blogak

Hitzartzen

Euskaldunen aktibazioaren historia txiki bat: ur tantak ur korronte bihurtzen direnean.

Argi nuen hasieratik: egunen batean denok elkarrekin egingo genuen. Bakarka hasitako bidea, kolektibizatu eta komunitate osoak egingo zuen. Jendartean gure mezua zabaltzeko ezinbesteko bidea iruditzen zitzaidan. Egun, denon ahotan dagoen euskaldunen aktibazioaz ari naiz.

Gogoratzen dut TELP saioak ematen hasi ginenean, partaideei hizkuntza portaerak aldatzeko gonbita egiten genien eta, horretarako, baliabideak ematen genizkien, euskarari eusteko ahalik eta egoera gehienetan. Ondoren, partaide bakoitzak bere inguruan hizkuntza portaerak aldatzeko gomendio eta baliabideak praktikan jartzen zituen, gehienetan bakardadean eta talde batek ematen duen babesik gabe. Egia esan, sarritan abiapuntuak horrelakoa izaten dira, bakardadean eman behar dira lehehengo pausoak. Horren adibide dugu Rosa Parks, bakarka burututako ekintza batek sekulako eragina izan zuen eskubide zibilen aldeko mugimenduan.

Garai haietan garbi ikusten nuen hizkuntza portaerak aldatzeko ahalegina errazagoa, erosoagoa eta indartsuagoa izango zela taldearen babesarekin eginez gero.  Lutxo Egiak egindako performanceak jarri zion epilogoa garai horri; azken batean bakarka egindako esperientzia izan zen. Fase horretan banakoak aktibatzen genituen, euskarari ahalik eta gehien eutsiko zioten euskaldun aktibatu isolatuak nolabait esateko. Itsasoan erortzen diren euri tantak bezala, elkarrekin sor genezaken ur korrontearen egarriz.

Ondoren Egiatik etorri zen notizia: Egian euskaraz bizitzeko taldekako ahalegina egingo zuten! Hasierako harridura atzean utzi eta fase berri baten hasiera zela sumatu nuen. Fase logikoa, hain zuzen ere. Euskaraz bizitzeko esperientziak bakarka egitetik maila komunitarioan egitera salto egin genuen. Ondoren “Egia euskaraz estiloa” hedatzen hasi zen: Agurain, Hernani, Astigarraga, Añorga, Donostiako Piratak, Lasarte-Oria eta beste hainbat tokitan. Euskaldunak aktibatu eta taldearen indarraren babesarekin hizkuntza ohituretan eragiteko esperientziak zabaltzen joan ziren Euskal Herrian zehar.

Honezkero, irakurle, fase berri baten hastapenetan gaude Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak Euskaraldia ekimena iragarri zutenetik. Oraingoan eremua Euskal Herri osoa da. Hiztun komunitateko talde handi batek, elkarrekin eta aldi berean, gauzatuko du aktibazio ekimena. Hizkuntza portaeretan eragiteko helburuarekin, euskaraz ahal den guztietan egiten saiatuko gara, euskara ulertzeko gai direnen aktibazioa bidelagun dugularik. Euskaraz bizitzeko gure bidaiaren ibilbidea ez da 2018ko abenduaren 3an amaituko. Aldiz, fase berri baten hastapena izango da. Fase berri honetan euskaldun aktibatuak ur tantak izateari utzi eta ur korronte bihur gaitezke. Lehen bakarka egiten genuen, orain elkarrekin egiten ikasten ari gara. Eta kristalezko sabaiak aipatzen diren garai hauetan, ur tanta isolatuek ez dute ahalmenik kristalezko sabairik apurtzeko; ur korronte indartsu batek, aldiz, bai.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07