duten garrantzia begi-bistakoa da, bai baserri eta etxeen nondik norakoak jakiteko, bai eta ekonomia zein gizarteari dagozkion hainbat arlo ikertzeko ere.

Bergarako Barruti Judizialeko hipoteka kontularitzak bitan zatitzen dira, antolatzeko izan ziren sistemetan oinarrituz. Batetik, Udal Hipoteken Kontularitzak (1768-1845) daude, eta, bestetik, Barrutiko Hipoteka Kontularitzak (1845-1862). Lehenengoan kontularitzek dokumentu mota bakarra, serie bakarra, sortu zuten, kontularitza liburuak izenekoa. Bigarren garaian, Barrutiko Kontularitzako liburuek ez dute beraien izaera aldatzen, baina bai erregistro-idazpenak banatzeko era. Hala, bi liburu mota agertuko zaizkigu: batetik liburu orokorrak, non barrutiko udalerri guztiei buruzko erregistro-berriak biltzen diren; bestetik, liburu partikularrak. Azken horietan, barrutiko udalerri bakoitzak berezko liburua du.

Hipoteka erregistroa, beste hainbat erregistroren antzera, forma zehatz batekin sortu ziren, erregistro-liburuetan, Carlos III.ak 1765. urtean emandako Baiespen Pragmatika jarraituz. Liburu horietan, ondasun higiezinei eragiten zieten negozio juridikoen berri ematen zen.

1. Hasieran, 1768an sortu zirenetik 1844 urtera arte, Gipuzkoako udal bakoitzeko kontularitza erregistro bat egoten zen. Ondorioz, garai honetan udal-kontularitza liburuak izango ditugu, udalerri bakoitzak sortzen zituenak.
2. 1845etik eta kontularitza desagertu arte (1862), erregistroa egitearen ardura lehen auzialdiko epaitegiek zuten. Gipuzkoako kasuan lau ziren: Azpeitia, Bergara, Donostia eta Tolosa. Ondorioz, erregistro liburuak barrutiko erregistro liburu izatera pasa ziren, nahiz eta, batzuetan, barruti judizialek udalerri jakin bateko erregistroak jaso. Garai honetan ere, hipoteka kontularitzen aurkibideak sortuko dira. Tresna hauek informazioa bilatzeko ezinbestekoak dira, herrien eta alfabetikoki antolatutako aurkibideak baitira eta, ondorioz, informazioaren bilaketa asko errazten dute.

Bigarren garai horretan udal liburuak barruti judizialetara pasa ziren eta, horregatik, gaur egungo sailkapenak jatorri hau errespetatzen du. Web honetan bertan kontsultatu dezakezu artxiboan gordetzen ditugun Hipoteka Kontularitzaren erregistro liburuen zerrenda osoa, osotasunean deskribatuak eta digitalizatuak baitaude.

Liburuez gain, Barrutiko Kontularitzek aurkibideak ere sortu zuten, informazioa aurkitzeko funtsezkoak direnak. Eta horren garrantzia azpimarratu beharrean gaude, ez zituztelako bigarren garaiko (“moderna” hitzarekin adierazten dena) informazioa jasotzeko bakarrik sortu; aitzitik, beraietan 1768-1844 garaiko erregistroak ere indizatzen dira (“antigua” hitzarekin adierazten dena). Pentsa daitekeenez, aurkibide horiek berebiziko garrantzia dute informazioa topatzeko eta, ondorioz, komenigarria da hasieratik horietara jotzea.

Kontsultagarri duzu hipoteka-kontularitza liburuen eta aurkibideen zerrenda, garaien eta dokumentu motaren arabera bereizita. Horretarako, interesatzen zaizun horretan klikatu besterik ez duzu .
Udal Hipoteka-kontularitza:
Contadurías de hipotecas municipales (1768-1845)
INFORMAZIO GEHIAGO: 


Ez dugu blog honetan hipotekaz hitz egin. Horregatik hipoteken inguruan atal berri bat zabaltzea pentsatu dugu. Bertan, herriko jabetzen inguruko informazio asko eskaintzen zaigu, eta neurri batean herriko garai bateko egoera sozioekonomikoa ere bai.

Honetan ARIMENDI baserritik hasiko gara. Azpiko dokumentuan adierazten zaigu nola Maria Bautista de Aumategui Gorriz eta Juan Bautista de Villar, bere semea, biak antzuolarrak eta Arimendi baserriaren jabeak, mailegu bat hartu zuten Bergarako ikastetxea ("collegio". Errege mintegia?) 800 dukat -de vellon-, %2,5 interesarekin. Eta horretarako hipotekatu zuten Arimendi baserria, baina baita "Calebarria"n zeukaten etxea; eta baita bere senarrarengatik (Pedro Ignacio de Villar-Arimendi) jasotako gaztaionondoa; baita Azkoitian zeukaten etxea eta baratza, Maria Ignazia de Yzaguirrek emana 1745ean. Aldi berean baita Mariak berak zeukan diruaren dotea. 1774ean egin zen dokumentu hau, eta notarioak (Jose Francisco de Elorzak) sinatu zuen.


Ez daukagu datu gehiagorik, beraz ez dakigu ze arrazoi medio egin zen hipoteka hau Bergarako "collegio" horren mesederako. Mezenazgoa baino gehiago ematen du, dirudienez.

 ARIMENDI BASERRIA. ATZEAN UZARRAGA

Beraz, ez dakigu ze ikastetxera begira zabaldu zuen mailegua. Esan dezakeguna da urte hartarako -1767rako-,Bergaran zegoen ikastetxe bat Soledadeko nesken seminarioa zela (1732-1799), gero Mariaren Lagundia bihurtu zena. Jesuiten ikastetxea (1593) 1737an itxi zelako, eta Erret Mintegia 1776an zabaldu eta 1804ean itxi zelako.
Beraz, hipotesi nagusi bezala Soledadeko nesken seminarioari egindako dohaintza bat izan zitekeen. 



Iturria:


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07