blogak

Hitz harrapakariak

Irakurketa tertulia erraldoia

Irakurketarekin lotutako herri ekimena martxan da Beasainen. Ahalik eta herritar gehien irakurketan murgiltzea izango da helburua eta, ondoren, tertulia egitea Euskaraldiaren barruan. Bi liburu daude aukeran, bakoitzaren gustu, adin, irakurketa ohitura edota hizkuntza mailaren arabera hautatu ahal izateko: bata, Uxue Alberdiren Jenis Joplin eta, bestea, Juan Kruz Igerabidek itzulitako Kafka eta panpina bidaiaria, Jordi Serra i Fabrak idatzia.

Irailean herriko hainbat eragile, elkarte, sortzaile, politikari eta bestelako norbanakorekin egin zen bilera ekimena aurkezteko. Batzarrean izandako partaide bakoitzak ingurua astintzeko konpromisoa hartu zuen eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarren kopurua gorakada doa etengabe. Badirudi hasiera batean erronka modura ezarritako 111 lagunen langa gaindituko dela.

Norbanako bakoitzak bere erritmora irakurriko du hautatutako liburua eta abenduaren 1ean, 16:30ean, izango da irakurketa tertulia erraldoia. Herriko hamaika gunetan (Arriaran auzoa, Igartza auzoa, gaztetxea, Igartza, CAF enpresa, Ezkiaga auzoa…) elkartuko gara irakurleok, taldeka, liburuaren inguruko tertulia egiteko. Horretaz gain, solasaldia izango da Alberdi eta Igerabiderekin Igartza jauregian, 18:00etan.

Ekimenean parte hartu nahi izanez gero, bidali e-maila helbide honetara: beasainhe@gmail.com. Mezuan izen-abizenak idatzi, zer liburu irakurriko duzuen eta tertulian parte hartuko duzuen ala ez. Izan ere, tertulian izaterik ez baduzue ere,irakur dezakezue liburu horietakoren bat.

Ni ere banoa. Eta zu?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07