blogak

Han ere, katuak oinutsik

Infernuko ateak aspaldi ireki zituzten

Beste behin ere, Donald John Trumpek egindako adierazpenek mundua hankaz gora utzi dute, iritzi eta nazioarteko analisien lurraldea bederen; aho bete hortz hainbat nazioarteko analista; odola bero bero palestinar, arabiar eta musulmanen zainetan; eta baita, modu batera ala bestera, hango errealitatea gertutasunez bizi dutenena ere. Hala ere, Miren Osaren artikuluan hasiera hasieratik garbi azaltzen den bezala, “Agerikoa dena ofizialki iragartzeko ordua da”, esaldiak adierazpenaren edukia bera gainditzen du. Zera da AEBtako presidenteak esandakoa? Probokazio hutsa? Zonaldeko azkenengo gertakarien aurreko erreakzioa? Hamarkadetan zehar errotuz joan den joeraren azkenengo mugarria?

<a href="https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=63706267">https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=63706267</a>

Palestinaren bihotza

 

Probokazioetan aditua den Mr. Trumpen helburua hautsak harrotzea balitz… well done, Mr. Danger. Horrek bakarrik, dagoeneko ikusgai ditugun ondorioak ekarriko lituzke, baina, tamalez, honen atzean dagoena, aurrekaria eta izateko arrazoia, zirikatzeaz askoz haratago doa, alegia, estrategia osatzen du azken adierazpen honek, Ekialde Hurbilaren lurraldea AEBren interesera moldatu nahi duen proiektuaren estrategia.

 

Aspalditik datorkio AEBei Israelen sostengu politikoaren izaera. Salbuespenak salbuespen, John Adams AEBko bigarren presidentetik hasita aurki daitezke Israelen aldeko adierazpenak1. Baina ez da asmoa Estatu Batuetan bezala karismaren protagonismoa imitatuz presidente bakoitzak esan dituztenen zerrenda egitea, askoz esanguratsuak izan diren elementu estrukturalak argitara ekartzeak emango dizkigu errealitate hau ulertzeko gakoak.

 

Has gaitezke AIPAC (AEBetako Israelen aldeko lobbya) bezalako erakundeek baliatzen dituzten ustezko “partekatutako balioei” helduz, besteen artean “demokraziarenganako konpromisoa, legearen agintea, erlijio eta adierazpen askatasuna eta giza eskubideak” bai AEBek zein Israelek babesten dituzten balioak direla esatera ere ausartzen dira2. Artikulu honetan batak zein besteak historian zehar balio hauei eman dien garrantziari buruz sakontzeko espazioa eskaintzea berau gehiegi luzatzea suposatuko luke, baina esan beharrik ez dago bi herri hauen historiaren bilakaeran paralelismo ugari ezar genitzakeela, eta bakezaletasunak ez luke zerrendan lekurik izango. Izan ere, bien sorreran militarizazioa, espantsionismoa, biztanleria indigenarenganako mespretxua eta etengabeko biolentzia izan dira giltzarri, baita era berean planetako beste herrion zorigaitza ere.

 

Gaur egungo erlazioaren sinbiosi politiko-militarraren adierazgarririk argiena: AEBen zergen bidezko Israelen estruktura militarraren etengabeko sendotze eta finantzazioa. 2017 urte fiskalari dagokionez, Israelek 3,7 mila milioi dolar jaso ditu “aldebiko laguntza militarraren” izendapean. 10,1 milioi dolar, egunero, gastu militarretan xahutzeko, .3

 

Arlo politikoagoari helduz, Osloko akordioen eta amaigabeko etsipenen atala ireki beharrean gaude. Oraingo honetan, AEBen papera erabat baztertu gabe, Israelengan jarri beharko genuke pisurik handiena, baina baita nazioarteko komunitateari ohorezko aipamena egin ere. Aipatzekoa da Osloko Akordioen bezpera izango zen 1991ko Madrilgo Bake Konferentzian Israelen parte-hartzea ziurtatu ahal izateko, 1975an, NBEko Biltzar Orokorrak (Sobietar Batasunaren eta lerrokatutako gabeko estatuen babesarekin), sionismoa arrazismoarekin parekidetu izanaren ebazpena4. Esan gabe doa, Israelen ordezkariak ebazpenaren baliogabetzea behartu zuen.

