blogak

Ikusi makusi, zer ikusi?

Zinea 

“Elkarrekin-together”: Gozatzeko moduko abentura

The Goonies eta Indiana Jones. Nire umeetako film kuttunenak zeintzuk diren galdetuz gero, horiek nire bi erantzunak.  Behin eta berriz ikusteaz gain,  maite nuen bizitzen zituzten abentura guzti horien parte nintzela imajinatzea.  Zehazki zer zen jakin gabe ere, arkeologoa izan nahi nuen, Harrison ford-ek bizitzen zituen abentura guzti horiek,  lehen pertsonan sentitzeko. Spielberg-en film famatuan ikusten zena eta errealitatea aldez aurre jarri nituenean ordea,  kontakizun ia fantastikoa saldu zidatela ohartu nintzen. Bizitza abenturaz josia egon zitekeela, baina askotan, amaierak ez zirela esperotakoak. Bost axola. Banekien, film guzti horiek eta bizitzako abentura txikiek eragiten zidaten zirrara hori, bidean zegoen guztia izaten zela. Bilaketa zen gehien gozatzen nuena.

Lasai, sarrera zinematografiko-nostalgiko honen zergatia oraintxe ulertuko duzue.  Migueltxo Molina eta Pablo Iraburu, kasu honetan Igor Otxoarekin batera, zuzenduriko lan berria ikusteko aukera izan dut:  Elkarrekin-Together.  Euskal arkeologo talde batek,  AEBetako uharte batera eginiko espedizio bat azaltzen du. Bertan esperoko ez dituzten aztarna eta istorioak topatzeko intentzioz. Bi kultura ezberdinetako herritarren arteko lankidetza istorio bat hain zuzen. Elkarrekin jardun ezkero zer egitera iritsi gaitezke? Galdera horri erantzun nahian jarriko dira ikusleak. Aretotik mugitu gabe, Indiana Jones moduko batean bilakatuz. Hori bai bi gauza kontuan izanik:  Euskaldunoi zuzenean bihotzera iristen den gai bat jorratzen dutela eta batez ere garrantzitsuena, oso argi izanda,  hau errealitatea dela.  Hemen ez ditugu kapela eta zartailurik ikusiko, gurdi baten gainean,  meatze labirintiko baten barrutik jazarpen sekuentziarik biziko eta are gutxiago,  gidoi biraketa harrigarririk sentituko. Arkeologia maite eta orduak eta orduak induskatzen pasatzen duten talde bat ezagutuko dugu. Xabier Agote, Xabier Alberdi, Ander Arrese, Iosu Etxezarraga, Maider Irigoien, Beñat Iturrioz eta Leire Otero. Beraien frustrazio, poz, neke, zalantza eta negarren lekuko bilakatzen gaituzten bitartean. Onerako ala txarrerako, balio erantsi indartsu batekin: dena egia dela.

Hemen beraz, sarrerako paragrafoarekin lotuz, nire aholku garrantzitsuena: bidaiatu mentalki Kanadara eta saiatu protagonisten buruan sartzen.  Disfrutatu bilaketa guzti horrekin, baina hori bai,  ibilgailuko atzeko eserlekuan joango bagina bezala. Beraiek gidatu gaitzatela kontakizunean zehar eta ez alderantziz. Huts egiten badute, utzi beraiei haserretzen, pozten badira, berdin. Ez aurreratu. Lasai, hau oso erraz egingo zaizue, bisualki gozamen hutsa baita, plazer bat.  Istorio zirraragarri hori ikusteaz gain, oso gustura eta eroso joango zarete eserita beraz. Bai, dokumentala izan arren, lan oso zinematografikoa dela esango nuke. Nabari da lanketa sakon bat egon dela eta teknikoki aparta dela esaten badut ere, ez nago ezer berria deskubritzen ari. Aurreko ekoizpenetan, alor hori,  soberan maneiatzen zutela frogatu baitzuten.  Sekulako gustuarekin errodaturiko sekuentzia ugari eta beste behin, soinu banda oso indartsu batek guztia bustitzen duen bitartean.

Azken planoarekin geratu nahiko nuke. Xabier Agote-ren off-ahotsa entzuten dugun bitartean,  protagonistak,  barku gainean doazela,  zeruertzetik desagertzen direla ikusten dugu. Dokumentala amaitu da bai, baina sentsazioa dut, Indiana Jones-en lehen zatian bezala, hau ez dela oraindik amaitu.  Filmarekin teoria edo hipotesi bat ireki nahi izan balute bezala. AEBetako lurretan lehen bilaketa lan bat izan dela uste dut, lehen kontaktu moduko bat,  etorkizunera begira,  zerbait gehiago topatzeko esperantzarekin. Ez galdu, urteko euskal-dokumentala izan daitekeena.

 “Garrantzitsuena, orain badakitela nor garen eta zeren bila gabiltzan. Pozik goaz, gure arbasoen oroimen galdua aldarrikatu dugulako herri handi honetan”


Saila: “Zinemira”
Elkarrekin-Together
Urtea: 
2017
Zuzendaria:
Migueltxo Molina, Pablo Iraburu, Igor Otxoa
Aktoreak:  Xabier Agote, Xabier Alberdi, Ander Arrese, Iosu Etxezarraga, Maider Irigoien, Beñat Iturrioz, Leire Otero
103 minutu

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07