blogak

High Alaitasuna, Poesia eta prozac

Paterson-Collins

Ikusi duzue Paterson izeneko filma? Izan ere, William Carlos Williams poetari buruzko filma dela esango nuke. William Carlos Williams-ek Paterson (bizi zen hiriaren izena) poema liburua idatzi zuen, “found poetry” gisa izkiriaturik aurkitu zituen testuekin, hirian bertan mediku zirauela. Baina bio-pic egin beharrean, Jarmusch zuzendari eta gidoilariak bitarteko bat erabiltzea erabaki omen zuen, Adam Driver-ek ezin egokiago egiten duen autobus gidariaren papera, alegia.

Filmak (eta filman agertzen den poesiak) beste poema bat ekarri dit gogora, Hernaniko kale literaturako lagunentzat itzuli nuen Billy Collins-en honako poema hau:

 

OSSO BUCO

 

Hezurrak platerraren kontra egiten duen soinua maite dut

baita bere gotorleku itxura ere

nire aurrean, risotto harresi baten gainean

haragi hori, aingeru baten zangoa bezain samurra,

bizitza guztiz hegalaria izan duen aingeru baten haragia.

Eta onena, hezur-muin preziatua,

animaliaren barnetasun lapurtua,

ganibetarekin aterarazia, barrura doa

ardo hotz eta kitzikagarriarekin batera.

 

Orain afal ondoko orduan kulunkatzen naiz,

aulkian etzaniko hiritarra,

sabela beteta duen kriatura:

horra zerbait apenas entzuten dena poesian,

pobreziaren eta gosearen santuario hori…

 

Baina gaur, asetasunaren lehoiak

nire bularrean atzapar sendo eta beroa pausatu du,

eta zer egin dezaket? Begiak itxi eta entzun, besterik gabe,

urrutiko lotsaizunaren danborren marmarra

eta nire emaztearen barrea

gela ondoko telefonoan:

bera da osso buco zaporetsua prestatu duen emakumea,

nahi zituen hezurrak zeintzuk ziren harakinari esan dioena.

Bera da urrutiko lagunari hitz egiten diona

mahai ondoan esertzen naizen bitartean

te kikara lagun, bero eta maitekor.

 

Nonbait harkaitzez harkaitz igo da norbait,

eskuak eta belaunak odolean, penitentziagile irlandar batek

munduaren harria urdailean daramala;

eta edonon herri guztietako jendea elkarri begira dago

mahai luze eta huts baten inguruan.

 

Baina hemen, kandelek distira goxoa ematen dute,

Axularri eta Oihenarti idazten lagundu zien argi bera,

historiako aurpegiak ilundu eta argitu zituen horrek

orain jotzen du plater urdinetan,

mahai-zapi zimurtuetan, gurutzaturiko ganibeta-sardexkan.

 

Tarte batean, gutako bat ohera igoko da

eta segituan bestea.

Gero gauaren azalaren azpitik sartuko gara,

kilometro batzuk uretan, behera eta behera

iluna eta mutua den hondorantz,

harik eta ametsen pisuak are beherago bultzatu arte,

eskisto eta xafla egiturazko arroken azpitik,

gosearen eta plazerraren estratuak baino beherago,

lurraren beraren hezur puskatuen barna,

ezagutzen dugun toki bakarreko hezur-muinerantz.

 

Billy Collins

The Art of Drowning (1995)

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07