 

Oslok biolentziaz beteriko garai amaigabeen bukaera suposatu behar zuen itxaropena ekarri zuen mundura. Negoziazioen hasierarako nahitaezkoa zen elkarrenganako aldebiko onarpena ezartzearekin batera, bi estatuen konponbidearen bidea erraztu nahi zuen 17 artikuluren bitartez5, hala ere, handik gutxira gatazkaren simetria eza berriz ere agerian geratu zen, besteak beste NBen Segurtasun Kontseiluak 242 ebazpena, alegia, IDF (Israelgo Defentsarako Indarrak) lurralde okupatuetatik atera behar izatearen baldintza ez zuen bete Israelgo gobernuak, eta gaurdaino horrela darrai.

 

Estatu Batuetako Camp Daviden, gaur egungo Autoritate Palestinarraren buru den Mahmoud Abbasek sinatutako akordioaren eszenaratzean, Bill Clintonen aurrean izan zen esku-ematearen irudi famatu hartako Yithazk Rabin eta Yasser Arafatek burutu zuten hitzarmena. Akordioen testuan ordutik oso korapilatsuak izaten jarraitu duten gaien konponbidea aipatzen zituen:

  • Segurtasuna. Batez ere, israeldarrena, 700 kilometrotan zehar luzatzen den harresia lekuko.
  • Mugak. Estatu esklusiboki judutarrak noiz arte atzeratuko du auzi honen ingurukoak?
  • Asentamenduak. Legez kanpoko koloniak, nazioarteko legediaren arabera, batzuk baita legedia israeldarraren arabera ere
  • Itzultzeko eskubidea. Palestinarrentzat aldarrikapen nagusienetarikoa
  • Jerusalemen estatusa.

 

barbed wire, Rodolfo Quevenco

Jo puntuan jarri du Trumpek Jerusalemen inguruko auzia, ez haatik bakegintzaren mesederako, bere adierazpenetan esan bezala. Al Quds-en bisitari bezala egun bakarra emanda ere, oso begi-bistakoa da “segurtasunaren” ardura zeinek kudeatzen duen: polizia uniformeduna nonahi, jagoletza sistemak, hesiak,… baita hiriaren mendebalde eta ekialdeko desberdintasuna. Mendebaldean, israeldarrak, batzuk armak zintzilik daramatzatela, eguneroko bizitza normaltasun osoz bizitzeko aukera eskainiz… arabiarra ez den ororentzako; ekialdean, palestinarren balizko lurraldean, indar armatuen eta poliziaren presentzia agerikoagoa izateaz gain, bestelako komunitatea eraikitzeko aukeren eskasiak beste aldearekiko konparazioak baliogabetzen ditu. 1967tik Israelek Zisjordania, Gaza, Golango Altuak, Sinaiko penintsula eta Ekialdeko Jerusalem okupatu zituenetik, egunerokotasunean pairatu behar izan dute Palestinaren hiriburua, erlijio monoteisten erdigunea. Hain zuzen horregatik, erlijio desberdinentzat daukan garrantzia kontuan hartuta, oreka politikoa mantentzeko, nazioarteko kudeaketa sistema bereziaren agintepean uzteko proposamenari Israelek, berriz ere, muzin egin zion eta bere administrazioa derrigortu zuen. Orduz geroztik, mugarri politiko honek denboraren pisuaz ezarri du nazioartean Jerusalem bai Israel zein Palestinaren hiriburutzat hartzea, praktikan ordea, Israel da hiria eta inguruetan legea egin eta betearazten duena, herrialdearen osoaren lagina balitz bezala, eta judaizazioaren eredua ezarriz. Hortaz, Israel/IDFen zatarkeria batetik, Autoritate Palestinarraren omisioagatik, Jerusalemgo biztanleria palestinarra babesgabetasun osoan bizi izan ditu azken bost hamarkadak.

 

Abagune honetan, sinbolikoki besterik ez bada ere besterik gertatu ez baina bi estatuen konponbidearen ehorzketa ofiziala eman den honetan, aukera gutxi eta zailen artean hautatu behar du ekinbide APak. 1967tik geroztiko Jerusalemgo okupazioaren zilegitasuna sendotu du Trumpen administrazioak, baita palestinarren eskubideei muzin egiten diela argi eta garbi aditzera eman ere. AEBengandik ez dute laguntzarik jasoko, ezta Europar Batasunarengandik ere. Palestina, de facto, Israelen menpe dago. Azken 70 urteotako istorioa.

