blogak

Irinmodo (1307-2017)

ANTZUOLAKO OGIXA (II)

Garai bateko Galardi baserriko beheko sua, gaur desagertuta.

Aurreko batean, Martin "panaderuak" egiten zuen ogiari buruzko atala egin genuen. Orain, berriz, baserrian egiten denari ekingo diogu; baserrietan ia desagertuta dagoen etxeko zeregin bati erreparatuko diogu. Horretarako, 1994-5ean egindako testigantza bat dakargu (argazkiak ere garai hartakoak dira): Galardi baserrian bizi den Maria Jesus Elezpururen testigantza, hain zuzen ere. Une hartan, neguan, elurra-eta egiten zuenean egiten zuen Maria Jesusek, batez ere, ogia.  Beste garai batzuetan, berriz, astean behin egiten zen ogia baserrietan.
 "Eromaixa"

Gaur egun argazkietan ikusten diren espazioak desagertuta daude, baserri osoa berriztu beharra izan zutelako bertakoek. 

Has gaitezen ogia egiteko hiru orduko prozesua ezagutzen. Horretarako  garai batean baserriko sukaldea zen tokitik hasiko gara, beheko sua zeukana, eta alde batean eta bestean ogia egiteko labea. Beste aldean, berriz, "eromaixa" izenez ezagutzen den mahai-armairu tankerako bat zegoen. Gero konturatu nintzen ogia egiteko osagarri guztiak gordetzen zirela bertan

Kilo eta erdiko ogiak egiten zituen Maria Jesusek, tartean baita artogia ere.
Galbahea astintzen

Ogia egiten hasteko lehendabiziko zeregina zahia eta irina bereiztea zen, horretarako galbahe bat erabiliz. Ondoren, gatza, ura eta azkarrixa edo lebaduria gehituz, lan neketsuena egiten zen, ogiaren masa zena.

Hori egin bitartean, egindako ogi masa batuko zen izara ere berotzen jarrita zeukan. Dena batu ondoren, eta ogi masa hiru ordu laurden bat harrotzen zen bitartean, labea pizteko aprobetxatzen zuen Maria Jesusek .

  Ogi masa izaran batzen

Eta piztu ez edozein erregai erabiliz, lizar, pago edo haritza erabiltzen zituelako, ke gutxi ateratzen eta erretzea ere ongi irauten zutelako. Alegia, izerdi gutxi zeukaten egurrak erabiltzen ziren zeregin horretarako.

Sua pizteko belar hondarrak erabiltzen ziren (gero papera), eta bizi mantentzeko hauspoa ere erabiltzen zen. Hala, ordubetean bero-bero zegoen labea.

 





 Behin hori egin eta gero, ogi-masa izaratik atera eta norberak nahi zuen eran, pisuan eta tankeran, zatitzen zen bera. Labean sartu aurretik, arrautza gorringo bat eragin eta koilara batez zatitutako ogi-masaren gain aldea igurtziko zen, ogi azala goritzeko. Labean sartu eta ordubetean, ogia eginda!!!










Hemen azaltzen diren azalpenak 1995ean kaleratutako "Antzuolako baserriak eta errotak" izeneko liburuan ere azaldu ziren, ez argazkiak.

Eskerrik asko, Galardi baserriko senitarteari!!!

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07