blogak

Irinmodo (1307-2017)

HERRIKO MENDI BAZTARRAK (23): AZALDEGIETA/AZALDITXA

Agian herritarren artean gehien ezagutzen den ingurua izan daiteke AZALDEGIETA edo AZALDITTA. Bertako iturria, Landarraitzera joateko bizkarra, aisialdirako lekua, ... bezala identifikatzen dugu lur eremu hau. Hala ere, egiari zor, ez dugu inguru honekin errespetu handirik, eta ugariak dira berari egindako triskantzak: aisialdiko mahaiak apurtuta agertzen direlako, zelaia moto eta lau gurpileko kotxez txikituta dagoelako, noizbehinka landatutako zuhaitzen bat apurtura agertzen delako... 

Garai batean, berriz, urtero, erromeria egiteko lekua ere izan zen, herritarrentzat oso inguru maitatua.


 AZALDEGIETA/AZALDITTA

Pietate edo Antzuolako jaien aurreko domekan (garai batean abuztuan zirenean) ospatzen zen erromeria.

Jerardo Elortza oñatiarrak Azaldittan ospatzen zen erromeriaz duen bizipenaz idatzitakoa ekarri nahi dut gogora:

"Toki askotako jendea batzen zen egun hartan: Oñati aldetik aurrekomenditarrak jakina, baina baita (beste auzo batzuetatik ere) zubillagar, madalenatar, garibaitar, goribartar, larrañatar eta kaletar ugari ere; bergararren artean San Prudentziokoak ziren nagusi, Labe Garaieta, San Antonio eta beste auzo batzuetakoak ahazteke; antzuolarrek joera handia zeukaten, partaidetza inportantearekin jaiaren antolamenduan; eta Legazpi eta beste herri batzuetako erromerizalerik ere ez zen falta izaten.



1960. hamarkadaraino luzatu zen ... baina ez dakigu noizkoa den erromeria hau. Egia da, erdi brometan-edo, Azaldittako zaindariari San Balandran jarri zioten ... 

Guk gerra osteko erromeria ezagutu genuen, bi edo hiru soinujole jartzen ziren zelaiaren ertzetan, saxofoi eta jazbanarekin inoiz, bakoitzak bere dantzari-pilatxoa erakartzen zuelarik.


Taberna ere ipintzen zen behetik gurdian edo mandoetan jasotako edariekin. Eta barkillerorik ere ez zen falta, Oñatiko Pedro López gure denboran, barkilloak, gozokiak eta izozkiak saltzen zituena. Giro egokia zen hura lagun berriak egiteko, batzuetan senargai edo andragai izatera ailegatzen zirenak. Bueno, festa `konpletoa´ izan zedin, borrokaren bat ere egoten zen ia urtero".

Baina poliki-poliki galtzen joan zen, eta Lizargaratek hartu zuen bere lekukoa. Hala kontatzen du bilakera hori Migel Angel Kortabarria `Sarramendik´; hau da, Lizargarateko erromeriak sustraia Asalditta Egunean duela: 

"Lizargarate inguruan dago Asalditta, Bergara aldera. Beti ezagutu izan dugun erromeria da, baita gure gurasoek ere. Egundoko erromeria izaten zen. Antzuolarrek antolatzen zuten, eta inguruko jende asko joaten zen: Bergarakoak, San Prudentziokoak, Zubillagakoak, Oñatikoak... baita Legazpikoak ere. Janari postuak ere egoten ziren: Erroskillak, madariak... saltzen zituzten. Bolatokia ere bazegoen. Jendea goizetik joaten zen, eta han bazkaltzen zuten. Antzuolarrek erromeria antolatzeari utzi zioten, eta ondoren hasi ziren Lizargarate gastronomia elkartekoak antzerako zerbait egiten Lizargaraten. Esan behar da uda garaian Lizargarate beti izan dela erromeria lekua, asteroko ohiko erromeria". Gastronomia elkartekoek, baina, Asaldittaren ordezko jai bat egiten saiatu ziren".

Iturriak:

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07