GORRIZ "SUSO" BASERRIAREN ARRENDAMENDUA
Gorrizandia (behean) eta Gorriztxikia (goian). Gorago, berriz, Elorriaga baserria.
Gorriz baserriek Bergara aldera jotzen duten Galartza auzoko baserriak dira. Antzinakoak, 1391ean aipatzen delako Johan Sanches de Gorris bat bertan bizi zela. Ez dakiguna da zein baserrikoa zen: handi ala txikikoa.
Honetan, baina, Gorriztxikiari edo goikoari (suso) erreparatuko diogu, aitzakia 1751ean egindako baserriaren arrendamendua. Oso dokumentu aberatsa da, une hartan baserrian zeukan aberastasuna adierazten duelako dokumentuak, eta bide batez garai hartako soziologia ere ulertzeko baliagarria izan litekeelako.
GORRIZTXIKIA edo GORRIZ "SUSO"
Esandako urtean (1751), abenduaren bostean, arrendamendu hau gauzatzeko elkartu ziren, besteak beste, baserri honen jabeak eta senar-emazteak ziren Esteban Manuel de Aguirre eta Arratabe eta Melchora Josefa de Aumategui eta Gorriz. Hauek, une hartan alarguna zen Ana de Elorriaga eta bere semea zen Santiago de Leturiari eman zieten arrendatuta Gorriz "suso". Baina ze baldintzatan?Dokumentuaren atal desberdinak aztertuko ditugu horri erantzuteko. Hasteko, arrendatutako animaliak adieraziko dira: idi pare bat, behia bere txahalarekin, ernaldutako beste bi behi, bi urteko txahala, hamar ardi eta hamabi ahutz. Beraz, etxe abere hazienda ona zeukan baserria zen Gorriztxikia.Arrendamendua bederatzi urterako egin zen, eta urtero ordaindu beharrekoa ere adierazi zen: etxean jasotako 24 anega gari alde batetik, eta animaliek emandakoagatik 16 dukat Santu guzien egunean (azaroak 1), eta, Gabonetan, berriz, ohikoak ziren kapoiak.
Baldintza hauek onartu zituzten Ana de Elorriaga eta Santiago de Leturiak, eta lekukoak bertan zeudela ere, zekitenek bakarrik sinatu zuten, baita ez zekitenen izenean ere.Iturria:
Fundación Sancho el Sabio. Archivo Otazu. Gorriz. FSS_OZ_GORRIZ, C.57,N.2, D.1