 

https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=29652325

Al Aqsako meskita

Abbasek, bere partetik, orain bi urte NBEren Biltzar Orokorrean palestinarrak Osloko Akordioen ebazpenetara lotuta ez zeudela adierazi zuen, israeldarrek behin eta berriz errespetatzen ez duten akordiorik ez zutelako bete behar aipatuz6. Oraingoan, AEBen bake prozesuko bitartekari papera bertan behera geratzen dela aditzera eman du7. Orain, aurrekoan bezala, honek guztiak suposatzen duena praktikan jartzea besterik ez du egin behar. Trumpek palestinarrei eman ziezaiekeen gauza bakarra eman berri die: etorkizunaren irudia, argi asko, konplexurik gabe. Honen aurrean ordea, herri palestinarrak badauka alternatibarik, aurreko udan desobedientzia zibilaz ekin zioten marra berdeko alde bietan, hain zuzen, Jerusalemgo Haram al Sharif-en, Al Aqsa meskitara sartzeko Israelek aldebakarreko neurriak inposatu zien, sarbidea eragotzi eta murriztuz. APak ez zen mugimendu honen partaide izan eta erlijio buruak izan ziren herriaren matxinadaren lekukoa hartu zutenak. Beste behin ere palestinarren mobilizazio eta erresistentzia gaitasuna agerian.

 

Oraingoan ere, azkenengoz 2014ko udan garatutako azken sarraskian (Hegi Babesgarria) bezala, elementu erlijiosoak sekulako garrantzia hartzen ari du. Orduan Hamasek kapitalizatu zuen erresistentzia. Gaur Hamas-Hezbollah-Iran ardatzak inoiz baino interes handia pizten duen momentu honetan, Siriako gertaerak direla medio, protagonismo handiagoa izango duela aurreikus daiteke, Iranetik bertatik jarrera desberdinetako mezuak zabaltzen ari direlarik8. Dena dela, palestinarrak dira beste behin ere guzti honen ondorioak pairatuko dituztenak, lerro hauek idatzi diren momentuan hildako bi eta 700etik gora zauritu eragin dituzte okupazio indarrek9.

 


1. Bai, Bilboko Foru Aldundiaren eraikinaren parean dagoen John Adams bera. Ferroletik zetorrela Urduñatik Euskal Herrira sartu omen zenak hau zioen 1819ko martxoan Israeli buruz: “… ehun mila israeldar, Judearako bidean, berau menperatu eta zure nazioaren herriaren nagusitasuna berrezarriz […] zinez desio diet judutarrei Judean nazio independientea”

GLATT, Benjamin. 2016ko urriaren 30a. Second US president John Adams’s dream for Israel. The Jerusalem Post

 

2. https://www.aipac.org/learn/us-and-israel/shared-values

 

3. AEBetako Kongresuko Ikerketa Zerbitzuko txostenaren araberako datuak. Honen eta askoz datu gehiagoren berri izateko:

http://ifamericaknew.org/stat/usaid.html

U.S Foreign Aid to Israel (PDF)

 

4. NBEko Biltzar Orokorrak 30. saioan adostutako ebazpenak

3379 ebazpena

 

5. 1993ko Osloko Akordioak (PDF)

 

6. Adierazpenaren bideoa https://www.nytimes.com/2015/10/01/world/middleeast/mahmoud-abbas-palestinian-authority-un-speech.html

 

7. http://www.jpost.com/Breaking-News/Abbas-US-withdrew-its-role-as-mediator-in-peace-process-517226

 

8. “Khamenei Ayatollah-k bake zubiak eraikitzeko mezua luzatzen dio mendebaldeko gazteriari”

IRGCko komandanteak israeldarren hilerritzat jotzen du Jerusalem

 

9. Gaza eta Zisjordaniako beste herrietan bezala, Belenen ere, zoriontsuak baino, arduratzeko modukoak izango dira aurtengo Gabonak: https://electronicintifada.net/blogs/maureen-clare-murphy/palestinians-killed-world-protests-over-jerusalem

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07