GIPUZKOAKO BATZAR OROKORRETARA ANTZUOLAKO ORDEZKARIA (1771): CRISTOBAL ANTONIO IRAETA
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak indarrik gabe utzi zituen 1876ko uztailaren 21eko dekretuarekin batera desagertu ziren batzar nagusiak; era horretan amaitu zen aurretik abiarazitako prozesua. Borboiak Espainiako koroaz jabetu zirenetik (Filipe IV.a, 1700), foruen eta batzar nagusien aurkako saioak etengabeak izan ziren. Bergarako Besarkadaren ondoren, 1841eko dekretu batek baliorik gabe utzi zuen batzar nagusiek errege-agintearen aurrean zuten armarik zorrotzena, foru pasea, eta handik aurrera euskal erakundeen aurkako jokaera nagusitu zen. 1909-1923 urteen bitartean, Arabak berreskuratu zituen batzar nagusiak, baina inolako ahalmen politikorik gabe. 1977ko ekainaren 2an onartu zitzaizkien berriz foruak, baina ondoko autonomiak forma hutsean utzi zituen erabaki haiek, 1979tik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu zen bezala. Gaur egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoa nagusi, batzar nagusiek tokian tokiko diputazioaren kudeaketa onartzen nahiz gaitzesten duen erakundea osatzen dute, garai batean izan zituzten epaitzeko eta politika egiteko ahalmenik gabe, hala ere.
Gipuzkoako Batzarretara joateko probintziako herri guztiek ordezkariak edo prokuradoreak bidaltzeko zuten eskubidea. Antzuolak lortu zuenean independentzia 1629an, aukera izan zuen Gipuzkoako batzar nagusietara bere ordezkaria bidaltzeko. Normalean, baina, gu bezalako herri txiki eta behartsu askok euren ordezkariak bidaltzeko arazoak zituzten, zeuzkaten baliabide ekonomikoak hutsaren hurrengoak zirelako. Hori zela eta, beste herri batzuekin elkartzeko ohitura zuten, hala, udalerri bakar bat bezala bozkatzeko eskubidea zeukaten, horretarako zeuzkaten biztanleak (fuegos) erabiliz.
Ordezkaritza mota hau, dirudienez, ez zen 1615 baino lehenago ezagutzen. Ordutik, baina, ugariak izan ziren herrien arteko elkargoak. Beraz Gipuzkoan garai hartan ospatzen ziren batzar orokorretara zein partikularretara batera joateko arrazoia ekonomikoa zen, izan ere Antzuolak orduan ez zeukan ondasunik, dirurik, batzarretan sor zitezkeen gastuei aurre egiteko.
Horren bitartez bai zein besteko herrietako ordezkariek botere zabala izan zuten batzarren aurrean behar zen beste idatzi, erabaki, negoziaketa egiteko. Antzuolako herriak hala erabaki zuen 1696ko uztailaren 22an, aurrean 31 antzuolar zeudela lekuko bezala, eta Urretxurekin batera IRIMO batasuna izeneko elkarteratze bat antolatu zuten.
Hala ere, 1745era arte iraun zuen, guk dakigunez, elkargo honek, eta geroztik Antzuolak bereak bidaltzen hasi zen.
Hemengo honetan 1771eko uztailaren 2an ospatuko zen Donostiako batzar nagusietara prokuradore bezala joateko Iraeta eta Ibarrako Cristobal Antonioren izendapena dakargu. Ez zen edozein herrian, dena esan behar da, herriko familia boteretsuenetako baten senidea zelako. Dagoeneko zeinek ez du ezagutzen Mexikon bizi zen Iraetako Francisco Ignacio, bada bere anai zaharrena zen Cristobal. Iraetarrak kargu handiak izan zituzten Antzuolako udalean: - 1667: Pedro Iraeta (alkatea)
- 1698: Migel Garcia Azkarate (erregidorea)
- 1700: Pedro Ignacio Iraeta (akate ordea)
- 1705: Pedro Ignacio de Iraeta (sindiko prokuradorea)
- 1709: Berdin (alkate jabea)
- 1714: Berdin
- 1717: Berdin (erregidorea)
- 1719: Berdin (alkate jabea)
- 1725: Gabriel Iraeta (Sindiko prokuradoea eta erregidorea) (Franciscoren aita zena).
- 1735: Berdin.
- 1741: Berdin (alkate jabea)
- 1744: Berdin. Sindiko prokuradorea eta erregidorea.
- 1765: Berdin (bigarren alkate ordea).
- 1765: Cristobal Antonio Iraeta (alkate ordea) (Franciscoren anaia)
- 1771: Berdin (alkatea
- 1771: Berdin (batzar nagusietarako herriko ordezkaria).
Beraz, herriko ordezkari gisa joango zen Donostiako batzar nagusietara, bertan Gipuzkoaren gobernu onerako aztertzen ziren gaien inguruan boterea emanez, izan ere "intelijente y capa como lo pide el expresado fuero para tratar y conferir" ikusten zuten Cristobal. Eta hala onartu zen herriko prokuradore gisa 1771eko ekainaren 29an.
ITURRIAK:
- Torales, Cristina (1985). La compañía de comercio de Francisco Ignacio de Iraeta. Instituto mexicano de comercio exterior.
- Irinmodo bloga (atal batzuk).
- Wikipedia
- Antzuolako Artxibo Historikoa. Udal aktak eta akordioak: Poder para la Junta, 29/06/1771.