blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Genero-indarkeria etxean

Gaurkoan saiatu naiz genero-indarkeriaren gaia lurreratzen. Adibidez, indarkeria psikologikoari dagokionez, paradoxa moduko bat ematen dela iruditzen zait: nire inguruan ikusten dut zenbait emakume ari dela berdintasunerantza bidean ahalegin handia egiten, egunerokoan, eta, gizonezko bikotekideak dituztenen artean, batzuetan gizonak direla etengabe goraipatuak direnak, ez sekulako ahalegina egiten dutelako berdintasunaren alde euren egunerokoan, baizik eta ez direlako espero bezain matxistak edo inguruko gizonak bezain matxistak. Hau da, lan berberak egiteagatik emakumezko horiek ez dituzte inoiz hitz politik jasotzen. Aste honetan bertan eman den adibide batekin hobe ulertuko da: gizonak janaria prestatu du eta, bitartean, emakumeak etxea garbitu. Gero, lagun artean, emakumeari bota diote “zelako zortea duzun” gizonak janaria prestatu duelako eta maiz egiten duelako. Inork ez du baloratu emakumearen lana eta gizon horrek ere ez du adierazi berak zegokiona baino ez duela egin eta, gainera, bitartean emakumea ere ari zela lanean. Deserosotasun puntu batekin, baina gizonak hitz politak jaso ditu eta isildu egin da. Uste dut horrek indarkeria psikologiko bikoitza eragiten diola emakume horri: taldearena eta bikotekidearena. Isiltasuna, batzuetan, oso bortitza da. Uxue Alberdik elkarrizketa honetan horri buruzko hausnarketa egiten du:

“Isiltasun mota ezberdinak daude. Gauza bat da begietara begira, aldamenean isilik geratzea, pentsatzeko... atxikimenduzko isiltasuna. Hori sumatzen dugu batzuengan eta estimatzen dugu, denok behar ditugu isiltasun aroak. Baina beste isiltasun mota bat da ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea, gure bizipenei eta pentsamenduari garrantzia kentzea, propio ezikusiarena egitea, eta horretatik ere badago.”

Niretzat halako korapiloak askatzeko moduak elkarrekin bilatzea funtsezkoa da. Izan ere, emakume horrek egunerokoan frustrazioa pilatzen du, ahalegin guztia eginda ere feminismoan beti baititugu oraindik mila frente pendiente. Hau da, emakume horrek egunerokoan jasotzen duen mezu subliminala da: egiten duzun guztia ez da aski. Aldiz, bere gizonezko bikotekideak, objetiboki askoz gutxiago egin arren, egunerokoan goraipatzen dute eta jasotzen duen mezu subliminala da: ondo ari zara. Agian aldrebes izatea ez litzateke ideala, baina logikatik hurbilago egongo litzateke.

Indarkeriaren beste adibide bat etxebizitzaren “meloia” ireki eta berehala agertzen zait niri. Inguru hurbilean ditudan emakumezko gehienek etxea dute jabetzan (hipoteka ordaintzen ari dira edo beste moduren batean konponduta dute kontua) eta uste dut honen atzean badagoela indarkeria ekonomikotik askatzeko saiakera, hots “etxe bat norberarena” izateko ahalegina. Emakume horien artean:

o   Emakumezko bikotekidea dutenek: bi emakumeek dute etxea jabetzan edo beste nolabait konponduta dute etxebizitzarena, nork bere aldetik.

o   Gizonezko bikotekidea dutenek: etxea beraien kabuz lortu dute, dela momentu horretan bikotekidea baino egoera ekonomiko nabarmen hobea zutelako, dela momentu horretan bikotekiderik ez zutelako. Bi kasuetan gizona emakumearen etxean bizitzea adostu dute.

o   Bikotekiderik ez duten emakumeek: beraien kabuz lortu dute etxea izatea.

Badakit nire inguru hurbilena gizarte osoaren adibide eta, gainera, etxebizitza izatea bera gaur egun badela denen eskura ez dagoen aukera. Dena den, interesatzen zait nire ingurura begira egin daitekeen irakurketa, murritza dela jakin arren.

Uste dut nire inguruan gertatzen denak zerikusi handia duela emakume bati ezartzen zaion bizimoduarekin: emakumeak 25 urteak bete orduko argi izan behar du norantza bideratu nahi duen bere bizitza eta, beraz, espero da bizitza horretarako baldintzak sortzen hastea, tartean baldintza materialak, etxebizitza kasu. Horrek esann nahi du erabaki batzuk hartu behar direla (adibidez, epe motzean etxebizitza erostea ahalbidetuko dizun lan bat izatea, non bizi nahi duzun pentsatzea…), zenbait kontu lehenetsi eta beste zenbait bazterrean utzi. Hori dena espero da emakumeengandik eta ez gizonengandik (edo gizonengandik beranduago espero da, gutxienez).

Gainera, harrigarria da emakumezko bikotekidearen etxean bizi diren gizonek “ardura bat gutxiago” gisa bizi dutela egoera hori “etxarena konponduta”. Aldiz, pareko egoeran ikusi ditudan emakumeak larriago daude, “ezer gabe” daudela uste dute etxerik ez badute jabetzan, babesik gabe daudela bikotekidearen etxean bizi badira. Etxea jabetzan duten nire inguruko emakumeen artean ere “babes” gisa ikusten dute kontua, pasatzen dela pasatzen dela ere etxea beti izango baitute hor. Uste dut hor ahalduntze bat badagoela, independentzia ekonomikoa, baina aldi berean azpiratzea bistakoa dela. Zegatik ez dira gizon horiek “babesik gabe” sentitzen etxea jabetzan ez dutenean? Zergatik aurreikusi dute emakume horiek, ez soilik nolako bizimodua nahi duten, baizik eta baita bizitzarako B plan posible bat ere?

Euskadi Saria jaso duen Maite Mutuberriak hitz gutxi eta esanahi handiko liburu bat egin zuen 2018an eta horrela aurkeztu zuen:

“Izena eman nahi nion. Nola deitu hainbeste nekatzen ninduen horri? Dena zikintzen zuen oinazeari? Zer hitz jarri orban horri? Nire koadernoetara irauli ahal izan nuen, besterik ez. Eta izendatzen jakin gabe jarraitzen nuenez, lohia deitu nion.”

Lohia liburuak ilustrazioak biltzen ditu:


Nik uste dut genero-indarkeria ere lohia dela.




jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07