blogak

Hitzartzen

Zaila al da harreman hizkuntza aldatzea?

Askotan entzun dut esaldia: “Norbait hizkuntza batean ezagutu duzunean oso zaila da harreman hizkuntza hori aldatzea”. Betiko gauza gutxi daudela ematen duen gizarte post moderno honetan, badirudi harreman hizkuntza betikotzen den gauza apur horietako bat dela. Egia ote da?

Aurreko batean Jone Goirigolzarrik emandako saio batean parte hartu genuen. Hiztun berrien erabileran hizkuntza-ohiturek eta beste gako batzuek dituzten eraginei buruzko ikerketa batzuei buruz aritu zen. Saioaren une batean harreman hizkuntza aldatzeari buruzko zailtasuna jendartean zabaldutako ideologia bat dela aipatu zuen Jonek. Pertsonek tinkok sinesten duten sinesmen bat dela. Horri aurre egin beharko diogula, hizkuntza-ohiturak aldatu nahian baldin bagabiltza.

Partaideon artean hainbat hausnarketa egin ziren gai horren inguruan. Horietako bat ekarri nahi dut hona. Harreman hizkuntza aldatzea zaila dela zalantzan jartzen baitzuen. Gaur egun, D ereduan matrikulatzen diren haurrek harreman hizkuntza gisa euskara izaten dute. Baina urteak aurrera joan ahala, kasu askotan gaztelaniara aldatzen dute, harreman hizkuntza gaztelania bihurtuz. ARRUE ikerketaren datuetatik ondorioztatu dezakegu joera hori. 2015ean jasotako datu pare bat emateagatik: LMH4ko ikasleek ikaskideekin gelan %68,2ko euskarazko erabilera erakutsi zuten; aldiz, DBH2ko ikasleek egoera berean %38,3koa. Ikaskideekin jolastokian jasotako erabileran ere aldea dago: LMH4n %40,9ko erabilera jaso zen, DBH2n %23,6koa. Badirudi, urteetan aurrera joan ahala, harreman hizkuntza aldaketa ematen dela.

Hori guztia ikusita, hain zaila al da harreman hizkuntza aldatzea? Agian aldaketaren norabideari erreparatu beharko genioke. Pentsa dezakegu faktore batzuek eragiten dutela euskaratik gaztelaniarako aldaketa horretan. Zer pentsatua ematen digu horrek ezta? Euskaratik gaztelaniara aldaketa lortzea errazago izateko, zer beharko genuke?

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07