blogak

Irinmodo (1307-2017)

ARMAGINTZA LANTOKIA: JESUS ARZELAI IRIGOIEN


Jesus Arzelai Irigoien (Donostia, 1929). 
Aita oñatiarra eta ama, berriz, debarra.


   Fábrica de armas Ignacio Zubillaga (Eibar)


"Deba arroan, armagintzaren eta burdinolen arteko lotura betidanik izan da sendoa. `Armagintzaren bihotza´ osatzen duten herriak, Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Ermua, hasiera hasieratik hasi ziren armak egiten eta armak lantzen. Arrasate, Elorrio eta beste herri batzuk ere nabarmendu ziren horretan, baina ez lehen esandako horiek beste. Soraluze izan zen ardatza, bertan jarri baitzen Erregeren Arma Fabrika: egiten ziren arma guztiak hara eraman behar izaten ziren; han banan-banan aztertu, eta gero bidali behar ziren tokira bidali" (Egoibarra, 2010). 

Industrializaio garaian era askotako industria jarduerako lantokiak sortu ziren Antzuolan. Euretako bat jarduera artesanala izatera -ez horrenbeste industriala- iritsi zen armagintzarena izan zen. Lantoki bakarra era honetakoa herrian, Lino Arregi eta Jesus Arzelai sortutakoa. Kalebarren auzoan, gaur arraindegia dagoen ostean, sortu zen tailertxo hau. Lino eta Jesus, baina,  garai hartan industria jarduera bizia zeukan herrian, Plaentxin,  Kañoi lantokian zehazkiago, lanean zebiltzaten biak. 

Hara zer dioskun Jesusekin egindako elkarrizketan:



Armarixa Kalebarrengo etxe honen azpian kokatu zen (erreka aldeko argazkia).

  “Kañoi fabrikan ibili giñan lanian, Plaentxin, eta arma asuntua ondo zebillen orduan eta, taillertxo bat sortzia pentsatu giñuan Lino Arregi eta biok Antzuolan, baiña ez geunkan lokalik, eta ibili giñen Osintxu aldian, baina azkenian Linok bazaukala lokal bat Kalebarrenen, arraindegia dagoen etxe azpixan, eta hala hasi giñen lanian. 

Bakoitzak bere lana egiten zeban, bakoitzak bere eskopeta fabrikarekin. Taillerreko gastuak erdi-bana egiten giñutzen, baina Linok bazauzkan beren armerixak eta nik neuk neuriak. Linok Aritzaga Hermanosekin lan egiten zeban batez ere. Nik berriz eskaeren arabera.

1952an-edo hasi giñan lanian, izan be orduan Herriko Plazan dagoen "errementerixa" etxiari goiko pisua gehitxu jakon. Antzuolako jai ostian zabaldu giñuan taillerra.


Taillerreko mahaixak-eta herriko Larrea arotzak egin zittuan, gastuak-eta erdibana egiñez. Hala hasi giñen biok, baina bakoitzak bere zeregiñean, aparte, lanian.


Lokala oso artesanala zan. Erreminttak txikixak zien: poleen (2 metro) bittartez mugitzen  zen lijadoria geunkan. Horrekin batera: limak, sutegi bat ere bai, joteko yunque bat, zintzelak … ziren gure lanerako erreminttak. Guardia Zibilen paperetan agertzen zan bezala “trabajo de artesanía” egiten giñuan.


Guardia zibillak emandako baimenekin ibiltzen giñan lanian  , “guía” batzuekin edo agiri batzuekin. Agiri horren bittartez gure taillerrian sartu eta irtetzen zana kontrolatzen zeban guardia zibilak, eta kopia bana izaten giñuan.


https://e00-expansion.uecdn.es/assets/multimedia/imagenes/2018/01/11/15156707225120.jpgIturria: https://www.expansion.com/fueradeserie/moda-y-caprichos/2018/01/17/5a574b3f46163feb5d8b45c1.html (armazoia osatzeko piezatxo ugari behar izaten zen)


Antzuolako taillerrian “basculero” lana egiten zan: eskopetaren  armazoia zana, eta guk bertarako piezak montatzen giñutzen. 
Armazoia montatzeko piezak bialtzen zozkuen eta guk montatu behar izaten giñutzen. Ajustau eta montau piezak. Eta halaxe, alde batera kañoia eta bestetik armazoia elkartzen giñutzen. Gaiñontzekoa –kulatia eta- kanpoan montatzen zan.


Behin, Valverdek, orduan transportista ibiltzen zana, eruan zittuan piezak Bergarara, Sarasketa Hermanosera, eta piezak ez zirela agertu. Han ibili nintzan bata eta bestean, eta azkenian Mallabian bilau nittuan. Susto ona!


Eibar (Zamakola), Plaentxi (Larrañaga, Aldanondo (?)), Elgoibar (Ansola) … eskopeta fabriketarako lan egiten giñuan. Eibarko Zamakola itxi zenian, berriz, egindako lana kobrau ezinda ibili giñan, eta bertako likidaziñutik diru bat jaso giñuan orduan.


Aprendiz batzuk be izan giñutzen taillerrian; Santos Telleria, oso langile ona zana, Juan Jose Legorburu, Jesus Azkarate, Sebastian Alzelai … eta Eguzkitza baserriko Juane Arregi be bai. Linoren anaia zan. Taillerra itxi arte egon zen Juane lanian gurekin.


Bukaera txarra izan giñuan. Alde batetik, lana bazeuan, baina Afrikara-eta saltzen hasi ziren eskopetak eta, ordaindu ezinda zorrekin bukatu zeben inguruko armerixak. Eta bestetik, Antzuolako udaletxetik be aktibidadia erregistratzia, alta ematia, eskatu zozkuen, eta guk ba hori ezin giñula egin… eta ez giñen konpondu. Halaxe, itxi zen taillerra: 1965-70 bitartian edo izan leike?”


Armagintza 2
EIBARREN ESKOPETAGINTZAN, 1915ean.  
(Iturria: Egoibarra)

 Iturriak:

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07