blogak

Hitzak airean

Heriotzaz

Beldurtu ere egingo zineten asko post-aren izenburua ikusterakoan. Hala baita. Heriotzari beldurra (edo gutxienez errespetua) izatera behartu gaituzte. Sexuarekin batera gizarteko tabu handienetako bat dela esatera ausartuko nintzake. Zergatik ordea heriotzaz hitz egin? Bi arrazoi: Lehena, sexuaz hitz egiten hasten banaiz degeneratutzat hartuko nauzuelako eta bigarrena orain aste bat eta 3 egun gure "Attona" hil zelako.
Bai. Attona hil zen pasa den igandean. Larunbatean Durangon nengoen euskal kulturaz (Sagardo eta garagardo) gozatzen eta igande iluntzean jaso nuen mezua, autobusean nintzela. Etxera deitu eta hitz gutxi batzuk nahikoa izan ziren lasaitzeko. Lehen mezu hori izan zen egia absolutua esan zidan bakarra, jaso nituen hamarnaka mezuetatik "Aitona hil da" zioen bakarra, mezu gordina askorentzat, argia niretzat.
"Sentitzen dut", "enteratu naiz aitonarenaz", "animo, garai gogorrak datoz"... E-U-F-E-M-I-S-M-O-A-K. Mezua bidaltzera ausartu zen pertsona gogorrenak ere ez zuen nahikoa adore izan "Aitona hil da" esatera. Egia da gogorra dela eredu izan duzun pertsona bat berriro ikusiko ez duzula asumitzea, eta mezuak eskertzekoak dira. Finean horrelakoetan jakiten baita zein den alboan duzuna, eta zein ahaztu den zutaz, hortaz, zeinetaz ahaztu behar zaren. Baita nork lagunduko dizun aurrera egiten. Hemen paper berezia dute astean zehar eta asteburuetako familiek. Betiko lagunek ere noski. Baita noizbait egon zirenek, eta bat-batean ezerezetik azaldu, eta madalenen moduan negar egitera bultzatzen zaituztenek. Sentimentalegi jarri gabe, esan beharra dut igandean, amonaren etxetik bueltan gaueko 23:00etan gurasoekin edukitako konbertsazioa edo gogoeta dela post honen errudun nagusia.
Etxeko sukaldean ginen, aita gabe gelditu zen semea, aitaginarreba gabe gelditu zen erraia eta aitona gabe gelditu zen iloba. Hirurak osorik, baina isilik. Nik hartu nuen hitza orduan: "┬┐Sabeis? Nadie a tenido el valor de decirme que el aitona ha muerto". Horrekin eman genion hasiera elkarrizketari, eta nik, heriotzarekiko dudan jarrera gizarteak orokorrean duenaren oso ezberdina da. Oso presente dut nire egunerokoan eta badakit edozein momentutan, edonon, edonor inoiz berriro ez ikusteko arrisku konstantean bizi garela. Eta ez nau beldurtzen. Ez zen gurasoei hau esaten nien lehen aldia antza, orduan, amak esan zidan aspalditik datorkidan kontua dela hori, 3 urte nituenean irakasleekin hainbat elkarrizketa izan zituela nire heriotzarekiko "interesa" zela eta. Galdera asko egiten omen nituen gaiaren inguruan eta interes handia erakusten nuela. Badirudi gizarteak inposatutakoa dudan jartzea txikitatik dudan obsesioa dela.
Zalantzan jarri nahi dut heriotzarekiko dugun ustea. Dudan zergaitik ez digun beldurtzen gizarte honetara izaki berri bat sortzeak, eta zergatik ematen digun beldurra bizi garen ustelkeria hontatik alde eginez hiltzeak. Bai, HILTZEAK.
Hitza zuena da. Orain, bihar edo etzi, hemendik 40 urteetara edo 60ra hilko zarete eta, nork daki, agian usteltzen hasiak zarete onezkero.
Eraldatu oraina.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07