blogak

Ikusi makusi, zer ikusi?

Zinea 

2017ko dokumental onenak (eta zergatik ikusi)

Telesail eta film onenen zerrenda argitaratuta, ezin nuen urtea amaitu, aurten ikusi ditudan ezinbesteko dokumental onenen zerrenda azaldu gabe.

 

20- Celtics/Lakers: Best of Enemies Estados Unidos

Zuzendaria: Jim Podhoretz

Non ikusi? Movistar

Zergatik ikusi?  Kirolzalea izanez gero derrigorrez ikusi beharreko dokumentala. 80. hamarkadan (1984, 1985 eta 1987) bi saskibaloi talde hauen arteko finalak, mitikoak bilakatu ziren arren, lan honetan, garai hartan AEBtako gizartean pil-pilean zeuden gaiak ere aztertzen ditu, partida ahaztezin horiekin zuzenean lotura moduko bat eginaz.


 

19- Casting JonBenet Australia

Zuzendaria: Kitty Green

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi?  Sei urteko JonBenet-en hilketari buruzko dokumental interesgarria delako. Baina kasu harrigarri horretaz  gain, bitxiena,  nola kontatua dagoen izan liteke. Irauten dituen 80 minutuetan zehar, benetako pertsonaia bakoitza gorpuzteko, casting moduko baten bitartez azaltzen baita guztia.


18- One of Us Estados Unidos

Zuzendaria:  Heidi Ewing, Rachel Grady

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi?  Hasidismoa , judaismo ultra-ortodoxoaren joera eta korronte mistikoa dela esan daiteke, arau oso zehatzez osatua. Dokumental hunkigarri honetan, New York hirian bizi diren hiru gazteren istorioa kontatuko digu, eta nola komunitate zapaltzaile horretatik ihes egin nahi duten.


17- I Called Him Morgan Estados Unidos

 

Zuzendaria:  Kasper Collin

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Suspensez beteriko lan liluragarria delako. 1972 urtean, Jazz musikaria zen Lee Morgan, New York hiriko klub batean kontzertu bat ematen ari zela, bere ezkontideak hil egin zueneko kasua azaltzen duena.


16- Kedi Turquía

Zuzendaria:  Ceyda Torun

Non ikusi? Filmin

Zergatik ikusi? Ehunka katuen begietatik barrena eta era harrigarrian grabatua,  Istanbul hiriaren erradiografia bikain bat egitea lortu dutelako. Katuak gustuko ala ez ikusi beharreko lana. 


15- Icarus Estados Unidos

Zuzendaria:  Bryan Fogel

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Nazioarteko dopinaren ikerketaren inguruko lan honetan, AEBtako txirrindulari eta errusiar aditu batek,  nazioarteko eskandalu bat desestaltzen dutenenean, katua eta saguaren arteko joko batean murgilduko zaretelako.


 

14- Chasing Coral Estados Unidos

Zuzendaria:  Jeff Orlowski

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Itsaspeko esplorazio zoragarri bat izateaz gain,  kontzientziak astintzeko balio duen lan paregabe bat ikusiko duzuelako.


13- The B-Side: Elsa Dorfman’s Portrait Photography Estados Unidos

Zuzendaria: Errol Morris

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Hasteko, dokumentalen arloan ezinbesteko izena ageri delako : Errol Morris. Baina batez ere, Elsa Dorfman argazkilari – erretratugilearen bizitza era oso interesgarri eta entretenigarrian kontatzen jakin izan duelako.


12- The Death and Life of Marsha P. Johnson Estados Unidos

Zuzendaria: David France

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Martha P. Johnson, aktibista transexual oso garrantzitsu bat izan zen. Ekoizpen honetan, bere istorioa azaltzeaz gain, bere bizitza eta heriotzaren inguruko ikerketa lan oso interesgarri bat ikusteko aukera izango duzuelako.


11- The Vietnam War Estados Unidos

Zuzendaria: Ken Burns

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Lan honen atzean beste izen erraldoi bat dagoelako: Ken Burns. Zinez gomendagarria bere filmografia ikustea, batez ere 2007 urteko “The War”. Kasu honetan, Vietnamgo Gerratearen inguruko eta 10 ataletan banaturiko beste lorpen ikaragarria egitea lortu du.


