blogak

Historia eta gaurkotasunaren harian

Palestinarren oihua Sirian

Uztailaren amaieran 12 urteko errefuxiatu palestinar baten hilketaren berri izan genuen. Komunikabideek argi erakutsi ziguten errefuxiatu palestinarrak ere Siriako gerraren gordintasuna pairatzen ari direla. Abdullah Issa Yarmuk-eko errefuxiatu palestinarren esparruan bizi zen, Nuredin al Zinki Estatu Batuek ekonomiko lagundutako miliziak atxilo hartu eta erail zuen arte. Gaztea Palestinako Yihad Islamikoaren beso armatua den Al Quds brigadako kidea zela esan ostean hil zuten (Al Quds brigada Alepoko frotean Siriako armadarekin batera ari da borrokan).

Neurri gabeko basakeria horren aurrean Siriako errefuxiatu gune palestinarretan alarma gorri guztiak piztu dira. Guda hasi zenetik errefuxiatu gune palestinar asko muturreko talde islamisten (Al nusra, Daesh) eskuetan egon dira eta egoera nabarmen okertu da. Lurralde kurduetan aurrez gertatu bezala, palestinarrek autodefentsa milizia antolatuak sortzeari ekin diote, goian aipatutako talde eta oposizioko zenbait milizien jazarpenei aurre egin eta bertan geratzen diren diren zibilak babesteko. Siria da errefuxiatu palestinar gehien dituen herrialdeetako bat. Erbestean bizi diren palestinarrentzako 13 errefuxiatu esparru daude bertan.

Marta Serafini eta Giuseppe Dentice-k Siriako errefuxiatuen inguruan “Corriere Della Sera”an argitaratutako lanean ikus dezakegu, egoera denborekin okertzen joan dela. Lur siriarrean dauden errefuxiate guneetan gerra hasi aurretik 400.000 errefuxiatu inguru bizi ziren. Gerraren krudelkeriak bigarren aldiko ihes batera behartu ditu horietariko 200.000 errefuxiatu. Askok Libanora alde egin behar izan dute. Bertako bizi baldintza gogorrek behartuta Europarako bidea hartu dutenak ere aunitz izan dira. Asko Europara sartu ezinik geratu dira Europar Batasunean bizi dugun errefuxiatu krisiaren aitzakiapean.

Gatazka militarrarekin Sirian ireki daitezkeen eszenario politiko berrien beldur dira palestinarrak. Siriako oposizioaren gehiengo handi batek errefuxiatu palestinarrak gobernuaren aliatu natural bezala hartzen ditu eta horrek errefuxiatu esparruetan gerra hasi aurretik zegoen elkarbizitza kinka larrian jarri du.

yarmouk

Errefuxiatu palestinarrak Yarmuk-eko errefuxiatu gunean. Arg: Porisrael.org

DSC_0363

“Ez gaitzazue bigarren aldiz hil” Yarmuk-eko errefuxiatu palestinarren aldarria. Gerraren krudelkeriak bigarren aldiko ihes batera behartu ditu horietariko 200.000 palestinar. Arg: Egyptianchronicles.blogspot.com

Esan bezala hainbat errefuxiatu eta mugimendu palestinarrek gatazkan aktiboki parte hartzea erabaki dute. Siria eta beraien bizimoduaren defentsan, frontea boluntario palestinarrez bete da. Errefuxiatu gune desberdinetan eratu diren 13 autodefentsa taldeez gain, Al Nirab, edo Yarmuk-eko errefuxiatu guneetan indartsuak diren Palestinako (Yihad Islamikoak, Fatah, FPLP) mugimenduek miliziak eratu dituzte gerra fronte gogorrenetara indarrak bidaltzeko. Talde hauek denak Siriako armada lagun Alepoko frontean dihardute borrokan. Bide horretan askatu dute duela hilabete Handarat-eko errefuxiatu gune palestinarra, 3 urte islamista erradikalen eskuetan egon ostean.

Yarmuk-refugee-ca_3412503b

Yarmuk-eko kaleak gerraren poderioz suntsitua. Arg: The Telegraph

130726-lebanon-refugees

Siriako gudak leku aldatzera behartutako palestinar gehienek Libanorako bidea hartu zuten. Horietariko askok Europarako bidea hartu dute bizi baldintza hobeagoen bila. Egun 35.000 errefuxiatu palestinarrek jarraitzen dute Libanon. Arg: Mohamed Asad/ APA images

Nazioarteko hainbat komunikabide arabiarrek aspaldi hitz egin zuten Hamas mugimenduak eta errefuxiatu guneetako hainbat taldek, oposizio siriararri eman izan dioten babesaz. Egon badaude Siriako gobernuaren aurkako talde palestinarrak ere eta maiz errefuxiatu guneetan egituratuak izan dira. Honek errefuxiatu gune askotan tentsioa muturreraino eraman duelarik. Ikusi dugun moduan baina, palestinar herriaren posizioa ez da komunikabide zehatz horietatik interesatuki saltzen saiatu direna. Palestinako herria gaur egun munduko beste herrialde guztiak bezala etnikoki eta kulturalki oso anitza den heinean, ezin da esan lubakiaren alde batean edo bestean dagoenik. Are gutxiago Palestinako herria Siriako gobernuaren etsai edo babesle sutsua denik.

 

x2056700.png.pagespeed.ic.hKDzFEl7Ut

Boluntarioa palestinarrak Handarat-eko errefuxiatu gune palestinarra askatu berritan. Arg: Leadstories.com

Gatazka ulertzeko beraz ez da nahikoa Siriako oposizio armatuaz edo erregimenaz hitz egitea. Naziarteko eskuhartzeak izugarrizko garrantzia hartu duen honetan, laster eroriko da gudaren balantza alde batera edo bestera. Errusiak eta Iranek gobernua, Turkia Saudi Arabiak eta AEB-ek oposizioa. Triskantza honen aurrean topatu dira aurretik Israelen zapalkuntzak beraien lurraldetik ihes egitera behartutako zibil palestinarrak. Gudaren bilakaerak finkatuko du errefuxiatu palestinarren etorkizuna gerra osteko Sirian.

Laura Arau-ren bideo honetan ikus dezakegu bigarren aldiz ihes egitera behartuak izan diren palestinarren sufrikarioa.

The post Palestinarren oihua Sirian appeared first on Historia eta gaurkotasunaren harian.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07