blogak

Hitzartzen

Zer ikasi ohiturak aldatzeko

Ilusio berri guztiek erronka duten bezala, solaskideontzako berria den hizkuntza batean komunikatzen ikasi nahiak ere badu berea. Konfiantzaz egiten ikasi nahi dugu eta zuzen egin, eta urratsez urrats egin beharko dugu, ahal dela, bidean helburua eta zertarakoa galdu gabe.

Hizkuntza ohiturak aldatzea ikasketa prozesu bat da, ezinezkoa iruditzen zaiguna batzuetan, ikasiko dugun hizkuntza berri batean komunikatzera iritsiko garela sinestea zaila den bezala. Eta iristen da.

Lagungarria egingo zaigu kontzientzia hartzea, gure ikasteko/egokitzeko/aldatzeko modua ulertu eta indargunea zein dugun jakitea. Bizitzako beste aldaketak nola egin ditugun gogoratzeak hainbat pista eman diezaguke.

Bidean etorriko direnak aurreikus ditzakegu eta egoerak zailtasunaren arabera mailakatu, besteak beste, inplikazioagatik, kolokan dagoenagatik, jarreragatik, sortzen digun beldurragatik, ilusioagatik, konfiantzagatik edo irabaziagatik.

Egunerokoan bizi ditugun egoeretan egiten dugun emozioen kudeaketa bera ekar dezakegu hizkuntza ohituren aldaketetara ere. Zer egin gainezka egiten didanean? (zer egiten dut beste egoera batzuetan?) Nola azaldu ezina? (zer eskatzen dut beste egoera batzuetan?)

Eta entrenamenduari ekin! Egoera errazenetik hasi, esperimentatzeko laborategia aukeratu (eroso egoteko jendartea, ezaguna delako edo ezezaguna delako) eta ekin!!

Erraz egindakoak gogoan hartu, hobekuntzak irudikatu eta hurrengo erronka aukeratu.

Gure paisaia linguistikoa euskarara ekartzea, nahi dugun horretara hurbildu ahal izatea, irabazien bidea egitea da. Aldiko espazio berri bat, aldiko pertsona berri bat, aldiro-aldiro euskararen mapa handitzeko bidea egitea da.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07