Zoritxarrez gaurko Uzarragak ez du 1902an herritarren artean izandako
ilusiorik adierazten, izan ere gaur behea jota dago inguru guztia. Galdera da
zer gertatu zen urte hartan batez ere auzotarrak hain pozik egoteko. Erantzuna
sinplea: orduan inauguratu ziren eliza eta abade-etxearen obra berriak. Beraz,
kontuak aterata, aurten, 120 urte betetzen dira eliza eta abadetzea berreraiki
zirenetik.
UZARRAGAKO ELIZAREN ALDAREA
Nolakoa izan zen zaharberritze hura? Garai hartako lekuko bat erabiliz
erantzungo diogu galderari, izan ere urte hartako (1902-03) parrokiaren kontu
edo fabrika liburua daukagu, eta bertan dauden datu garrantzitsuenak hemen,
argazkien bidez, adierazten ditugu.
Datuen artean, lehena, orduko maiordomoaren izen abizenak, Elutza baserrikoa bera:
"Siendo yo, Juan de Iñarra, mayordomo de la
iglesia de San Juan Bautista de Uzárraga, se llevó a cabo la obra de la
reedificación de dicha iglesia durante el año de mil novecientos dos,
y doy cuenta de ella".
UZARRAGAKO FABRIKA-LIBURUA (1890-2012)
Badakigu garia hartan Uzarragako elizaren diru poltsa ez zela handia, ezta
hutsa ere: 952 pezeta eta 16 zentimo. Hala ere, obrarako diru laguntzak edo
dohaintzak izan zituzten. Hasteko, Gasteizko Gotzainak, orduan parrokiak ez
zien Donostiako elizbarrutikoak, 1000 pezeta eman zituen. Baina herriak
(Udalak), ostera, dezente gehiago: 2.500 pezeta. Horri gehitu behar zitzaizkion
Uzarragako eliztarrek hiru urteko gari eskaintza edo limosna, eta 3000 pezeta
bezala balioztatu zena. Baina esandakoari gehitu behar zitzaizkion han eta
hemengo eliztarrek emandako diru eskaintzak (Errukizko Amaren parrokiako abade
eta eliztarrak (1675,90 pezeta), Irun eta Eibarren bizi ziren auzotarrak,
Elosuko abadeak eta eliztarrak, Bergara, Elgeta eta Angiozarko eliztarrak...
Bazeuden materiala eskain zutenak (ateak, porlan zakuak). Beraz, hasteko,
diru zorrotxoa egon bazegoen. Guztira 11.894,07 pezeta.
UZARRAGAKO FABRIKA-LIBURUA (1890-2012)
Guztira, 14.130,22 pezeta. Beraz, zuloa agerikoa zen: 2.236,15 pezeta. Baina ustekabea egon zen, izan ere zorretan geratu zen diru kopurua Uzarragako abadea zen Tomas Olaranek hartu zuen bere gain eta ordaindu zuen falta zena, ondoren Uzarragako eliztarrek ordaintzen joango zirenak. Hauxe izan zen 1903ko abuztuaren bukaeran maiordomoa zen Juan Iñarrak egindako deskargua.
Uzarragako maiordomoa zen Juan Iñarrari berriro tokatu zitzaion obra honen
kontuak hartzea-eta gestionatzeko ardura. Ez zen hasteko momenturik onena, izan
ere elizaren kutxan ez zegoen diru asko, baina han eta hemengo diru eskaintzek
lagundu zuten obra hasteko: Gipuzkoako Aldundiarena (3500 pezeta), herriko
Udalarena (2750), eliztarrek emandako 48 gari anega (564), partikularrek
emandako diruarengatik (500), ... eta egindako lanarengatik ez kobratzeagatik,
guztira 7389,17 pezetako diru poltsarekin hasi zen obra.
Horrekin batera, jakina, baita gastuak ere: egurrak, burdinak, langileen
ogi eta ardoak, igeltserotza, arotzeritza ... Guztira 5385,54 pezeta. Beraz,
sarrerak eta irteerak elkarren ondoan jarrita, saldoa positiboa izan zen:
2003,63 pezeta.
Eta soberan atera zen hori ondo etorri zitzaien eliztarrei, izan ere
Uzarragako abadearekin zuten diru zorra (2236,15 pezeta) ordaintzeko
baliagarria izan zen, nahiz eta oraindik 232,52 pezetaren zorra egon.
Bide batez ere azpimarratu beharko genuke obraren azken fakturak oraindik ordaintzeke zeudela, eta iritsi ahala ordaintzen joango zirenak. Kontuak kontu, 1905eko urtarrilean Juan Iñarrak adierazten digu parrokiaren defizita 1511.08 pezetako dela, astiro ordainduko zirenak.
Kontuak horrela, 1907ko apirilaren 3an Gasteizko gotzaina zen Jose Cadena Eleta etorri zen Bergarara bisita pastorala egitera, eta bertan aztertu zituen ere Uzarragako diru kontuak, ontzat eman zituenak.
Uzarraga eliza berritu zenaren 100 urte zirela eta, herriko parrokoa zen Rafael Eizagirrerekin batera, Juan Maria Uriarte etorri zen meza nagusira, 2002ko abenduaren 28an. Meza, kontzertu eta hamarretakoa egon zen, festa giro alaian egin zen ospakizuna.
Kontuak kontu, eta maiordomoa Andoni Azkarate zela, horrela zen Uzarragako egoera ekonomikoa (2003/01/07an):