HAITZ-ENARAK
Zubi artean dago haitz-enara (IRIGAIN)
Egia esanda badago herritar bat baino gehiago esaten duenak gero eta enara gutxiago ikusten dela Antzuolan. Galtzen ari den hegazti bat dela. Eta egia da, gero eta gutxiago etortzen dira herrira bere habiak egin eta txori-kumeak ateratzera. Arrazoiak ezberdinak dira, baina badago horren azpian dagoeneko gure artean sarri aipatzen dugun aldaketa klimatikoaren gaia, eta horren eragile den kutsadura globala.
Hala ere, badago albiste pozgarri bat, orain arte udalerrian habia egin ez duen enara espezie berri batek txori-kumealdi bat atera duelako Irigain aldean. Bitxiena da autobide berriaren zubi gaina aprobetxatu duela horretarako. Baina, hau, ez da arazo haitz-enarandako, ohituta baitago antzerako zubi eta harkaitzetan kabiak egiten eta.
Benetan ikusgarria da ze alturatan egiten dituzten habiak, eta ze arriskutsua izan litekeen ere txori jaio berrientzako.
KABIA ZUBI GAINEAN (IRIGAIN)

Enara guztiak bezala batetik bestera hegan eginez pasatzen du eguna, eta erraz ikus daiteke une honetan esandako Irigain inguruan. Marroi kolorekoa da, ez dauka enara arrunten bezala paparra gorriz edo zuriz, baizik eta marroi-nabar argia dauka. Eta beste berezitasun bat, ez omen du penintsulatik emigratzen, baizik eta penintsulan bertan geratzen da, baita neguan ere.