blogak

Irinmodo (1307-2017)

ARROLA ETA URBIAKO AKANPALDIA (1974). 45 URTE!


Arrola mendizale taldearen sorrera ofiziala 1972ko azaroan izan bazen ere, bere lenedabiziko urratsak aurretik eman zituen. Izan ere, jakin badakigu 1969ko ekainaren 15ean herrian lehendabiziko martxa antolatu zela ("Primera Marcha Regulada de Montaña Local"), eta bertara makina bat neska mutil joan zirela. Handik hilabetera, uztailaren 13an, ekainean egindako martxaren sari banaketa antolatu zen Koroson, aurretik bertan meza izan ondoren.

Bigarren martxa, berriz, 1970ko ekainaren 14ean izan zen, eta 75 bat mendizalek hartu zuten parte. Beraz, Arrola ofiziala izan aurretik, halako mendi elkarte bat osatzeko eta aldi berean ekintzak antolatzeko eskarmentu dezenteko herritar talde bat eratuta bazegoen.

LA VOZ DE ESPAÑA egunkariak une hartan Arrolako lehendakaria zen Tomas Larreari egindako elkarrizketa (1974/06/27)

Esan bezala, 1972an sortu zen ofizialki Arrola mendizale taldea. Handik gutxira, 1974ean,  Euskal Mendi Federazioko burua zen Francisco (Pako) Iriondok gonbidatu zuen Arrola, inoiz bere 50 urteko esistentzian sekula santan euskal mendi federazioak antolatu gabeko akanpada bat egitera; hau da, Urbian ospatuko zen  herrialdeen arteko gazte eta gaztetxoen arteko lehendabiziko mendi akanpada ARROLA mendizale taldeak antolatzera.

Ez zen makala izan bere antolaketa, Antzuola herria buru belarri sartu zena, kontuan izanda aurre-ikuspenak zirela 800 bat gaztetxo Urbian elkartzea. Hori egiteko 160 bat kanping-denda ere jarri behar izan zituzten.

Antolaketa horretan, mendi irteerak-eta tartean, bazegoen ekitadi bat benetan maitagarria. Izan ere, Aita Lasak Urbian dagoen ermitan 25 urte betetzen zituela kaperau lanetan-eta, omenaldi bat ere egitea iruditu zitzaien oñatiarrei edo Oñatiko Aloña mendi taldekoei.

Egiari zor, baina, Bergarako mendizaleekin batera egin zuen Arrolak lehendabiziko akanpada. 1972ko urtea zen.  Dozena bat neska-mutil joan ziren orduan Gorlara, Altsasuko zelaira, herriko bi monitore gazte tartean.

Urbian 1974ean egin zena, beraz, demasakoa izan zen: 

"Bezperan dendak igo eta Gorristegiko granjan utzi ... eta akanpada zapatuan eta domekan ... aurreko egunean (ekainaren 28) ez zen giro, eta sekulako zaparrada bota zeban, eta jendea ermitan lo egin behar izan zeban" kontatzen digute antolatzaieek. 

Baina hurrengo egunak oso onak egin zituen, eta "saldiak, astoak eta mandoak erabili ziren materiala igotzeko".




AITA LASARI EGINDAKO OMENALDIAREN KRONIKA (1974/06/30 eta 1974/07/02)
 
Antolaketa hartarako kartulina hauek atera zituen Arrolak, kanpai-denda bakoitzean zeudenen kontrola egiteko. Aldi berean, oinarrizko arautegi bat ere adierazi zen bertan. Kontuak kontu, La Voz de España egunkariak zioen azkenean 400 bat umerentzat 140 kanpai-denda jarri zirela Urbian.

Honatx garai hartako argazki batzuk:

EZKER ALDETIK HASITA: FRANCISCO IRIONDO (EUSKAL MENDI FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA), GERBASIO LEGORBURU, JOSE INAZIO JAUREGI "BARBERITO" ETA SEBERIANO AGIRREURRETA (1974)
EZKER ALDETIK: TOMAS LARREA (ARROLAKO LEHENDAKARIA); FRANCISCO IRIONDO (EUSKAL MENDI FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA); GERBASIO LEGORBURU, JOSE INAZIO JAUREGI "BARBERITO" ETA SEBERIANO  AGIRREURRETA , TXISTULARIAK


URBIAKO AKANPADAKO KANPAINA-DENDAK, ERMITA PAREAN JARRITA (1974)
OMENDUA: EZKER ALDEAN, AITA LASA. ERDIAN AITA VILLASANTE... FRANCISCO IRIONDO, MENDI FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA, HIZKETAN (1974)

Egia esanda, antolaketa bikaina izan zen akanpadarena, "50 bat lagun ibili ziren berau antolatzen". Beraz, Arrolak hurrengo akanpadak antolatzeko entrenamendu ona izan zen: DEXAO (1975); OPAKUA (1976); BELABARZE (1978, 1979); ANBOTO (1980) ... izan ziren ondorengoak.

Esan dugun bezala, akanpada sonatuaren irudiak ere badauzkagu, une honetan Arrolak digitalizatu eta saretu dituenak.

Ikusi nahi baduzu 1974ko akanpada hura, azpian duzun bideoan "klik!" besterik ez duzu egin behar.

AKANPADA-OMENALDIA

Ea kronikatxo hau baliagarria egiten zaigun kili-kolo bizirik ari den elkartea bati, Arrolari, bizi irauteko arnasa emateko.


ITURRIAK:
  • LA VOZ DE ESPAÑA egunkaria. Hainbat ale.
  • ARROLA MENDIZALE ELKARTEA (HAINBAT ARGAZKI ETA DOKUMENTU). 
  • ARROLA 25 urte aldizkaria. 
  • Joxe Lizarralde "Zupide". Eskerrik asko.

 

ARROLA-TXARTELAK. 
Mendigainetako buzoetan lagatzen zirenak.





jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07