blogak

Hitzartzen

Ahalduntzea eta asertibitatea: elkar lotutako bi kontzeptu

Duela gutxi begirada bat bota nion Joxemi Zumalabe Fundazioak argitaratutako Dabilen harriari goroldiorik ez: militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen liburuari. Liburuak hainbat pertsonekin egindako gogoeta kritikoaren emaitza da, herrigintzan diharduten taldeen eta pertsonen militantzia aztergai hartzen duena.

Orrialdeen artean topo egin nuen ahalduntzeari buruzko definizioa batekin:

“Prozesu bat da, zeinaren bidez zapalduriko pertsonek haien bizitzen gaineko kontrola irabazten duten, betiere beste pertsonekin elkar harremanean, eguneroko eta gizarte egituretako jardute eraldatzaileetan parte hartuz eta beraiengan eragina duten kontuetan eragiteko ahalmena areagotuz. Baina boterearen jardute hau ez da besteen gainean aplikatu nahi baizik eta besteekin batera eta gainera xede zehatzak dituen boterea da, hots, boterearen teoria politiko eta soziologikoetan ohikoa izan denaren kontrakoa da, ez menderatzearekin loturik lihoakeen boterea” (Del Valle, 1999).

Definizioa irakurrita, asertibitatearen definizioekin dituen loturak etorri zitzaizkidan burura. Asertibitatea definitzerakoan autore gehienek asertibitatea lotzen dute norberaren eskubideak, iritziak emozioak adieraztearekin, besteen eskubideak errespetatuz eta haiek mindu barik. Adibide gisa Walter Risoren definizioa ekarriko dut:

“Pertsonari oposizioa (ezetz esatea, desadostasunak adieraztea, kritikak egin eta jasotzea, eskubideak defendatzea eta sentimendu negatiboak oro har adieraztea) eta afektua (laudorioak eman eta jasotzea, sentimendu positiboak oro har adieraztea) modu egoki batean adieraztea (distortsio kognitiborik edo antsietaterik gabe eta hitzezko eta ez hitzezko osagaiak ahal den modu efektiboenean konbinatuz) ahalbidetzen dion portaera, bere interes eta helburuekin bat etorriz, besteen eskubidea errespetatuz eta jarritako xedea lortzen saiatuz. (Restrepo Sanchez, 2000)

Ahalduntzea gugan eragina duten kontuetan eragiteko ahalmena handitzean datza; Asertibitatea eskubideak defendatzeko ahalmena handitzea da. Era berean, ahalduntzean ahalmen edota botere hori, ez da besteen gainean aplikatzeko, ez da bestea mendean hartzeko helburuarekin erabiltzen; asertibitatea erabiltzerakoan esan dezakegu besteen eskubideak errespetatuz eta mindu gabe jardunez arituko garela.

Gure portaeraz, hausnartzeko balio digute parekotasun horiek. Nolakoa izan beharko lukeen gure portaera ahalduntzen garenean eta gure eskubideak defendatzen ditugunean. Eta hona helduta, ikuspegi enpatikoaren garrantzia azpimarratuko nuke, bestea ez mintzeko, bestearen tokian jartzen jakitea eta ulertzea ezinbestekoa delako, baina gurea defendatzeari utzi gabe. Hizkuntza normalizazioa helburu duen eraldaketa sozialak menperatzaile/menperatu dinamikak gainditzea eskatzen digu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07