10- Jane Estados Unidos

Zuzendaria: Brett Morgen

Non ikusi? Oraingoz interneten soilik.

Zergatik ikusi?  Jane Goodall  naturalista, aktibista eta primatologa ingeles ezagunari buruzko lana.  Bere bizia tximinoen jokabidea ikertzen eman du Afrikan. Dokumental honetan,  kasu argitaragabeko grabaketa eta artxibo irudiez baliatuz, bere senarrarekin, tximinoekin eta lanarekin zuen erlazioa ikertzen saiatuko dira.


9- Spielberg Estados Unidos

Zuzendaria:  Susan Lacy

Non ikusi? HBO

Zergatik ikusi?  Aitortu behar dizuet Spielberg-en lan (ia) guztia maite dudala eta bere zinemarekin batera hazteak eragina izan dezakeela ranking honetan postu hain altuan jarri izana. Baina bere bizitzaren inguruko dokumental honetan azaltzen diren irudi, musika, elkarrizketa eta sekuentziekin hain liluratua geratu naiz…


8- The Keepers Estados Unidos

Zuzendaria: Ryan White

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi? Zazpi ataletan zehar,  Baltimore hiriko moja baten argitugabeko hilketari buruzko lan liluragarria delako. Baina ez hori bakarrik, matrioshka ​​baten moduan, ustezko panpin horren barruan, istorio ilun gehiago azaltzen joango direlako; misterioak misterioen barruan.


7- City of Ghosts Estados Unidos

Zuzendaria:  Matthew Heineman

Non ikusi? Oraingoz interneten soilik.

Zergatik ikusi? Urteko dokumental interesgarrienetarikoa delako. Gatazka armatuak dokumentatzeko hiritar kazetaritzaren balioa azaltzen duen lan paregabea.Baina batez ere,hitzak eta irudiak, armak baino boteretsuagoak direla.


6- Muerte en León España

Zuzendaria: Justin Webster

Non ikusi? Movistar

Zergatik ikusi? Isabel Carrasco-ren hilketari buruzko benetako thriller hau, zeharo harrituta utzi nauen lan bikaina iruditu zaidalako.


5- Lo que la verdad esconde: El caso Asunta España

Zuzendaria:  León Siminiani

Non ikusi? Atresplayer

Zergatik ikusi? Hiru atal harrigarrietan zehar, Asunta Basterra Porto umearen hilketari buruzko lan hau, telebista Espainiarrak inoiz egin duen telesail-dokumental onenetarikoa delako. Ezinbestekoa. Ez galdu!


4- Visages villages Francia

Zuzendariak:  Agnès Varda, JR

Non ikusi? Oraingoz interneten soilik.

Zergatik ikusi? Agnès Varda zine zuzendaria eta JR argazkilari-artista grafiko urbanoaren arteko lankidetza hau, road movie zoragarri bat delako, harribitxi bat.  Aurten galdu ezin duzuen lan horietako bat, gozamen hutsa.


3- Muchos hijos, un mono y un castillo España

Zuzendaria:  Gustavo Salmerón

Non ikusi? Oraingoz zinema aretoetan.

Zergatik ikusi?  Dokumental dibertigarri, ero, sinestezin eta surrealista honen protagonista absolutua, karisma harrigarria duen Julita dugu. Abiapuntuaren metxa, betidanik izan dituen hiru ametsei buruz hizketan hasten denean pizten da. Seme-alaba asko, tximu bat eta gaztelu bat. Horra hor umetatik izan dituen hiru ametsak. Sinestezina dirudien arren hirurak bete dira, eta aitzakia hori erabiliz semeetako bati dokumental hau grabatzea bururatu zitzaion: Gustavo Salmerón aktore ezagunari hain zuzen. Eta “aitzakiatzat” diot, hiru desio horiek, ia-ia gutxienekoak direlako kontuan izanik emakume honek (eta familiak) egin eta esaten dituztenak ikusten dituzuenean. Muturrera eramanda, baina emakume honen begietatik, familia horren barruan ikusten ditugun gehiegikeriak eta diru-eralgiketa sinestezin horiek, ondoren paso emango dion porrot horrekin batera, azken urteetako Espainia zer den erakusten digu, ala behintzat erradiografia txiki bat egiteko balio digu. Emakume honen bizipenak, Gerra zibiletik hasi , krisi garairaino pasaz , guzti hori gaztelu batean barruan sartuta.

