blogak

High Alaitasuna, Poesia eta prozac

Oroimenaren botika

Morau, Hernaniko 1. emanaldian

Platonen Fedron, Sokratesek mito edo istorio txiki bat kontatzen du idazkeraren sorrerari buruz. “Oroimenaren eta jakintzaren botika” (phármakon, botika eta pozoia aldi berean antzinako grezieraz) izango delakoan asmatu zutela dio solasaldiak, baina ez da horrela Sokratesen aburuz: ostera, idazkerak sortzen duen konfiantzak ahanztura eragingo du, jendeak “zeinu arrotzen bidez gogoratuko baitira, ez beraiek barnetik, beren buruen bidez”.

Derrida edota Stiegler filosofoak ez daude Platonekin ados, jakina, eta nik ere ez dut sinisten zeinuak horren arrotzak zaizkigunik. “Gure buruen bidez” ikasten dugunean ere, kanpoko zeinuak halabeharrez behar ditugu. Idazketa (hots, irakurketa: ez dago bata besterik gabe) ez da gure benetako esentziaren gainean inposatu den beste geruza bat. Eledun animaliak garen heinean, ez dago ezer zeinuetatik kanpo. Hitza kulturaren euskarri nagusia delarik, kanpoan dagoenarekin komunikazioa behar dugu pentsatzeko, gizakiak izateko finean.

Horregatik idazten dut. Oroimenaren botikaren bila noa Platonen farmaziara. Bertan Platonek hamaika giltzarrapok gordeta zuen hitza nahi dut, zerbait gogorarazten duen hitza, zentzuduna, ahanzturaren kontrako erremedio gisa. Poesia.

Zentzu horretan, idaztea beti da terapia bat, komunikazioaren terapia. Saiatzen naiz ondo idazten, ahotsezko komunikazioan uneoro egiten ditudan ezinbesteko akatsak konpontzeko. Oroimena aktibatzeko idazten dut, hainbat gauza behar bezala gordetzeko. Barruan? Ez, kanpoan: kalean baita gure lehenengo eta azkeneko liburua.

Beraz, esperientzia gordetzeko eta, aldi berean, esperientzia aldatzeko idazten dut. Oroimena egiteko eta oroimena zuzentzeko.

Hortaz ari naiz hausnartzen gaur, Morauren “Egunsentiak alperrentzat” egitasmoko kantuak zuzenean entzun eta gero.  Zaintza, botikak, familia, idazketa eta irakurketa, esperientziari zentzu bat eraikitzeko ahalegina… gai guzti horiek txirikordatzen dituen kantu eder sorta. Luze joko du!

 

The post Oroimenaren botika appeared first on High alaitasuna.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07