blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Egin klik hezkidetzaren iturri digitalean!

 

EGIN KLIK HEZKIDETZAREN ITURRI DIGITALEAN

Sare sozialen inguruko artikulua irakurri ostean, inongo zalantzarik gabe esan nezake kalteak baino gehiago onurak eragin ditzaketela. Izan ere, komunikaziorako baliabide apartak izatearekin batera, kooperaziorako ere ezinhobeak dira.

Aipatu berri ditugun onuretara iristeko, ordea, hezitzaileok —gizartean, oro har, zer-nolako garrantzia dugun jakinda—, borodatea jarri behar dugu nahitaez. Horrek esan nahi du, sare sozial digitalak gazteentzat bizi-eremu bilakatu diren honetan, sareen taxuzko erabilera sustatzeko hezitzaileok hauek erabiltzen gaitu behar dugula, modu profesionalean eta pedagogikoan. Modu horretan, Elizondok dioen moduan, ikasleei sare sozialetan konpetente izaten lagunduko diegu.

Joseba Gabilondok, gizarte hezkuntzan aditua denak, harremanak izateko modua izugarri aldatu zaigula dio, eta sare sozial digitalen eragina nabarmen dela horretan; izan ere, etengabe egoten gara konektatuta, eta besteen onespena jasotzeko pronto. Ezbairik gabe, denok gara zaurgarri —gehiago edo gutxiago —, dinamika horretan. Guztiz bat nator berarekin.

Ezin aipatzeke laga, baina, gaztetxoak helduok baino trebatuago daudela sareotan; halere, euren artean jazarpen dezente izaten direnez  —baita ikastetxeetan aurrez aurre ere —, garrantzitsua da genero-ikuspegia txertatzea. Ziberaktibismo hezkidetzailearen iturritik edaten hastea komeni da, beraz.

Bide horretan, sare sozial digitaletan trebatzearekin batera, hezitzaileok hezkidetzan trebatu behar dugu nahitaez, eta ikasleekin batera betaurreko moreak jantzi, besteak beste, indarkeria matxista eta sexismoa identifikatzeko, eta horien aurrean alternatiba egokiak sortzeko. Horrela eta jada badauden tratu onak agerian jarrita lortuko dugu tratu onen kultura zabaltzea.

Mozkor gaitezen, bada, hezkidetzaren iturritik edaten!


jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07