blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Tratu on (line)

Nork ez du sare sozialik gaur egun? Izan bai, baina erabili? Eta erabili, zertarako? Bizipenak konpartitzeko erabiltzen dituzte batzuek. Mendi buelta batean ateratako argazki politen bat ipintzeko, lagunarteko momentu barregarri bat erakusteko, etab. Ondo pasatzeko, azken batean. Baina ustez inofentsiboa den ekintza hori bera bihur liteke eraso iturri. Lodiegi zaudelako, argalegi, arropa desegokia daramazulako soinean, edo beste barik existitzen zarelako. 

Eta zer esanik ez argazki soil bat argitaratzetik zure iritzia adierazterako pausua emandakoan. Orduan bai. Iritzia duen emakumea, bai piztia arriskutsua. Orduan etorriko zaizkizu irainak, desprestijiatze ahaleginak, "puta"-k, "feminazi"-ak. Orduan boten mehatxuak.

Sare sozialetan ere egon behar dugu emakumeok. Plaza hori ere geure egin behar dugu, geure ahotsa entzun dadin, geure iritziak leku bat izan dezan. Baina nor dago prest bueltan etor litekeenari eusteko? Ez ahal da errazagoa oihan horretatik alde egitea?

Horren harira, lehengo asteko Berrian agertutako artikulu bat gomendatuko dizuet. Txakur Gorria sormen kolektiboko Ane Labakak idatzia eta Malen Amenabarrek marrazkiz lagundua. Zer pentsatu handia eman zidan. Euskal emakumeak sareetatik desagertzen ari omen gara. Ez omen da espazio segurua guretzat. Zelan izango da, ba, egunero eraso kabi bihurtu den (ez)leku bat eroso, bizigarri edo seguru? 

Modu baikorrean amaitzeko, dirudienez, Ines Osinaga musikariak ere artikulu hori berori irakurri zuen lehengoan. Ordura arte ez zuen sare sozialik erabiltzen. Artikulua irakurri eta zerbaitek klik egin omen zion. Emakumeok plazan egon beharra sentitu zuen, edo horrela azaldu zuen behintzat orain gutxi ireki berri duen Instagrameko kontuan, story bidez. Beraz, berri onak ere badaude. Ondo etorri, Ines. Elkarren indarra hartu eta plazara salto egiteko adorea hartzen dutenen presentziaz gozatu eta behar dutenean babestuko ditugu. Eman diezaiogun elkarri tratu on (line). Plazan segi dezaten, dezagun. 



jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07