blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Little girls with dreams become women with vision

Hauxe da aste honetan aukeratutako leloa.

Teorian, legeek onartzen dute berdinak direla, eta eskubide berberak dituztela emakumeek eta gizonek, baina, praktikan betetzen al dira? Esan al dezakegu emakumeek gizartearen esparru guztietan erabateko eta bidezko parte-hartzea izateko oinarrizko giza eskubidea betetzen dela? Nik ezetz esango nuke.

Gainditu beharreko erronkak?

Nik erronka pare bat aipatuko nituzke, bi mailatan. Mundu mailan eskubide-berdintasunaren alde borrokatzea, eta bestea, hurbilago dagoena, berdintasunaren, errespetuaren eta tolerantziaren alde borrokatzen jarraitzea.

Bitartean, hezitzaile gisa, beste eguneroko erronka txikiak gainditzen saiatzea.

Aste honetan gomendatzen dizuet post hau. Oso ados nago Nagorerekin. Nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronkakazaltzen dira. 

Besteak beste, hauxek dira garrantzitsuenak:

1. Espazioak eta lekuak. Berdintasuna bilatu behar da: gelak, aldagelak, komunak, korridoreak, patioak eta aldaketak egiteko pausuak eman, proposamenak egin eta gauzatzen joan.

2. Materialak. Eskolan erabiltzen den materiala gertutik behatu, zer nolako ikus-entzunezkoak, irudiak… erabiltzen ditugun eta aldaketak egin behar badira, egin.

3. Presentzia femeninoa. Ikastetxeko eta kiroleko edozein esparrutan duten eginkizuna areagotzea.

4. Harreman pertsonalak. Ikasleekiko tratuari ere erreparatu, ea desberdin tratatzen ditugun neska ala mutil izan, denbora berdina eskaintzen diogun edo ez, hitz egiteko aukera berbera duten ala ez… 

Nire ustez, emakumeak gizartean duen ordezkaritza benetakoa izan dadin, beharrezkoa da aldez aurretik norberaren familia-, eskola- eta gizarte-testuinguruan txikitatik erabakiak hartu ahal izateko aukerak izatea.

Sentsibilizaziorako interesgarria suertatu zaidan ikerketa bat azaldu nahi nuke. Genero-berdintasunaren arloan egindako aurrerapenak motelegiak dira “Cerrando las brechas de género, es hora de actuar” txostenaren arabera (OCDE, 2017). Liburuak genero-arrakalak agerian jartzen dituzten adierazle batzuk aurkezten ditu.

iturria: ELGA

Genero-desberdintasunek bizitza sozialaren eta ekonomikoaren eremu guztietan eta herrialde guztietan mantentzen dira. ELGAko herrialdeetako emakume gazteek, oro har, gizon gazteek baino hezkuntza-urte gehiago lortzen dituzte, baina emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituzte ordaindutako lan batean parte hartzeko. Arrakalak handitu egiten dira adinarekin batera, amatasunak bezalako aspektuak oraindik eragin negatiboak izaten baititu generoaren araberako soldata-arrakaletan eta aurrerapen profesionalean.

Genero-desoreka dago, batez ere emakumeen irudikapenean eragin zuzena edo zeharkakoa duten arau eta tradizio patriarkalak errotuta daudelako. Ez dugu ahaztu behar munduan badirela oraindik emakumeak inolako eskubiderik ez duen lekuak.

Guztiontzako etorkizun iraunkorra eraikitzeak esan nahi du inor atzean ez uztea. Emakumeak eta neskatoak funtsezkoak dira gaur egun ditugun erronka garrantzitsuenei irtenbideak aurkitzeko. Gizarteak entzun eta baloratu behar ditu, beren etorkizunari eta gizadiaren aurrerapenari buruzko ikuspegiak eta hautuak islatuta gera daitezen. 

Ni, dena den, EMAKUME IZATEAZ HARRO!

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07