blogak

Hitz harrapakariak

Hitzak irudi bihurtzea

Uztaileko gau batean telebistako kateak dantzan nituela, The first great train robbery (Lehenbiziko tren lapurreta handia) filmarekin egin nuen topo. Zer pelikula zen jabetu orduko, urrutiko agintearen botoietatik aldendu nuen hatza. Filma hasia zen ordurako, baina puntu interesgarrienetakoan harrapatu nuen, zorionez. Aurrez ikusi gabea nintzen baina istorioaz banekien zertxobait, gaztetxotan behin baino gehiagotan irakurri bainuen Michael Crichtonen eleberria. Liburuaren egileak berak idatzi zuen filmaren gidoia eta baita zuzendu ere.Arreta handiz eta gogotsu ikusi nuen amaierara arte, nire memoria lausoak ikusten ari nintzenarekin bat egiten ote zuen jakiteko batetik eta, bestetik, liburutik filmera zenbateko aldea ote zegoen jakin-minez. Nahiko fidela iruditu zitzaidan, gogoan nuenarekin alderatuta, eta irribarrea atera zitzaidan hainbat xehetasun oroitzapenetan berpizten ari ziren heinean. Gozatzen nuen liburua irakurtzen eta pelikulaz ere bai, egia esan; tamalez, labur samarra iruditu zitzaidan, osorik ikusi ez nuelako eta ikus-entzunezkoetan liburuan adina kontu jasotzerik izaten ez delako ere bai, ziur asko.

Liburua berriz irakurtzeko gogoa piztu zait; gaizkileak miretsi, ezusteko trabak eta tentsioa gainditu, eta bidaide dituzun pertsonaiak garaile eta zigorgabe ateratzeko esperantzari eutsi. Ziur nago oraingoan ezberdina izango litzatekeela irakurketa, hitz guztiak berak eta ordena berean izanik ere. Ni neu dezente zaharragoa izaki, ziur naiz lehen erreparatu gabeko xehetasunen batzuez jabetuko nintzatekeela, agian zuloak edo korapiloak topatuko nizkiokeela edota beste zerbait jasoko nukeela. Hori bai, seguru nago ikusitakoak nire irudimenean eragingo lukeela. Ez dakit zer irudikatuko nuen bere garaian hitz horiek irakurtzerakoan, baina orain aurpegi definitua eta jakina izango luke Edward Piercen pertsonaiak, Sean Conneryrena hain zuzen ere. Gauza bera gertatuko litzateke gainerako pertsonaiekin, nagusiekin behintzat, eta paisaiak eta gainerakoak ere baldintzatuko lituzke.

Hauxe izaten da sarritan arazoa irakurritako liburu batean oinarritutako filma ikusterakoan: argumentua aldatu dutelako edo pertsonaia batzuk kendu dituztelako asaldatzen gara, edota norberaren ustez pertsonaien arteko unerik onena agertzen ez delako, itxura arruntekotzat deskribatzen zen pertsonaia galai bihurtu dutelako eta abar. Argi dago zaila dela, ezinezkoa, norberak bere irudimenean eraikitakoa zehatz-mehatz pantailan islatua ikustea; zuzendaria izaki bat da eta irakurlea beste bat, eta bakoitzak bere eran jasotzen eta interpretatzen du hitz bakoitza, bera denetik, bere esperientziatik.

Bestetik, denbora mugatua da ikus-entzunezkoetan eta baita baliabideak eta bestelakoak ere. Testu idatziak ere baditu ditu, noski, mugak -istorioaren sinesgarritasuna, hitzen irudikatze gaitasuna dela edo bestelako arrazoiak medio- baina askeagoa da zentzu horretan; erraz esan daiteke idatziz kohetea abiatu eta lehertu egin dela edo hartza katagorri bihurtu, baina bestelako erronkak sortzen ditu horrek iruditan jarri behar izaten denean, nahiz eta gaur egun teknologiak asko errazten duen. Horretaz gain, idatziz funtzionatzen duen eszena bat egokitu beharra ere suertatu daiteke, idatzizko hizkuntza eta irudi bidezkoa ezberdina delako. Gainera, gerta daiteke liburuan agertzen den eszena ondo egokitzea baina emozio horiek ondo ez transmititzea edo eszena ona izan arren, filmaren onerako kanpoan utzi behar izatea. Marketin kontuak ere ezin ditugu alde batera utzi, noski. Filmaren balizko arrakastak eta errentagarritasunak erabaki ugari baldintzatzen ditu, batez ere kostu handia duten horietan.

Azken finean, exijentziak exijentzia, istorioaren esentziaren interpretazioa norberarenarekin bat datorrenean ematen diogu onespena egokitzapenari. Kontuan izan behar da birsortze eta interpretazio berri bat ere egoten dela, beraz, onena jarrera irekiz ikustea izaten da, egingo digun ekarpenari ongietorria ematea. Amaieran konbentzitzen ez bagaitu, hor izango da beti liburua.

Oro har, aitortuko dut nahiago dudala filma ikusi lehenengo, eta gero liburua irakurri; gauzak ez dira beti horrela suertatzen, ordea. Gainera, nire ohiko modus operandi-ari traizio egin izan diot azkenaldian. Nocturnal animals eta Wildlife filmen berri izan nuenean, liburuak irakurtzeko irrika sortu zitzaidan. Lehenengo Tony & Susan liburua irakurri nuen eta ondoren Tom Fordek zuzendutako filma ikusi. Trailerra ikusia nuenez, aktoreen aurpegiak irudikatu nituen pertsonaienen lekuan. Esperientzia atsegina izan zen filma ikustea ere, ez dut gogoan kirrinka handirik eragin zidanik barruan. Aurten, berriz, Richard Ford idazlearen izen bereko liburuan oinarritutako Wildlife pelikula ikusteko aukera izango dut eta ea zer nolako esperientzia izaten den. Istorioa berezia iruditu zitzaidan oso, eta bereziki gogotsu nago Paul Dano, Zoe Kazan, Carey Mulligan, Jake Gyllenhaal eta konpainiak egindakoaz gozatzeko.

Modu batera edo bestera, literaturak eta zineak elkar elikatzen jarraituko dute aurrerantzean ere, eta guk bien bidea jarraitu beharko genuke, nahi dugun moduan eta ordenan. Izango dira liburua baino film hobeak ere, baina ez irakurtzearren ikus-entzunezkoetara jotzen dutenek, ez dakite zer galtzen duten…

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07