blogak

High Alaitasuna, Poesia eta prozac

Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran

Behin-behineko moduan bada ere, itzuli naiz Lizardiren baratzera. Oraingo honetan (audioko 39’30”tik aurrera) “Zigarrogileen plaza” atal berriari hasiera emateko, beti ere Jose Luis Padron handiaren laguntzaz.

IMG_20170122_182602665Iaz, baratzeko beste ertz batean, tabako usainak Billy Collins poeta amerikarraren poema gogorarazi zigun, non poesia zigarrogintza tradizionalarekin alderatzen den: Collinsen arabera “Eskuz moldatutako gauza perfektu batean / intuizio bat trinko biribiltzea” da poema bat egiteko prozesua, zigarro bat egitearen parekoa, beraz.

2016ko loreak atzean bide bazterrean utzi baditugu ere, oraindik badaude hamaika arrazoi Donostiako Tabakalera bisitatzeko.  Esate baterako, otsailaren 5a arte dugu irekita “Organismo bizidunen agentzia” erakusketa, besteak beste Maider Lopez artistak ekoiztutako bideo batekin datorkiguna: Watching Grass Grow, “belarra nola hazten den begira”.

Filmak belarraren hazkuntza erakusten du, 21 egun jarraian, eta erakusketara joan naizenetan han geratu izan naiz pantaila erraldoiari adi-adi begira, ia irudiei itsatsita. Belardi arrunt bat, denbora errealean, gertu-gertutik. Haizea, euria, intsektuak. Belarra mantso-mantso hazten, zalapartarik eta etenik gabe. Gure aurrean zabalik dagoen liburu baten moduan.

Han nago, han egoten naiz, gustatzen zait han tarte luze bat egitea. Bizitza bere xumean, bere geldotasunean, bere agentzian. Agentzia gauzak egiteko gaitasuna da, baina zein da belarraren agentzia? Zer egiten du belarrak? Gugan, zer eragiten du? Gasteizen bizi den Michael Marder filosofoak argudiatzen du landareen bizimoduarengandik asko dugula ikasteko, haien geldotasunarengandik.

Poesia gauza geldoa da ere, baina presente egon da gure agentzian, gure egiteko eta bizitzeko eran, organismo bizidun eta eledunok garen heinean. Mundu garaikide hau hitzak erabiliz eraiki, kritikatu eta goraipatu ahal da. Agentzia horretan, zeregin horretan, komeni da gogora ekartzea beste poeta amerikar bat: Walt Whitman.

Hain zuzen ere, Whitman-en liburu handiak Leaves of Grass, Belar-Hostoak du izena. Eta bere poema batzuk euskaratuta ditugu, han-hemen sakabanatuta badaude ere. Maite Gonzalez Esnal-ek, adibidez, “Haur batek” izenekoa itzuli zuen 1989an, Hegats aldizkariaren lehenengo alerako. Hori entzungo dugu.

Hilezkor bihurtu zaigu Walt Whitman bere poematan, baita bere poemekin egindako kantuetan ere. Eta gure artean ere bai. Josu Larrinaga irakasle eta lankideari esker ikasi dut Txomin Artolak diskoa osatu zuela 1978an Whitman-en euskarazko itzulpenekin, gainera Belar Hostoak izenpean. Larrinagak dioen moduan, urte horretan:

“hippy izan zitekeen Euskal Herrian, nolabaiteko love summer-a usaindu egiten zen. Frankismoa hiltzen ari zen eta […] Euskal Herrian urteotako lan identitarioa emaitzak jasotzen ari zen, euskal kultura pil-pilean zegoen […] gazte urbano askok uda baserrietan ematen zuen euskara ikasten eta alpalpa artean, neska-mutil baserritarren pagotxak dastatzen, ingurune horretan berriak ziren beste belar batzuekin batera.”

Berriak eta ez hain berriak, noski. Zer da tabakoa, belar hosto lehorra ez bada? Belarra, poesia eta biloak ederki nahasten dituen Whitman-en poema hau, “The big doors of the country barn”, Lupe Artolak eta Juan A. Letamendiak euskaratu zuten.  Txomin Artolaren ahotsean entzungo dugu, gure Zigarrogileen plazako ezohiko ateak berriro zabaldu arte.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07