Zuen intentzio barre egitea bada, hauxe da aurten ikusi behar duzuen lana. Hori bai, umore beltzarekiko sentibera bazara, ez gerturatu. Hiztegian, umore mota honen ondoan, Julitaren argazkia aterako baita hemendik aurrera. Liburu bat erraz idatzi daiteke emakume honek 90 minututan zehar jaurtitzen dituen perlekin. Lehen segundotik, azken uneraino barreari ezin eutsi pasako duzue eta kosta egingo zaizue ikusitakoa sinesten.

Umoreaz gain, kontuan izan beharreko alderdi garrantzitsuena aipaturiko Julita dugu. Dokumentalaz gozatzeko, zuzenki proportzionala delako berarekiko enpatia maila hasieratik izatea. Une surrealista eta oso beltzen azpian, jakinduria eta ignorantzia zati berdinetan banatzen ditu emakume honek. Txorakeria guztien artean egia berdadero ugari esaten dituelako.  Dena den, nik hasieratik konektatu dudan arren, ekoizpenaren erdialdean, ni eta Julita lotzen gintuen ari horietako batzuk eten egin dira. Bai, ez dizuet gezurrik esango, nazka ere sentitu dut, gazteetan falangista zela esaten duenean. Are gehiago, Primo de Rivera diktadoreaz  zeharo maitemindua zegoela aitortzen duenean.  Egia da 90 minututan denetatik esaten duela eta kontzeptu kontraesankorrak batzuetan, baina inkontzienteki une horretatik aurrera, nire garunak click txiki bat egin du eta nire barreak zuhurragoak izan dira. Kontraesan-surrealista-zoro horren eredua, segidan, diktadorearen gorputzarekin kroketak egiten zituela amesten duela esaten duenean eta amaieran Franco-ren kontrako esaldi batzuk esaten dituela, Errepublika goraipatuz. Pentsa beraz zer nolako errusiar mendi kontrolaezina den Julita.

Dokumental gisa primerakoa iruditu zait. Une batzuetan “Callejeros” saioaren bertsio luzatu bat dirudien arren, grabaturiko moduagatik eta batez ere material guzti horrekin egindako muntaiarengatik, lan maitagarri/gorrotogarri batean bilakatzen dute. 2017ko ezinbesteko lan horietakoa, zoroa,  freskoa, arina eta batez ere oso dibertigarria. Julita,  urteko pertsonaia gisa ere proposatuko nuke. Dokumental onenaren irabazlea izan zen aurtengo  Karlovy Varyn.


2- Blue Planet II Reino Unido

Zuzendaria:  David Attenborough

Non ikusi? Interneten eta DVD/Bluray merkatuan salgai duzue.

Zergatik ikusi?  Planet Earth II dokumentalaren kasuan bezala, ez pentsa animaliatxoen beste dokumental hutsal bat ikusiko duzuenik. 4 urte, 64 herrialde eta 320 kokaleku desberdin baina gehiagotan grabaturiko ekoizpen honetako hainbat uneetan, zinemaren lurrina usainduko baituzue. Zergatik? UHD formatu ikusgarrian grabaturiko lan hau, animaliak aurkezterako orduan, plano harrigarriz hornitua dagoelako, Hollywood-eko filmetako protagonistak balira bezala, akzio sekuentzia sinestezinetan murgiltzen dituzten bitartean. Muntaia perfektu batek,  ikaragarri laguntzen duelako, ekoizpen oso entretenigarri batean bilakatuz.  Xehetasun guztiak azken muturreraino zainduak daudelako azken finean.

 


1- Jim and Andy Estados Unidos

Zuzendaria:  Chris Smith

Non ikusi? Netflix

Zergatik ikusi?  Ohar garrantzitsua: dokumental hau gozatzen jakiteko, Jim Carrey gustuko izatea zuzenki proportzionala iruditzen zait, gorrotatzaileen taldean kokatzen bazarete beraz, hobe  ez gerturatzea (ala bai).  1999 urteko Man on the Moon filmean Carrey bera, Andy Kaufman-en paperean nola murgildu zen erakusten digun lan harrigarria dugu hau.  Sakontasun psikologiko ikaragarria duen lana iruditu zait, bizitza lezio bat, istorio sinestezin bat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07