blogak

Irinmodo (1307-2017)

ANTZUOLAKO ZUHAITZ APARTAK (XVII):ASTOAGAKO PINU GORRIA


Ez da Antzuola pinu gorrirako eremua. Nahiz eta ale batzuk sakabanatuta izan han eta hemen, bere presentzia une honetan oso txikia da, batez ere Arrola-Koroso-Lizargarate-Azaldegieta inguruan.

Pinuak Euskal Herrian ugarien aurkitzen diren eta hedatuenak dauden koniferoak dira. Adituek dioskutenez hamar pinu espezie ezberdin aurki daitezke euskal lurraldeetan, eta hauetatik bertakotzat hiru bakarrik dira. Hedatuenen artean, pinu radiata edo intsignis-a alde batera lagata, pinu "sylvestris" edo gorria omen da.




INGURU PAREGABEAN KOKATZEN DA ASTOAGA/ASTUERA-ko 
PINU GORRI BAKARRA (ESKUMAN)

Izenaren jabe da zuhaitz hau, kolore gorrizka duelako bereizgarri gisa bere enbor eta adar azaletan. Agian ezagunagoa da hemendik kanpo, Araban eta Nafarroako ipar-ekialdean ugariagoa delako.

ASTOAGAko PINU GORRIA

Gaur egun, esan bezala, Antzuolako hainbat gunetan baino, Arrola inguruan nahiz Koroso eta Azaldegieta inguruan ikus daitezke, lekuko bakar gisa, tartean pagadi artean ere, izan ere berez sortutako zuhaitzak dira.


Ez da erraza argazkian ikusten den ale honek zenbat urte izan lezakeen esatea, enborrez zabala izateaz gain, zuhaitz adarrak sakabanatuak eta zabalduak dauzkalako. Baina ohikoagoak diren intsignisarekin alderatuz, 60 bat urte izan lezake. Eta badauka berezitasun bat espezie honek: gainetan sortzen den zuhaitza dela. Beraz, Astoaga inguruan bere bizitoki aparta topatu du zuhaitz honek.

Bertara jo nahi izanez gero, Azaldegietako pagaditik behera hartu besterik ez daukazu, eta garai batean egondako baserriaren harri aztarnekin ere bat egiteko aukera izango duzu.





BERGARA ETA ANTZUOLA MUGARRIA PASATZEN DA ASTOAGATIK


Iturriak:
  • https://eu.wikipedia.org/wiki/Pinu_gorri
  • Garcia, L.M. (1989). Euskal Herriko zuhaitzak. Kriselu.


jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07