blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Harremanetan tratulari

 


Asko poztu nau aste honetako irakurgaia Amaia Lasaren aipu batekin hasteak, uste baitut euskal literaturan ahaztutako edo baztertutako egilea dela. Amaia Lasa lehenengoa ez bada, lehenengo euskal poeta feministen artean dago. Eta sekulako ekarpena egin badu ere, ez du mereziko lukeen adina itzalik eta horrek, nire ustez, misoginia eta matxismoa du erroan. Berrian Iñigo Astizek egin zion elkarrizketan horri buruz hitz egiten du eta titularretik da lapidarioa: "Idazten utzi ez, eta gure literatura intimista dela esan dute gero".

Eremu hezitzailean lantzeko erronken artean irakasleon ongizate emozionala nabarmendu nahiko nuke, baina ahalik eta gehien ekarrita lurrera, egunerokora. Adibidez, irakurgaian proposatu diguten bibliografian Hikhasiko elkarrizketa bat dago eta horrela hasten da: “ZEINTZUK DIRA HEZITZAILEON BEHARRAK? POZIK AL GOAZ LANERA?”

Irakasleon ongizate emozionalaren hariari tiraka, aipatu nahiko nuke Marisa Barrena Larruzeak motibazioa aztertu zuela, irakasleon motibazioa alegia, eta Argian argitaratuako elkarrizketa interesgarri batean hau adierazi zuen: “Nik motibazioan sinesten dut. Igual erratuta egon naiteke, baina nik hor ikusten dut gakoa, eta lan egin dudan urteetan askotan aipatu didate ikasleen motibazioa, baina nik beti heldu nahi nion beste muturrari: irakasleok zer motibazio daukagu? Gu motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa? Lau euskaltegitako ikasleekin bildu nintzen, eta ondorioztatu nuen irakasleen motibazioak eragin handi-handia duela, zalantza barik. Lan egin dudan urteetan ikusi ditut lankide batzuk oso motibatuta, eta beste batzuk, ordea, beste edozein lanetan ari balira bezala, bulegariak balira bezala. Nire ustez, ez da gauza bera”. Ados nago Marisarekin, ez da gauza bera.

Nire ustez, eremu hezitzailean landu beharreko beste ertzetako bat denboraren kudeaketa da. “Ordu asko eta denbora gutxi” deitzen zen 2010. urtean Emakundek martxoaren 8rako prestatu zuen kanpaina eta, hain zuzen ere, denboraren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi zuen, irakurgaian jaso bezala. Hori irakurrita, burura etorri zait duela urte batzuk egin genuen dinamika bat. Aukera izan nuen hainbat emakumerekin tailer bat egiteko eta, aldi berean, gizonak beste gela batean ari ziren tailerra egiten. Ariketetako batean bina erloju borobil handi eman zizkiguten eta eskatu ziguten gure egunerokoa, alegia egun arrunt bateko 24 orduak, deskribatzeko. Zehazki, eskatu ziguten erlojuan tarteak marraztu eta orduak zertan pasatzen genituen adierazteko. Adibidez: 8:30-17:30 lana, 17:30-18:00 etxera buelta, 18:30-19:30 erosketak egin…Gure artean alde handiak zeuden eta horren inguruko hausnarketa egin genuen. Gero, gizonezko taldearekin bat egin eta beraien erlojuak eta hausnarketak ikustean aldea ez, sekulako arrakala zegoela ikusi genuen. Luze joko luke azalpenak, baina orokorrean esan daiteke gizonek lanean ez bazen “beraientzat” ziren ekintzetan pasatzen zutela denbora gehien eta emakumeek, aldiz, “besteentzat” ziren gauzetan.

Denboraren erabilerari buruz EUSTATeko datuak agertzen ziren irakurgaian, baina horrek EAEra mugatzen du gure begirada eta Nafarroako zein Ipar Euksal Herriko errealitatea kanpo uzten dugu. Hortaz, Euskal Herriko ikuspegia izateko, interesgarria iruditu zait Gaindegia behatokiko datuak ekartzea. Batetik, Gaindegiak “Egitura heteropatriarkala: lan formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna” artikulua argitaratu zuen eta ondorio argia dakar: “Euskal Herrian egitura heteropatriarkalak sorrarazitako desorekak modu askotan neur daitezke. Lan esparru formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna, aipaturiko genero desorekak sortzeaz gain, emakumeentzat pobrezia iturburua ere bada zahartzaroan: alarguntasun pentsioa jasotzen duten euskal herritarren %96,6a emakumeak dira eta alarguntasun pentsioen %82a ez da hilean mila eurora iristen. Etorkizunean familiako zaintza ardurak medio lan profesionala utzi behar izan duten emakumeek ere pairatuko dute pentsio apalegien arazoa, behar baino goizago kotizatzeari utzi izanaren eraginez.”

Bestetik, “Bizikidetza eredu berrien gorakadan familia-politikak egokitzeko premia” artikuluak tratu onak gizarte politiken bidez sustatzeko proposamena (eta, hein batean, ereduak Ipar Euskal Herrian edo Europa iparraldean) dakar: “Bizikidetza eredu berriak eta biztanleriaren zahartze maila handia komunitate zaurgarrien profilak eta beharrak eraldatzen ari dira Euskal Herrian, eta norabide horretan, familia-politiken berregokitzapena premien atzetik doa. Guraso bakarreko familien, bakardade egoeran diren adinekoen, adinekoen zaintzarako zailtasunak izan ditzaketen familien, edo etorkin berrien (etxeguneetan masifikatzeko joera nabarmen batekin) ahuldade eta beharrei so egitea datozen hamarkadetako erronka da euskal gizartearentzat. Berrikuntza teknologikoa eta soziala bidelagun, Europa iparraldean badago non begiratu”.

Ikasleekin lantzeko bideo proposamena Bob Marley abeslariaren "I wanna love you" abestiaren bertsioa egitea litzateke. Musika eta ingelesa oinarri hartu eta letrak dioena landu ondoren bideoa egiteari ekitea litzateke proposamena, labur-labur. Hementxe eredu posible bat:

Bukatzeko, joan den urteko argitalpenen artean Amaiaren "HARREMANAK ZAINDUZ, TRATU ONAK BETI" aukeratu dut jaso duen materiala asko gustatu zaidalako. Gainera, ekofeminismoa eta zaintzaren etika uztartzen dituen Alicia H.Puleoren hitzaldia oso interesgarria iruditu zait.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07