GOITIA BASERRIKO JABEAK (LIMATIK)
Ezkerraldean JAUREGI eta goian, berriz, GOITIA baserriak
Iturria: GPAH40245_A_002400r 1773-1779
1742an heltzen diogu GOITIA baserriaren gorabehera honi. Hemen, herriko parrokoa zen Melchor Iñurrigarrikoak saldu omen zion orduan Goiti baserriko jauna zen Juan Goitikoari, 60 dukat kopuruko kreditua. Lehendabiziko datu honen arabera, beraz, badakigu urte hartan baserriko jabearen abizenak eta baserriaren izenak ("Goitia") bat zetozela.
Iturria: GPAH40245_A_013800r 1773-1779
1797ko apirilaren 26an, berriz, gauzak aldatzen dira. Orduan, dokumentu honen arabera, Goitia baserriak zeukan 3000 errealeko zor batzuk medio, dakigu garai hartan baserriko jabea Aizarnazabaleko Lorenzo Mecolalde zela, nahiz eta garai hartan Irunen bizi.
Bide batez badakigu, urte berean, Goitia baserrian errentan bizi zen Migel Mujikakoak berak ordainduko zituela aipatutako 3000 erreal, urtero baserriaren errenta ordaintzeko erabiltzen zuen diru kopurua horretarako erabiliz: "se obligo a pagar dichos tres mil reales a razon de cinquenta ducados en cada año...". Beraz, hala hartu zen erabakia une hartan.
Iturria: GPAH40247_A_013800r 1845-1858
Baserri honen aztarnarekin jarraituz, hurrengo dokumentua 1858koa da. Oñatin egindakoa, bertan adierazten zaigu nola Francisca Martinez eta bere senarra zen Jose Maria Suares y Baldes "vecinos de Lima", eta baita bertan bizi ziren Jose Maria eta Antonio Caleroren eskariz, eman ziotela Zumarragakoa zen Tomasa Zabalakoari "la caseria de Goitia y todos sus pertenecidos ... por ser esta pariente de aquellos".

Iturria: GPAH40247_A_013800v 1845-1858
Baserri honen albisteekin bukatzeko, baserriaren salmenta dakargu. Bertan, Zumarragakoa ere zen Migel Izagirrekoak, Tomasa Zabalakoaren senarrak, baina une hartan alargunak, saldu zion Oñatiko Jose Maria Sarriakoari Goitia baserria eta bere jabetzak, 18.140 errealen truke: "los quales recibio Izaguirre del comprador Sarria". 1858ko urtarrilaren 29an egin zen hitzarmena.
ITURRIAK