blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Jolastokiak eta espazioak ere, geureak dira!

 


Goiz erdia iritsi da eta EAEko eskola gehienetan antzeko zarata aditu daiteke: "trin,trin", "nio, nio" edo "piru, piru"; txirrina sumatzen da auzo osoan eta ume hordak lasterka entzun eta ikusi daitezke. Batzuk, esku artean baloia dutela, korrika joaten dira erdigunean dagoen futbol zelaira. Besteak, ordea, inguruan dauden espazioetan banatzen dira, talde txikietan. Marina Subirats (Katalunia, 1943) irakasle, soziologo eta hezkidetza adituak galdera hau luzatzen du: marraztu beharko bazenitu, zein generokoak marraztuko zenituzke batak eta besteak?

Bai, lehenengo taldeko gehienak mutilak izango lirateke eta, bigarrenekoak, aldiz, neskak. Subiratsek esaten duenaren arabera, honela erantzuten omen dute galdetuak izaten diren hezitzaile gehienek. 1970.urtean indarrean jarritako Hezkuntza Legeak eskolen menpe utzi zuen beren ikasleak generoz banantzea edo ez. II. Errepublikaren garaitik, hautu hau egitea ez zen posible, frankismoak generoz mistoak ziren eskolak debekatu baitzituen. Urte horretatik aurrera, beraz, egun ikusten ditugun ikastetxe gehienak eraikitzen hasi ziren.

1970.urterarte, neskek eta mutilek curriculum ezberdinak lantzen zituzten eskolan. Lehenengoentzat, josketa, sukaldaritza eta jarrera irakasgaiak nabarmentzen ziren. Bigarrenentzat, aldiz, zientziak eta letrak. Eskola mistoak sortzen hasi zirenean, guztientzat, ordura arte mutilena izan zen curriculuma gailendu zen, neskena ahanztera iritsi arte. Gauza bera gertatu zen jolastokiekin; mutilenak izaten zituzten kirol zerbitzuetan oinarritutako patioak zabaldu ziren eskola guztietara, neskenak zituzten belardi eta pasealekuak ia desagertu ziren arte. 20 urtetik gora daramatzate, besteak beste,  Luixa Rezabal (Donostia, 1964), Marian Moreno (Asturias, 1964) eta Amparo Tomé (Salamanca, 1946) hezkidetza adituak emakumeen jakintza eta espazioen deuseztapen hori salatzen eta haur guztientzat askeak izango diren guneak aldarrikatzen.Jarrain baliabide aberats batzuk:

  1. Balones fuera: Reconstruir los espacios desde la coeducación (Tomé eta Subirats)
  2. Berritzeguneak plazaratzen dituen zenbait baliabide:
    1. Eskoletako jolastokiak. Eraldatzeko proiektu parte-hartzaileak egiteko gida
    2. Komun bereziak. Hik Hasi 18
    3. Patio proiektua aurrera eramateko esku-hartze proposamena
    4. Patioa eraldatzeko gida
Pandora Miribilia elkarteak oso prozesu aberatsak jarri ditu martxan estatuan, hemen baten bideotxoa (Ixarren blog-eko sarreratik hartua, oso, oso gomendagarria irakurketa):


Patriarkatuak espazio publikoekin egiten duen bezala, eskoletan jolas garaian erabiltzen diren lekuetan ere nesken mugimendu askatasuna eta jolasteko toki galera ematen dira; txiki-txikitatik ikasten dugu emakumeok  zein den guri dagokigun espazioa. Badakigu ibili beharko ez ginatekeen lekuren batetik igarotzen bagara; baloiarekin jo gaitzaketela, bota egingo gaituztela edota iraindu egin gaitzaketela. Txiki-txikitatik dakigu, mutilak baloiarekin dabiltzan lekutik ezin garela pasa, zerbait gertatzen bazaigu, guri botako baitzaigu errua. Antzeko zerbait gertatzen da korridoreetan ere. Azpimarratzekoa da ere, jarrera disruptibodun mutilen aldamenean zenbatetan jartzen dituzten neska langileak, "honen portaera hobetzeko ardura emanaz".

Nire ustez, hauexek izan daitezke espazioen erabilera inklusiboa bultzatzatzeko erronakak:
  1. Informazio eta sentsibilizaio egoki bat diseinatzea mezua ahal bezainbeste hezkuntza komunitate osora zabaltzeko (kanpainia, moduak, jolasak, ipuinak, kantak...) 
  2. Hezkuntza ez-formal, GKE eta eskolen arteko aliantza sareak egitea guztion praktika onak elkarbanatu eta, kontrabando horretan oinarriturik, herria eta eskolaren arteko elkarrekintzaren bitartez ekintza plan parte-hartaileak diseinatzea
  3. Hezkuntza komunitatea osoaren borondatea eta prozesuak habian jartzeko denbora eskaintzea

Mugimendu Feministaren leloa kontuan hartuz,  "Gauak eta kaleak gureak direla" aldarrikatzen dugu aspaldidanik; eta zergatik ez diogu honi gehitzen: "jolastokiak eta eskolako espazioak noiz izango dira, orduan, gureak?" Sinbolikoaren balioa txikitatik ikasten dugunez, kaleak eta gauak geureak izateko, jolastokiak eta curriculum edukiak ere, hala izan beharko dute.




jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07