blogak

Hitzak airean

Lana, ilusioa, samurtasuna, erasoak, nekea eta kasko gorriak

Otsailak 20, ikasle mugimenduan militatzen dudanetik egun honen zain egon naiz. Herri Unibertsitatea, gurea izango den unibertsitatea nirea egingo nuen eguna. Inposaketa guztien gainetik herritik eta herriarentzat sortutako jakintza, gure jakintza.
Lana. Lana egiteko gogoa, barrenak proiektu honengatik hustutzeko gogoa. Komunikatiboki uneoro kubritzeko gogoa, horrek suposatzen zuen desgastea kontuan hartu gabe. Plangintza, hitzaldi guztiak lotzea, janaria erostea, bakoitzaren ardurak, ongi betetzea.
Ilusioa. Etorkizuna oraina bihurtzeko gogoa. Anaia-arreba eta lehengusu-lehengusina gazteenei eta datozen belaunaldi guztiei hezkuntza heteropatriarkal kapitalistaren atzaparretatik ihesi doan hezkuntza bat bermatzeko. Hezkuntza haiena sentitzeko, eta ez “goiko” gizon trajedunek diotena Alba Fatuartek esan zuen bezala “odolez zikindutako hitzekin” barneratzeko.
Samurtasuna. Ni, zu, gu, hura, haiek. Guztiok, kolektibo gisa, elkar zaintzea, lau egun nekez hauetan zehar familia bihurtu direnak. Lehen bistaz ezagutu, eta orain kide sentitzen dituzunak. Ezertaz ezagutu gabe irakatsi dizutenak. Lehen lagun zirenak eta orain, anai-arreba. Etorkizun hobe baten bila ibiltzearen desira. Maitasunez prestaturiko oilasko bularrak rokefortarekin, makarroiak, gixaua… Magiseko fakultatea txukuntzen, apaintzen, elkarlanean aritzea… Gurearekiko maitasuna, borrokarekiko maitasuna, helburu argiekiko maitasuna.
Erasoak. Erantzunak. Gure unibertsitatea, gurea izango den heinean, denena behar du izan, baita berdintasunarena ere. Komun komunen aurkako erasoa. Txiza zutik egin nahi duten gizonen aldetik. PUM, PLAS, PLAS, PUM, PLAS, PLAS. Sorginen oihuak. Indarra. Erantzuna. Ahalduntzea. Aretoa zuena da. Hitza ere bai. Are gehiago borroka. Isiltasuna. Txaloak. Irabaziko duzue.
Nekea. Lau egun. Goiz eta arratsalde lanean. Hamaika hitzaldi, hamaika elkarrizketa. Hamaika otordu prestatzeke. Hamaika ardura. Hamaika lan. Hamaika bide. Hamaika borroka. Helburu bat. Lurrean lotan, 4-5 orduko loaldiak. Esnatu eta lanera edo ikastera, edo lana eginez ikastera edo ikasiz lan egitera. Hala ere, nekea, agobioa, estresa. Dena amets batengatik. Dena etorkizunagatik. Dena guregatik, zuengatik eta haiengatik. Dena Herri Unibertsitateagatik.
Kasko gorriak. Ez sinistu ETBk dioena. Ez sinistu El Correok dioena. Ez sinistu dekanotzak dioena. Ez sinistu errektoretzak dioena. Ez dira egia zabaltzen ari, beraiek badakite.
Ikasleak ez ziren teilatura baimena zutelako igo. Ez. Ikasleak, baimena zutela, hura kendu, eta desalojatuko zituztela jakin zutelako igo ziren teilatura. Eurena dena defendatzera. GUREA dena defendatzera. GURE HEZKUNTZA defendatzera.
Gaur, atzo baino ozenago egiten dugu oihu. Gaur, atzo baina indartsuago defendatuko dugu gure hezkuntza. Gaur, atzo baino indartsuagoak gara. Gaur, atzo baino argiago.
HERRI UNIA, AURRERA!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07