blogak

Irinmodo (1307-2017)

CAMACHO S.A. : "PUNTAPAIXAK"

Garai batean Antzuolako jarduera ekonomikoaz hitz egiten zenean, larrua zetorkigun burura, izan ere makina bat lantoki zeuden larrua ontzekoak herrian, gaur egun desagertuta daudenak. Hala ere, industrializazio garaian badago beste jarduera bat gure herria definitzen duena, eta hori da “puntapaixa-gintza”[1]. “Puntapaixa” hitzak baina, berez, punta edo iltze mota bat adierazten du: “Punta Paris/Parispunta” hain zuzen ere[2]. Izen hau oso arrunta da, baita Elgoibar, Elgeta, Soraluze, Bergara, Oñati, Gatzaga edo Aramaio herrietan ere [3]. 

Jarduera honekin lotuta dagoen industria ezagunena Antzuolan, CAMACHOrena da. Gerra Zibilaren ondoren, 1946. urtearen bueltan, Bergarako Camacho sendiak eta Antzuolako Ceferino Larrañagak sortutakoa.

Gaur, berriz, Camacho sendia bada enpresaren jabe nagusia, Ceferino Larrañagaren bilobek, hirugarren belaunaldiak dihardu lanean bertan, Cruz Aranburu aita zenaren erreleboa hartuz. Izan ere, Cruz Aranburu Ceferinoren alaba zen Maria Asuncionekin ezkondu zen, eta jubilatu arte lantegian ibili zen lanean.

Bere momentu gorenean 12 bat langile izateraino iritsi bazen ere, gaur (2021), prozesua mekanizatu ondoren, lau langile dabiltza bertan. Langileetako bat, Ceferino zenaren bilobatako bat den Juan Jose Aranburu Larrañaga dugu gure informatzailea.

Enpresa honen hasierako kokapena gaurko Beheko kalea izan zen, gaur desagertuta dagoen Etxeandia edo Elektrika izeneko etxean. Bertara ezkondu zen Ceferinoren arreba (Marina). Bertan bizi zen bere senarra izango zen Luziano Lete. Beraz, kokapen estrategikoa lantegi berriaren argindarra ere ziurtatzeko. Bitxikeri bezala kontatzen digu Juanjok, parrokian hileta elizkizunen bat-edo zegoenean lantegiko ekoizpena jaitsi egin behar izaten zutela, behar besteko argindarra herriko parrokiara iristeko.

Gerora Pazienteneko etxe parera[4], hilerrira doan kalera (edo “Espiritu Santo” kalera), pasatu zen lantegia. Ez zen azken aldaketa izango, handik orain kokatu dagoen Lizarraga auzora pasatu zelako.

Lantegi honen datu ofizialak baina, berandukoak dira, 1965eko datuen arabera, enpresa burua zen Jose Maria Camacho Jauregik Beheko kalean alanbrearen trefilaziorako eta puntak egiteko zeukan lantegiaren jarduera lortzeko udal lizentzia eskatu zuelako[5].

1965etik 1971ra bitarterako, berriz, beste bi albiste ere badauzkagu, izan ere Camacho ugazaba berak eskatu zuen baimena Lizarraga hiribidean zeukan pabiloia handitzeko eta Lizarragako erreka estaltzeko. Beraz, 1971n dagoeneko eraikita zeukan pabiloi zaharrari, erreka gainetik beste berri bat eraikitzeko baimena eskatu zuen.[6]Eman zitzaion baimena herriko udaletik. Hala ere, badirudi atzeratu zela obraren gestioa, 1972ko urriaren 27an erreka estaltzeko kontu eske ari zitzaiolako herriko udala ur komisariari eta[7]. 

Hurrengo albistea 1976koa da. Enpresaren ugazabak elkarturik, Vicente Camacho Jauregi –hau ere aldi berean bere anaia zen Migel Camacho Jauregiren ordez-, Jose María Camacho Jauregi eta Juan Ceferino Larrañaga Agirrek bat eginda, eratu zutelako CAMACHO S.A. izeneko sozietate anonimoa. Industria honen helburua berriz, mota guztietako fabrikazioa, salerosketa, inportazioa eta esportazioa izan zen. Hau da, findegia eta alanbrearen deribatuak, torlojuak eta aurrekoekin lotutako beste edozein jarduera. Gainera, sozietatearen iraupena mugagabea izango zen, eta hasiera 1976ko urtarrilaren 1ean emango zitzaion. Sozietatearen egoitza Antzuolan kokatuko zen, Gipuzkoan, Lizarraga etorbidean, 13. zenbakian, behean[8].

