blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Zarenaz harro, harrokeriarik gabe

 

        

Argitalpen honetan identitateari buruz hausnartzeko eskatu digute, zehazki lau alorren inguruan, eta banan-banan landuko ditut jarraian. Hasteko, identitateen garapenean curriculum ezkutuak duen garrantziaz aritzea eskatu digute eta sekulako eragina duela iruditzen zait. Gaiak ertz asko baditu ere, uste dut hezkuntzan (eta, hedaduraz, gizartean) oraindik oso erreferente zaharkituak direla nagusi genero-identitateari dagokionez. Are gehiago, identitatearen gaia konplexua denez, gehiegi edo sakonegi ez lantzeko joera dagoela. Horrek, ezkutuan bada ere, hegemoniaren alde egiten du identitatearen alor guzitetan, genero-identitatearenean barne. Nire ustez, lehenik eta behin, ahalegina egin behar dugu gure inguruan egoeraren (auto)diagnostikoa egiteko eta identifikatzeko non ditugun hobetzeko alor nagusiak. Gero, curriculum ezkutuaren alor horiek lantzeko proposamenak landu beharko lirateke taldean eta, akaso, horretarako formazio zehatza beharko genuke.

Bestalde, inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatu ditudanak azaldu eta erronkak nagusiak zerrendatuko ditut. Behaketaren laburpenari dagokionez, uste dut nire ikastetxean badaudela irakasle batzuk aktiboki saiatzen direnak lanketa sakona egiten. Horretarako, bereziki zaintzen dute lantzen dituzten edukietan askotariko erreferente kulturalak agertzea (adibidez, bertsolaritza lantzerakoan “Bollo bertso saioak”), historia irakasgaian identitateari lotutako ikuspegi queer-ak txertatzea (Katalina Erauso zer zen planteatzea ikuspegi kritiko batetik, esate baterako) edo eskolan inklusioa babesteko sinboloak zein arreta zentroei buruzko informazioa ikusgai jartzea (adibidez, irudiko Berdindu!).                              

Erronkei dagokienez aldiz, sistematizazioa da gure lehentasuna, alor gehienetan gertatzen zaigun bezala. Hau da, irakasle partikular baten borondatetik harago, ikastetxean minimo batzuk adostea eta jasotzea komeniko litzateke, bertan lan egiten duen edonork jakin dezan zein den abiapuntua. Hortik hasita, bestelako erronka zehatz hauek ere identifikatu ditugu:

  • Genero-estereotipoak hausteko ekintza espezifiko gehiago antolatu litezke. Horretarako, irakasgaietako batzuk integratzea tresna aproposa izan daiteke.
  • Arreta zentro, elkarte eta abarrei buruzko informazio gehiago jarri daiteke ikastetxean. Batetik, halako babesa behar duenak jakin dezan nora jo. Bestalde, horrek ikastetxea bera posizionatzen duelako babes horren alde eta, beraz, mezu hori bidaltzen dielako bertan dauden guztiei.
  • Eguneroko elkarbizitzan edo irakasgaietako edukiak lantzerakoan egiten diren lotura patriarkalak desegiteko gida bat prestatu liteke.
Bukatzeko, aurreko edizioetako ikasleen posten artean Oihanaren “Identitateaz” aukeratu dut. Orain arte iragan edizioetako postak aukeratzeko edukiak aztertu ditut gehienbat, baina oraingoan ikus-entzunezkoei erreparatu diet gehiago. Batetik, izugarri gustatu zait erabili duen irudia eta leloa, identitatea etengabe eraikitzen ari garen bidea dela bikain irudikatzen du eta. Bestetik, “Barre librea” telebista saioan gaia umoretik nola landu duten asko gustatu zait. Ume baten ikuspegitik eta umorea erabiliz ezin argiago heltzen da mezua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07