blogak

Ikusi makusi, zer ikusi?

Zinea 

“Muchos hijos, un mono y un castillo”: Ongi etorri Espainiara

Dokumental dibertigarri, ero, sinestezin eta surrealista honen protagonista absolutua, karisma harrigarria duen Julita dugu.  Abiapuntuaren metxa, betidanik izan dituen hiru ametsei buruz hizketan hasten denean pizten da. Seme-alaba asko, tximu bat eta gaztelu bat. Horra hor umetatik izan dituen hiru ametsak. Sinestezina dirudien arren hirurak bete dira, eta aitzakia hori erabiliz semeetako bati dokumental hau grabatzea bururatu zitzaion: Gustavo Salmerón aktore ezagunari hain zuzen. Eta “aitzakiatzat” diot,  hiru desio horiek, ia-ia gutxienekoak direlako kontuan izanik emakume honek (eta familiak) egin eta esaten dituztenak ikusten dituzuenean. Muturrera eramanda, baina emakume honen begietatik, familia horren barruan ikusten ditugun gehiegikeriak eta diru-eralgiketa sinestezin horiek,  ondoren paso emango dion porrot horrekin batera,  azken urteetako  Espainia zer den erakusten digu, ala behintzat erradiografia txiki bat egiteko balio digu. Emakume honen bizipenak, Gerra zibiletik hasi , krisi garairaino pasaz , guzti hori gaztelu batean barruan sartuta.

Zuen intentzio barre egitea bada, hauxe aurtengo Zinemaldian -eta orokorrean- ikusi behar duzuen lana. Hori bai, umore beltzarekiko sentibera bazara, ez gerturatu. Hiztegian, umore mota honen ondoan,  Julitaren argazkia aterako baita hemendik aurrera. Liburu bat erraz idatzi daiteke emakume honek 90 minututan zehar jaurtitzen dituen perlekin. Lehen segundotik,  azken uneraino barreari ezin eutsi pasako duzue eta  kosta egingo zaizue ikusitakoa sinesten.

Umoreaz gain, kontuan izan beharreko alderdi garrantzitsuena aipaturiko Julita dugu. Dokumentalaz gozatzeko, zuzenki proportzionala delako berarekiko enpatia maila hasieratik izatea. Une surrealista eta oso beltzen azpian, jakinduria eta ignorantzia zati berdinetan banatzen ditu emakume honek. Txorakeria guztien artean egia berdadero ugari esaten dituelako.  Dena den, nik hasieratik konektatu dudan arren, ekoizpenaren erdialdean, ni eta Julita lotzen gintuen ari horietako batzuk eten egin dira. Bai, ez dizuet gezurrik esango, nazka ere sentitu dut, gazteetan falangista zela esaten duenean. Are gehiago, Primo de Rivera diktadoreaz  zeharo maitemindua zegoela aitortzen duenean.  Egia da 90 minututan denetatik esaten duela eta kontzeptu kontraesankorrak batzuetan, baina inkontzienteki une horretatik aurrera, nire garunak click txiki bat egin du eta nire barreak zuhurragoak izan dira. Kontraesan-surrealista-zoro horren eredua, segidan, diktadorearen gorputzarekin kroketak egiten zituela amesten duela esaten duenean eta amaieran Franco-ren kontrako esaldi batzuk esaten dituela, Errepublika goraipatuz. Pentsa beraz zer nolako errusiar mendi kontrolaezina den Julita.

Dokumental gisa primerakoa iruditu zait. Une batzuetan “Callejeros” saioaren bertsio luzatu bat dirudien arren, grabaturiko moduagatik eta batez ere material guzti horrekin egindako muntaiarengatik, lan maitagarri/gorrotogarri batean bilakatzen dute. 2017ko ezinbesteko lan horietakoa, zoroa,  freskoa, arina eta batez ere oso dibertigarria. Julita,  urteko pertsonaia gisa ere proposatuko nuke. Dokumental onenaren irabazlea izan zen aurtengo  Karlovy Varyn.


Saila: “Zabaltegi-tabakalera”
Muchos hijos, un mono y un castillo
Urtea: 
2017
Zuzendaria:
Gustavo Salmerón
90minutu

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07