blogak

Irinmodo (1307-2017)

ANSELMO DE IÑURRIGARRO (1826)

Hitz egin dugu aurretik Aselmoaz blog honetan (Klik egin), batez ere Arantzazuko erreketan parte hartu zuelako. Hala ere, zergatik da ezaguna? Joan gaitezen iturrietara, eta lehen karlistadara (1833-1839).

"Anselmo de Iñurrigarrok iparraldeko tropa liberalen buruzagitzan Quesadaren lekua hartu zuen Rodil jeneralarekin batera ibili ziren 1834ko udan erregegaiaren atzetik, eta Arantzazuko santutegia erretzen parte hartu zuten. Historialari gehienek sute hartatik errugabetu egiten dituzte txapelgorriak, sute hura Don Karlos harrapatzerik izan ez eta, bere iritziz, fraide frantziskotarrak karlistekin elkar hartuta zeudelako amorratzen zegoen Rodilek agindu zuela esanez. Ekintza horretan Anselmo Iñurrigarro bigarren komandantearen aginduetara jardun zuen txapelgorrien batailoiak.

1835 amaieran, Arabara bidali zuten txapelgorrien batailoia, Iñurrigarro buru zutela, eta liskar handia izan zuten han Esparterorekin. Urrian lapurreta batzuk egon ziren Bastidako, Subilanako, Uribarriko eta Haroko zenbait elizetan, eta txapelgorriei bota zieten errua. Gametxan biltzeko agindu zien Esparterok eta errudunak aurkitu ez zituenez, zozketa egin eta hamar txapelgorri fusilatu zituen, haien batailoi osoaren aurkako salaketa izugarri larriak boteaz. Iñurrigarrok nahigabetuta Joaquin Mª Ferrer Gipuzkoako diputatuaren babesa eskatu zuen. Ferrerek Esparteroren jarduna salatu zuen Gorteetan, fusilamenduak agintzean arinegi ibili zela eta txapelgorri saiatuen aurka oinarririk gabeko salaketak bota zituela esanez.

Fusilatutakoen artean Lezoko alkatea zegoen, Iñurrigarrok oso maite zuen boluntarioa berau. Beste gipuzkoar bat, bizkaitar bat, gaztelau bat, bi nafar eta lau frantses ziren gainerako fusilatuak, beraz, argi ikusten da armada hartako kideak leku askotakoak zirela" (Zumalakarregi museoa).


Txapelgorriak (lehen karlistada)

(Iturria: Major C. V. Z. Attached to the Staff of the Queen's Army. Engraver, Giles, J. W.)


Guk geuk, baina, sakondu nahi dugu pertsonai honen inguruan gehiago, eta bat egingo dugu Oñatiko hipoteken artxibotik ateratako datuekin, goian aipatutako gertaerak eman aurreko garaiarekin. Izan ere 1826an diru faltan-edo zebilen Anselmo, orduan "Capitán de Infantería ... vecino de la villa de Anzuola". Beraz, orduan herrian bizi zen "con licencia indefinida". Hala ere, 20000 erreal ("de vellón") mailegua eskatu zion Bergarakoa zen Maria Jesus de Iruretari. Eta honek eman. 

Anselmok, berriz, mailegu horri aurre egiteko, Antzuolan zeuzkan ondasunak hipotekatu zituen: herrian, plaza inguruan zeukan etxe bat, eta lursail hauek: "Burdincruz, Jainco Iturburu, Astobiaga, Larregui, Cateaga o Alto de Irimo y Cateaga barrena", baina, bitxia bada ere, aldez aurretik bere aita zen Miguel Antonio de Iñurrigarrori herriak kendutakoak 1811n, 2127 erreal eta 8 marabedi ordaindu eta gero. Aldi berean, "hipotecó las rentas de los mayorazgos de Otamendi y Iñurrigarro de arriba". Beraz, ondasunak bazeuzkan Anselmok, Antzuolan.



 GPAH40246_A_004900r

 

 GPAH40246_A_004900v

Hala ere, beste mailegu batzuk eskatu behar izan zituen:
 

 GPAH40246_A_005000r

 GPAH40246_A_005000v

1827ko otsailaren 19an, 6600 erreal, Bergarako José León de Herediak emandakoak. Urte bereko martxoaren 24ean, berriz, 4400 erreal, orduan Plaentzikoa zen Justa Antonia de Armendiak.

Esan bezala, ez dugu jakin zertarako eskatu zituen mailegu hauek. Dakiguna da ondorengo urteetan, lehen karlistadan, oso parte-hartze sutsua izan zuela, besteak beste Arantzazuko erreketan. 

Esan dezagun, Miguel Antonio eta bergararra zen Maria Manuela de Unamunoren zazpi seme-alaben artean semeetako bat zela Anselmo. 1789an jaio zen Anselmo Ignacio, eta Josefa Rovirarekin ezkondu zen, eta 10 seme-alaba izan zituzten.

Bitxia ere bada ez dugu bere  heriotza agiririk topatu, bai, ordea, bere anaiaren kopia, Juan Bautista de Iñurrigarrorena. Berau ere militarra, "soldado oficial que murió en el sservicio de tropas de España".  Heriotz-gastuak bere aita zenak ordaindu zituen: Miguel Antonio de Iñurrigarro.

Certificación de la celebración del funeral por Juan Bautista Inurrigarro (1804/01/07). ATHA-DAH-FSAM-022-005-08.PDF
 
Iturria:

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07