blogak

Hezkidetzan esku hartzen

STOP indarkeria matxistei!!

 

Beste urteetako posten artean Arantzak egindako hauaukeratu dut. Uste dut astean zehar landu ditugun kontzeptuak argi azaltzen dituela, eta erabat partekatzen ditut ikastetxean lantzeko planteatzen dituen erronkak. Horretaz gain, gustatu zait egin duen irudia:

 

Aste honetan indarkeria matxistak izan ditugu aztergai. Nik bi ideia izan ditut bueltaka.

Lehenengoa, begirada zabaldu behar dugula eta arreta gizonengan jarri. Emakumeengan jarri izan dugu begirada, indarkeria matxista ez pairatzeko ardura gurea izanen balitz bezala: kontuz nondik zabiltzan, norekin zabiltzan, nola janzten zaren… Baina hori ez litzateke beharrezkoa mutilek indarkeriarik erabiliko ez balute. Beraz, jar dezagun fokoa mutilengan! Lan egin dezagun patriarkatuak ezarritako gizon eredua gainditzeko!  

 


Honekin lotuta dago maskulinitate berrien ideia. Martxoak 11n NAHIKO jardunaldietan Ibai Fresnedo entzuteko aukera izan genuen. Oraindik ez dago hitzaldia zintzilikatuta, baina hemen egonen da prest dagoenean. Berak adierazitako hainbat ideia ekarri nahi ditut:

  • Eskolan generoen arteko desberdintasun egoeraren atzean dagoen boterearen ulerkeran, banaketan, erabileran eta honen transmisioan eta erreprodukzioan azpimarra jartzearen beharra.
  • “Mutil” bezala sozializatutako haurrak zuzenean interpelatu behar ditugu eta parekidetasunaren paradigmaruntz ekarri.
  •  Neskekin zein mutilekin lanketa paraleloak egitearen beharra. Mutilekin bereziki berdintasuna eta parekidetasunaren arteko desberdintasuna landu behar da.
  •  Ulertarazi behar da pribilegioa vs erresistentzia/zapalkuntza.
  • Mutilen desboteretzeaz hitz egin beharko litzateke.
  • Mutilekin prozesu indibidualak zein kolektiboak abiatzearen beharra. Maskulinitatea bera ardatz izanen da banakoen garapena baloratzeko.
  •  Maskulinitatearen ideia beti izanen dugu presente, baina harago joan behar dugu beti. Mutilekin eginen dugun lanketa ezin dugu maskulinitatean bakarrik utzi. Maskulinitatea ez baita mutilen jabetza soilik, neskekin zein mutilekin landu behar da. Beraz, genero-adierazpenetan baino genero-subjektuetan jarri beharko genuke fokua.
  • Mutilen artean ez badiogu feminitateari lekurik ematen, berriz ere, femeninoaren ukazioa egin dezakegu.
  • Inguruan dauden gizon-eredu egokiak bilatu behar ditugu eta horiek eskolara hurbildu mutilek ikus ditzaten.
  • Ezin dugu maskulinitatea demonizatu, maskulinitate toxikoa da demonizatu behar dena.
  • Maskulinitate berriak aipatzen direnean badirudi puntu eta bereiz egiten dugula eta historian zehar ez dela egon beste maskulinitate eredurik. “Berri” adjektiboak ez du laguntzen maskulinitate arautzailetik atera diren gizon horiek aitortzen. Hobe, beraz, maskulinitate berriez hitz egin beharrean maskulinitate toxikoetan jartzea arreta.

Interesgarria iruditu zait Luis Boninoren "Hombres, masculinidad y violencia de género"hitzaldi hau ere:


Bigarren ideia autodefentsa feministarena da. Irakurgaian esaten den moduan:

Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa fisiko soila baino zerbait gehiago da, bertan jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen baitira. Era berean, autodefentsa feministak beldurrari beldurra nola galdu, gorputzaz nola jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta bakarka zein kolektiboki aurre egiteko moduak ere.

Beraz, autodefentsa feministak emakume bakoitzaren ahalduntzea, beldurrari aurre egiteko estrategiak garatzea eta emakumeen arteko sororitatea garatzea suposatzen du. Ekin autodefentsa feministari liburuxkaren aurkezpen-bideo honek lagundu dit honetan sakontzen:



Interesgarria ere beste bideo hau ildo horretan: Eraso sexistei aurre egitearen zilegitasuna.



Indarkeria matxistak bere gordintasunean ikus daitezke bi bideo hauetan:

La mujer cosa de hombres



Esperimentu soziala. Indarkeria igogailuan



 Aurreko guztia kontuan hartuta, ikasleekin lantzeko indarkeria matxisten aurkako lelo hau sortu dut:  


Mutilengan jartzen du ardura zuzena eta haiekin landuko nuke. Ibaik Fresnedok esan bezala, neskekin eta mutilekin batzutan lanketa paraleloak egin behar direla uste dut, eta hau da kasu horietako bat: lelo hori mutilekin maskulinitate toxikoa eta maskulinitate “berriak” lantzeko erabiliko nuke, eta aldi berean neskekin autodefentsa feminista landu.

Ikasleekin indarkeria matxistaren gaia lantzeko Urtxintxa eskolaren “Egun on printzesa” bideoa erabili izan dut (DBH):

 

Eta, bukatzeko, Carmen Ruiz Repullo Pepe eta Peparen istorioa kontatzen. Zein ongi adierazten duen nola igotzen den harremanetan indarkeria maila!!



jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07