blogak

Historia eta gaurkotasunaren harian

¡Que vienen los bárbaros!

dsc_0251

 

Maiatza zen gertatu zenean, milaka nafarrek amestutakoa posible zen jada. Errejimena erori zen Erroma barbaroen esku bezala. ¡Que vienen los bárbaros! Iñoiz baino ozenago hasi zen entzuten erreinu zaharrean. Etxe abertzale askotan momentuko estasiaren ondoren berehalako shock egoera etorri zen. Bertigo eta beldur handia somatzen genuen askok, hau guztia Agoitzeko herria miseriara kondenatu zuen buruzagi navarrista etbn zer esan ez zekiela ikusten genuen bitartean. Hau gaua maiatzako igande hartan bizi izan genuena. Bere moduan abertzale garenon gaua bihurtu zen. Seguru naiz gau hartan irrintzi ozen batek alaitu zituela Aezkoako baztarrak. Bitartean mezuak leku guztietatik eta beldurra panikoa. Lortuko ahal du gobernu berriak Nafarroaren aldaketarako oinarriak ezartzea? Finean lortuko ahal dugu Nafarroa justuago bat egiten?

Historialariek ere ez dakiten garaitik zapaldua izaten ari zen Nafarroa Garaian gure gobernua azkenean. 4 urteko barealdia Argia ikastolako gurasoentzat, 4 urteko barealdia Sakanaren desegitea geldituaz, 4 urteko barealdia euskarazko kazetaritzarentzat eta 4 urteko barealdia berak hartutako erabakia zapaldu eta abortatzeko eskubidea ukatzen zioten emakumearentzat. 4 urteko barealdia gutxiengo arbuiatu eta barbaroarentzat.

Guretzako barealdia zena, Nafarroako patriciado gorenarentzat tsunami bihurtu zen. Urtea joan urtea etorri eragile separatista barbaroek egindako lanak bere fruituak eman zituen.  Kapitoliotik kanpo zeuden buruzagi txit gorenak. Kapitolioa barbaroen eskuetan zegoen.

Aldaketak Nafarroa Garaiaren bigarren konkista bat burutu zuen. Baina Aldaketa oso anitza da eta honen esanahia maiz oso desberdina.  Hortxe gobernu berriaren koska edo erronka,  aldaketak ordu arte sinbolizatutakoa herritarrek bere egitea. Barealdia indarrak hartu eta lasai egoteko eszena bat izatetik, aldaketa guztiok familian edo lagunartean bizitzeko pasarte batean bihurtu zedin.

Eta nola ez etorri zen berriro ¡Que vienen los bárbaros! esaldiari lotua etortzen den hitz magikoa. Diskriminazioa. Barbaroek beraien legeekin diskriminatu nahi gaituzte. Beraien kultura inposatzera datoz. Barbaro garenok urteak daramatzagu diskriminazioaren lagunak izaten, izan Nafarroa Garaian, Araban, Bilboko denda-batean edo Donapauleko taberna batean. Euskaldunak beti diskriminatzen! A ze marka… odolean daramagu antza.

Noiz arte egin behar diogu amen Erromari?

Euskal Herria irratia Nafarroan lasai entzun dadin, euskaraz ikastea Elizondon edo Vianan berdina izan dadin eta Lizarraldeko gurasoek beraien seme alabek euskaraz ikasteko egunero kilometro pilla egin ez dezaten lan egiten jarraituko dugu askok. Hurrengo urtean Korrikaren aitzakiapean Erriberara ere plazer handiz joango naiz bertakoekin korrika egitera. Ni bezala hau dena egi bihurtzeko milaka lagunek egiten duten lana diskriminazioa dela esaten duten horientzat, gure gobernuak ateratako EPE elebiduna diskriminatzailea izango da beti. Zapaltzaileak bere demokrazian sinesten du Nafarroan Turkian edo Kortsikan. Erdaldun unibertsalak barbaroen euskara ikasi eskolak emateko? Mesedez!

Zoritzarrez jarrera berdina hartu dute, aldaketaren partaide diren eta guztiontzako justizia soziala exijitzen dutenek, baita dena aldatzera zetozen horiek ere. Urteetan inposatu den elebakar unibertsalen justizia exijitu diote gobernuari. Gure gobernuak berriro ere Erromaren beldur atzera egin du.

Argi geratu da beraz aldaketaz hitz egiten dugunean, batzuen aldaketa ez dela nire aldaketa. Niretzat aldaketaren oinarrietako bat euskaldunetzako aukera berdintasuna da. Berdintasuna ezean barbaroak izaten jarraituko dugu gure herri propioan. Euskararen inguruan marra gorriak finkatzeko ordua iritsi da. Gure gobernua bultzatzen jarraituko dut dudarik gabe, baina azken erabaki honekin ez da aldaketarik euskaldunontzat. Azkenaldia izan dadila mesedez, aldaketak poza ekartzeaz gain frustrazioa ere ekar baitezake eta bestela aldaketa ez baita euskalduna izango ez da gurea izango.

 

 

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07