Enpresaren kapital soziala, 400 akzioez osatuta, horrela banatu zen: Vicente Camachok 125.000 pezetaren truke, 125 akzio. Miguel Camacho, 50.000 pezetaren truke, 50 akzio; Jose Maria Camacho, 125.000 pezetaren truke, 125 akzio. Juan Ceferino Larrañaga, 100.000 pezetaren truke, 100 akzio. Sozietatearen presidentea, berriz, Vicente Camacho izendatu zen[9].

Baina ez zen Lizarraga auzoan kokaturiko lantoki bakarra hasierako garai hartakoa (1965): Bareño, Alonso, Asaba eta Elorza-Etxaniz “kolerixa” lantokiak ere bertan eraiki zirelako. Gero etorri zen Elay.

CAMACHO S.A. lantokiaren jarduera nagusia iltzeak edo puntak egitea da. Iltzeak, segun eta zertarako erabili nahi diren, diametroaren, akaberaren eta luzeraren arabera sailkatzen dira. Iltzearen buruaren tamaina, iltzea egiteko erabiltzen den materiala … ere kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk dira. 

Lantegiak iltze normalizatuak eta iltze bereziak eskaintzen ditu bere katalogo barruan:

  • Altzairuzko iltzeak. Bereziki eraikuntzan erabiltzen direnak dira. Punta horiek hainbat akaberatan fabrikatzen dira. 
  • Altzairu herdoilgaitzezko iltzeak. Upelak fabrikatzeko erabiltzen dira. Era berean, zurezko etxeak, pergolak, itsas efektuak, eraikuntza, eta abar.
  • Burdinazko iltzeak. Hainbat jardueratan erabiltzen dira, baina, batez ere, eraikuntzan, arotzerian eta konponketetan. 
  • Kobrezko iltzeak. Ontzigintzarako, eraikuntzarako, teilatuak konpontzeko eta tapizeriarako erabiltzen dira.
  • Aluminiozko iltzeak. Ez dira herdoiltzen giro hezeetan. Zuhaitzetan seinaleak sartzeko erabiltzen dira, eta, arintasunagatik, labanen kirtenei eusteko.
  • Letoizko iltzeak. Letoia kobre eta zink aleazio bat da. Altzarietan, tapizatzean, kaxen dekorazioan, modelismoan eta taxidermian erabiltzen dira iltzeak. Tamaina handikoak harrizko fatxadak zaharberritzeko erabiltzen dira.
  • Iltze hariztatua. Erauztea zailtzeko erabiltzen dira. Paletak fabrikatzeko erabiltzen da.
  • Iltze punta galvanizatuak. Altzairuzko iltzeak dira. Ontzigintzan, eraikuntzan, teilatuen konponketan... erabiltzen dira, urteetan zehar giro korrosiboak jasan behar izateko.
  • Altzairu tenplatuzko iltzeak. Batez ere eraikuntzan erabiltzen dira [10].

Iltzeen salmentari dagokionez, kasu askotan, iltze guztien gutxi gorabeherako pisuaren arabera kalkulatzen da prezioa.

 NOLA EKOIZTEN DA “PUNTAPAIXA”?

Prozesuaz jabetzeko, enpresan lan egiten duen Juan Jose Aranburu Larrañaga (Ceferinoren biloba eta Kruz Aranburu eta Asuncion Larrañagaren semea) izan dut gidatzaile. Urtetan, betidanik ez izatearren, enpresa honetan dihardu lanean, eta oso ondo ezagutzen du produkzioa. Berak, prozesu guztia azaldu aurretik, ideia sinple bat adierazten digu datorrena ulertzeko; hots, “puntapaixa” ateratzeko lehendabiziko eta ezinbestekoa lana dela alanbrea trefilatzea. Ideia hau zer den jakinda, bada, puntak nola egiten diren ulertzea errazagoa dela diosku. 

TREFILATZEKO ALANBREA PREST