blogak

Hezkidetzan esku hartzen

SARE SOZIALAK: USO ALA OTSO?



Egia esan ni ez naizela oso trebea sare sozialen erabileran. Atera diren heinean  ezagutu ditut eta garai batean  Facebook-ko profila egin nuen, baina ez dut inoiz erabili. Orain, noski,  erabat hedatuta dagoena erabiltzen dut, whatsapp, lagunen arteko harremanak errazten duelako. Argi daukat tresna horien erabilerak zenbait abantaila dakarrela, besteak beste, komunikazioa bultzatzea, ideiak eta iritziak konpartitzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari lagungarria izatea… Halere, arlo ilunak ere azpimarra daitezke: negozio itzela direla, gutxiengo baten kontrako kanpainak egiteko tresna bihur daitezkeela, protestatzeko esparru bat besterik ez dela pentsa daitekeela…

Sare sozialei buruzko hausnarketa ezezkor hori emakumeen egoerara eramatean  hainbat arrisku esanguratsurekin egiten da topo. 

Hasteko, gogora ekarriko nuke Azkue Fundazioaren[1] Emakumea ingurune digitalean artikuluan aipatutako arriskua, hots, emakumeek arrakala digitala pairatu dezakete. Arrakala digitala, baliabide teknologiko berriak lortzeko talde sozialen artean sortutako abantaila eta desabantaila egoerari esaten zaio. Ikus ditzagun datu batzuk egoera hori baieztatzeko: .EUS domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez izatea emakumeak, IKT alorrean lan egiten duten 7 milioi pertsonen artean %30 baino ez dira emakumezkoak, Euskal txiolarien artean %33 dira emakumeak…





Bigarrenik, Irantzu Varelak[2], kazetari eta militante feministak, ondorioztatu du sare sozialek indarkeria matxista erraztu eta horren ondorioak handitu egin ahal dituztela; izan ere, sare sozialek ezaugarri bereziak dituzte: hedatzeko gaitasuna (“txio bat ekaitz digital perfektua bilaka daiteke ordu gutxian”, mundu digitalaren iraunkortasuna (“eguneko 24 orduetan egon gaitezke konektatuta”), parte-hartzaile gaiztoak anonimoak ohi dira (“erasotzaileek sasi-izenak darabiltzate nahi bezala jarduteko”) eta sistemaren memoria (“bilatzaileetatik eduki iraingarriak kentzea prozesu nekeza, luzea eta garestia”).

Bukatzeko  Lucia Lijtmaerrek[3], Ofendiditos liburuaren egileak, bi kritika sakon egin dizkio sare sozialen erabilerari. Alde batetik, gizonezkoek aurpegia zuritzeko erabili lezaketelako: “maskulinitate berriekin lotuta dago, baina pose hutsa da, ondo geratzeko baino ez du egiten, ez benetako hausnarketarik egin duelako bere genero pribilegioen inguruan”. Eta beste alde batetik, argudiatzeari etengabe posizionatu beharrari baino indar gutxiago ematen zaiolako: “Erantzuteko espazioak behar dira, jakina, eta jendea informatu behar da. Oso zurrunbilo konplikatua da, eta nire ustez sare sozialek zerikusi handia dute. Sare sozialetan etengabe ari zara edukia sartzen, zure buruari buruzko formularioak betetzen. Egunero-egunero adierazten dugu zer pentsatzen dugun gauza bakoitzari buruz. Hausnartu ordez, etengabe posizionatu beharra dago, eta hori ez da batere interesgarria. Ez dago tokirik argudio edo arrazoiketa solidoagoak egiteko.”





jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07