blogak

Historia eta gaurkotasunaren harian

Nora zoaz Europa?

Inork espero ez zuenean inkesta guztiek huts egin eta “Brexit”-a gailendu zen Erresuma Batuan. Korporazio handiek kontrolatutako komunikabideak munduaren amaiera iragartzeari ekin zioten berehala “moneta erori egingo da eta berarekin herria…”. Berriz ere Europar Batasuna gizarteari laguntza eskaini beharrean beldurra sartzen. Multinazional handiek eta city-ak ezarritako beldurrak ordea ez zuen behar bezain besteko eraginik izan Britania Handiko biztanleengan eta batasunetik ateratzea erabaki zuen herriak.

“Brexit”ak gaur egungo Europar Batasuna eta bere politikak larru gorritan utzi ditu. Berarekin batera Europar Batasun justu eta demokratikoago baten aldeko hautua egiten zuen Jeremy Corbynen alderdi laborista ataka larrian jarri du. Erreferendumak azken hamarkadetan indartzen doan euro eszeptizismoari (2005. urtean ezetz esan zioten Frantziak eta Herbehereek Europa osorako Konstituzio bat burutzeko tratatuari) indarra eta hegalak eman dizkio berriz ere.

Egungo Europar Batasuna nazio subiranotasunaren zapaltzaile eta gertuko ekonomia txikien txikitzaile bihurtu den honetan, oso garratza da beronen izaera eta gaurkotasuna gizarte honen aurrean aldarrikatzea. Are gehiago hau ezkerreko mugimenduetatik egin behar bada. Alderdi Laboristak “remain”-aren izenean denon batasuna aldarrikatzen zuten bitartean, “Brexit”-aren aldekoek Europar Batasunaren burokrazia usteldua gaitzesteari ekin zioten, bertan multinazionalek estatuen subiranotasunaren gainetik zituzten pribilegioak salatu zituzten eta TTIP-a bezalako hitzarmenak estatu ekonomientzako diren arriskuaz jardun zuten. Diskurtso xenofoboak ere garrantzi handia izan duela ezin dugu ukatu.

Gure gizarteak bizi duen shock egoera honetan, eskuin eta ultraeskuinaren diskurtso praktikoa gailendu da laborismo eta ezkerreko mugimenduen diskurtso ideologikoaren aurrean. Gizartea instituzioen mesfidati eta beldur denean ezkerrak erronka bikoitza du, batetik gizarte hori dagoen shock egoeratik ateratzeko politika oso definituak egitera behartuta dago eta bide horretan politika horiek eraginkorrak eta sinesgarriak direla herriari helaraztea lortu behar du. Hori guztia egiteko Europar Batasun berri bat behar dela esatea ezta nahikoa eta azken galdeketa honen emaitzak argi erakutsi digu hori.

Europako herrialde desberdinetako langile klaseen imaginarioan gailentzen ari dena zoritxarrez ezkerraren hitz politak eta ultraeskuineko populismoaren ekintzak dira. Ikusi besterik ez dugu Frantzian Fronte Nazionalak lortu dituen emaitzak, Italian Salvini-ren erreferentzialtasuna eta Britania Handira itzuliz Neil Farage-en UKIP alderdiak galdeketan izan duen pisua. Ezkerrak historiko langile klasearekin izan duen lotura hautsi egin da herrialde hauetan. Ezkerreko mugimenduek sinesgarritasuna eta efikazia galdu dute gizarteak aurrean dituen erronkei erantzuterako orduan.

Ziztu bizian bizi den gizarte europar honetan, ezkerrak efizientea izaten ikasi behar du. Garai bateko dogmak utzi, herrira jaitsi eta arriskuak hartzera behartuta dago. Hau egin ezean politika eraldatzailearen mezuak ez du sinesgarritasunik izango. Arnaldo Otegik Bruselan eginiko adierazpenetan argi zihoen “ezkerrak egiazkotasuna galtzen duenean hil egiten da politikoki”. Jendeak ezkerrarengan konfiantza berreskuratzeko egin behar den hausnarketa ez bada egiten jai dugu.

Europan Estatuek galdu dituzten eskubideez hitz egin behar dute alderdi eraldatzaileek, ukaturik dauden gurea bezalako nazioek duten erabakitzeko eskubideaz eta norbanakoaren eskubideez. Finean, Europan aspaldi galdu zen burujabetzaz hitz egin behar dute alderdi ezkertiarrek. Bakoitzak bere erara burujabe izateko duen eskubideaz, herrialde bakoitzaren berezitasun politikoez eta hori kontuan izanik egin daitekeen elkartasunezko Europaz. Inposizio eta eskubide ukatuen Europarekin hautsi eta zerbait berria eraiki behar dela uste badugu, berdintasunezko aldarri baten oinarrietan eratuko den Europa bat behar dugu. Ukaziotik eraiki den Europa izua xenofobia eta miseria sortzeko makinaria beldurgarria bihurtu baita.

Gizarte ingelesak Europar Batasun ez demokratiko baten aurrean nazio burujabetza bozkatu du. Burujabetza da beraz Europako ezkerra berpiztu edo erailko duena. Ezkerrak lapurtutako guztiaren aurrean horma sendoa izan behar du eta ez gelditu den apurraren gestio soila egingo duen mugimendu bat.

Euskal Herrian aspaldidanik argi izan dugunak inoiz baino gaurkotasun handiagoa hartu du Europan. Eskubide sozialen defentsa eskubide nazionalen indartzetik eta burujabetzaren errespetutik etorriko dela. Hau bere egiten ez duen Europar Batasunak zail izango du aurrerantzean ere erreferendumetan gailentzea, baita bere existentzia hutsa bermatzea ere.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07