blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Gizonkeria batua

Aste honetako sarreran, hizkuntza ez sexistai buruz arituko gara, eta motorrak berotzen hasteko, gai horren inguruan jorratutako kontzeptuak bilatzen hasiko gara ondoko letra-zopan.


Hizkuntza ez sexista gida bakarra aukeratzekotan, Euskararen erabilera inklusiboa aukeratuko nuke, batez ere, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik, euskara delako gure hizkuntza, eta nahiz ata askoren buruan egon euskara sexista ez den ustea genero gramatikalik ez duelako, gramatikatik haratago badago zer zuzendu; eta beste alde batetik, sexismoaz gain beste diskriminazio mota batzuk ere hizkeran islatzen dira eta oso kontuan izan beharrekoak dira: heterosexismoa, etnozentrismoa, arrazakeria eta kapazitismoa. Gida honetan, hauen inguruko erabilerei buruzko azalpen eta gomendioak ematen dira, eta genero binarismoa apurtzeko bideak ere aztertzen ditu. Esan beharrik ez dago zer nolako garrantzia duten bi alderdi hauek eremu hezitzailean. Irakasleok tentuz ibili behar dugu ikasleen aurrean erabiltzen dugun hizkerarekin (hizkuntzaren erabilera praktikoa) izan ere, sarritan, egunerokotasunean eta modu naturalean ematen ditugun azalpenetan ere, androzentrismoa eta genero binarismoa baitaude oinarrian. Esaterako, ikasle batek “amaginarreba” hitzaren esanahia galdetzen duenean, ohikoa da erantzutea “senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat”. Horrela definitzen baitzen, baina Euskaltzaindiak ere, mota honetako definizioetan aldaketen beharra somatu zuen, eta oraingo proposamena  “ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat” da. 
Hizkuntzaren jarrera ez sexista eta inklusiboa martxan jartzeko erronkarik handiena, hain errotuta dugun kultura patriarkalarekin apurtzea da, izan ere, hizkuntza kulturaren isla da eta kultura sexista bada, hizkuntzaren erabilera ere sexista izango da. Horregatik, gizarteak eboluzionatu ahala, hizkuntzek ere eboluzionatu beharra dute, euskarak barne, eta androzentrismoari aurre egitearekin, gizonkera batua ere alboratuko dugu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07