blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Sare sozialak, hezkidetzarako tresna? (I)

Aste honetako irakurgaiek sare sozialei buruz ertz eta ikuspegi ezberdinetatik hausnartzen lagundu didate. Hona jaso ditudan hainbat ideia, apunte gisa gordeko ditudanak, aurrerago testu luzeago batean garatzeko: Hasteko, azken urteotan teknologiaren alorrean eman diren aldaketak iruditu zaizkit deigarri: nire buruan IKT besterik ez ziren arren (Informazio+Komunikazio Teknologiak), gaur egun HIKT esaten zaiela jakin dut (Harreman+Informazio+Komunikazio Teknologiak) eta hainbat egileren arabera IKTtik, EHTrako bidea egina dela jada:
Iturria: Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroko "Sare sozialetan murgiltzen" gaiko irakurgaia

Izendapenaren garapenean ikus daitekeenez, informazio eta komunikaziorako teknologiei hezkuntzarekin lotutako ahalmen eta helburu positiboak esleitu zaizkie (ikaskuntza, ezagutza, ahalduntzea, partaidetza, elkarlan hezkidetzailea), eta halako teknologia lortzeko lanean ari diren eragileak egon badauden arren, aurre egin beharreko zailtasunak ez  dira gutxi, izan ere:

Hala, irakurri dugu genero arraila presente dagoela ingurune digitalean (oinarrian dauden ikasketetatik hasita, erabiltzaileetaraino) eta patriarkatuaren eragina, jendartean bezala, teknologia digitalean ere agerikoa dela (Florencia Goldsmanek Pikara Magazineko artikuluan azaldu bezala, eta aldizkari digital horretan #InternetFeminista etiketapean topa daitezkeen artikuluetan ere). Hori horrela, teknoeszeptizismo eta teknobaikortasunaren arteko jarrerak topa ditzakegu hezitzaileen artean; eta, era berean, jarrera baikorrak eta ez hain baikorrak teknologia digital horren parte diren sare sozialekiko.
Baikorrek azpimarratzen dute sare sozialek konpetentzia digitala garatzen laguntzeko duten potentzialtasuna (bost azpikonpetentziaz osatu dago, Maite Goñik 10 minututan podcasteko saio honetan azaltzen duenez: alfabetatze mediatikoa, komunikazioa eta kolaborazioa, eduki digitalak sortzea, segurtasuna, arazoen ebazpena) eta sareotan egoteko beharra, parekidetasunaren eta aniztasunaren aldeko diskurtsoak zabaldu daitezen. Ezkorrenek, aldiz, sareek gorrotoa eta matxismoa zabaltzeko eta indartzeko ere balio dezaketela diote, algoritmoak kontrolatzen dituztenek (sareen oinarrian dauden enpresa ez-gardenak) mezuen irismena eta gure datuak kontrolatzen dituztela, eta erabiltzaileak mendeko bihurtu nahi dituztela beren negozioaren mesedetan.   
Ziberaktibismo hezkidetzailea beharrezkoa al da? Nire ustez, bai, dudarik gabe. Baina “kritiko” ere erantsiko nioke: ziberaktibismo hezkidetzaile kritikoa sareekiko eta teknologia digitalarekiko. Horretarako, oso presente izan beharko genuke Okupar las redes sociales del amo artikuluko hasierako Audre Lorderen aipua “nagusiaren tresnek ez dute sekula eraitsiko nagusiaren etxea” (hori konpontzeko bide bat sare sozial libreen alde egitea litzateke) eta, batez ere, presente izan zibermunduko aktibismoa hezur-haragizko aktibismoaren osagarri bat besterik ez dela. Nire ustez, oraindik, gure inguru hurbilenean (familian, lagunartean, lanean, kalean) dago hezkidetzaren aldeko gure eragin-eremu behinena. 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07